Berriak Segurtasuna

Euskalmetek oso lehortzat jo du, oro har, uztaila, eta ia muturreko meteorologiako aldirik gabea izan da

2021-08-02
  • Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, Donostialdea eskualdeak soilik izan ditu ohiko prezipitazio-balioak
  • Eguneko tenperaturen bilakaerari erreparatuta, ikus daiteke egun hotzak nagusitu direla, egun beroen gainetik

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak oso lehortzat jo du uztaila barnealdean eta lehortzat itsasertzeko eskualdeetan; dena dela, normaltzat jo du Gernika-Bermeo eta Donostialdea eskualdeetan. Horrez gain, ia muturreko meteorologia-aldirik gabea izan dela adierazi du, salbu eta hilaren 5ean isurialde kantauriarrean izandako tenperatura handiak eta hilaren 22an trantsizio-eremuan eta Ebroko ardatzean izandako tenperatura handiak.

Euskalmeten arabera, uztaila oso hil lehorra izan da, Donostialdea eskualdean izan ezik. Eskualde horretan pilatu da prezipitazio gehien (Eskas 141 l/m², Añarbe 108,2 l/m², Miramon 88.2 l/m² eta Ereñozu 87.8 l/m²).

Beste muturrean, isurialde mediterraneoaren zati handi batean, ez dira 10 l/m²-ak gainditu, eta zenbait puntutan ez du apenas euririk egin (Nanclares 0.3 l/m²,  Subilla 0.5 l/m², Abetxuko 0.6 l/m² eta Paganos 0.7 l/m²). Inguru horretan egin ohi duen prezipitazioa baino % 20 prezipitazio gutxiago egin du. Mende honetako bigarren edo hirugarren uztailarik lehorrena izan da, 2005ekoaren ondoren, eta Arabako Errioxan 2009koaren ondoren ere bai (prezipitazioa 0 l/m² izan zen).

Euri-egunen (≥ 1 mm) kopurua oso txikia izan da, 6 edo 7 egunetan egin du euria isurialde kantauriarrean eta are gutxiago isurialde mediterraneoan, zero egun izan dira puntu jakin batzuetan. Nolanahi ere, bi egun horietako bitan, hilaren 12an eta 13an, oso kopuru handiak pilatu ziren (≥ 30 l/m²). Izatez, hilaren 12an 20 l/m² tik gora bota zuen Gipuzkoako ipar-ekialdeko mendietan (Eskas 30.8 l/m², Añarbe 27.7 l/m², Miramon 22.9 l/m² eta Almike 19.9 l/m²).  

Antzeko zerbait gertatu zen hilaren 13an; egun horretan, ordea, gehiago banatu zen isurialde kantauriarreko haranetatik (Añarbe 36.6 l/m², Eskas 29.6 l/m², Lasarte 27.6 l/m², Oleta 11.6 l/m², Sangroniz 10.2 l/m², eta Zornotza 10.2 l/m²).

Uztaileko batez besteko tenperaturak hotzak edo oso hotzak izan dira itsasertzean, eta barnealderantz normalizatuz joan dira, lurralde osoan antzeko batez besteko balioekin. Kostaldean 19 ºC ingurukoak izan dira, Arabako Lautadan 18 ºC-koak, eta Arabako Errioxan 20 ºC-koak; gutxi gorabehera 1981-2010 aldian Euskal Autonomia Erkidego osorako batezbestekoa baino 0,4 ºC hotzagoak. Mende honetako datuei erreparatuta, laugarren uztail hotzena izan da —2002ko uztaila izan zen hotzena—. Eguneko tenperaturen bilakaeran ikusten denez, egun hotzak beroak baino gehiago izan dira. Egun beroak hilaren hasieran eta hilaren 20aren inguruan izan dira.

Hilaren 5ean tenperatura maximoak 30 ºC-tik gorakoak izan ziren lurralde osoan, kostaldean eta mendietan izan ezik. Isurialde kantauriarreko egunik beroena izan zen, isurialde kantauriarreko haranetako puntu askotan 35 ºC-tik gorakoak izan baitziren (Sodupe 36.6 ºC, Elorrio 36.4 ºC, Mungia 36.1 ºC eta San Prudentzio 35.6 ºC).

Isurialde kantauriarrean tenperaturek pixkanaka gora egin dute hilaren 12tik aurrera —egun hori izan zen hileko hotzena— hilaren 22ra iritsi arte, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoan baliorik handienak erregistratu ziren egunera arte (Zanbrana 38.5 ºC, Kanpezu 38.4 ºC, Espejo 38.2 ºC, Nanclares 37.6 ºC, Moreda 37.5 ºC eta Arkauti 36.8 ºC).

Uztailean erregistratutako muturreko eguraldiko aldiak ez dira oso adierazgarriak izan. Segurtasun Sailak abisu horia eman zuen hilaren 22an muturreko tenperatura altuengatik eta abisu horia sute-arriskuagatik Trantsizio Zonan eta Ebroko Ardatzean. Hilaren 23rako berriro eman zen sute-arriskuaren ondoriozko abisu horia bi zona horietarako.

2 iruzkin
  • 2021-08-03

    Eta ez dezatela ukitu klima-aldaketaren fenomeno kaltegarririk aseguruaren estaldurarik gabe jabetzaren finantzak murriztu eta hirigintza-arauak ez betetzea.

  • 2021-08-03

    Y que no toquen fenómenos adversos cambio climático sin cobertura del seguro mermen las finanzas de la propiedad con posibles impagos incumplimiento normas urbanísticas.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko