Berriak Osasuna

Euskadiko 12 urtetik gorako biztanleen % 70ek txertaketa-jarraibide osoa du

2021-08-03

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak prentsaurrekoan iragarri duenez, gaur egun, Euskadin, txertatzeko adinean dauden pertsonen % 70ek dagoeneko osatu dute COVID 19 txertoaren aurkako prozesua. Zehazki, 1.384.834 euskaldunek jaso dute immunizaziorako beharrezko dosia. Gainera, 12 urtetik gorako biztanleen % 76k, gutxienez, lehen dosia jaso du.

 Osasun sailburua, halaber, pozik agertu da 60-69 urte bitarteko ia kolektibo osoari txertoaren bigarren dosia eman zaiolako.

 Gotzone Sagarduik hitzordua hartzeko deia egin die oraindik txertatzeko hitzordua hartu ez dutenei; izan ere, gaurtik iraileko lehen astera 22.000 hitzordu baino gehiago daude libre. Bereziki haurdun dauden emakumeei luzatu die eskaera hau. Gaur egun, Euskadin, haurdun daudenen % 45ek jarraibide osoa du edo txertaketa-prozesuan dago.

 Egoera epidemiologikoari dagokionez, atzo 907 kasu positibo erregistratu ziren egindako 9.567 diagnostikoetan. Oinarrizko birsorkuntza tasa (R0) 0,89koa da. Egoeraren eragina ospitaletan gora egiten jarraitzen du: zehatz mehatz, atzo 56 pertsona ospitaleratu zituzten, eta ZIU unitateetan 63 pertsona daude. Hori dela eta, Gotzone Sagarduik birusa ez zabaltzeko prebentzio neurriak mantentzeko deia egin dio gizarte osoari.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak