Berriak Segurtasuna

Ekintza prebentiboak “besarkada solidario” deituriko ebasketei aurre egiteko

2021-08-02

Ertzaintzak, Udaltzaingoarekin batera, adinekoek batik bat jasaten dituzten “besarkada solidario” edo “besarkada maitekor” deiturikoei aurre egiteko zenbait prebentzio-neurriren berri eman nahi dute. Aholku horiek biltzen dira Segurtasun Sailak udako sasoi honetan ematen dituen gomendioen barruan.

 

Modus operandiaren deskribapena

Besarkada solidarioa emakumeek egin ohi duten ebasketa-teknika bat da. Biktima potentzial batengana hurbiltzen dira, normalean adinekoa eta bakarrik doana, baina batez ere lepoan edo eskumuturretan baliozko objektuak daramatzana. Berehala biktima engainatzen saiatzen dira; horretarako biktima ezagutzen duten itxurak egiten dituzte, edozein motatako informazioa eskatzen dute, edota sexu-faboreak eskaintzen dituzte. Distrakzio-elkarrizketa horretan, biktimak eskuetatik eta besoetatik heldu edo besarkatzen dituzte, lepokoak, eskumuturrekoak, erlojuak edo baliozko beste edozein objektu bilatzearren.

Talde antolatuak

Ebasketa egiten duten pertsona horiek Ekialdeko Europako jatorria duten talde kriminaletako azken kate-maila dira. Talde horiek modu antolatuan jarduten dute, eta aldian-aldian aldatzen dute kokalekua Estatu osoan. Erasotzaileak emakumeak izan ohi dira eta beti izaten dute ibilgailu baten babesa. Normalean, nazionalitate bereko gizonezko batek gidatzen du ibilgailua, eta gertutik jarraitzen du emakumea, ebasketa-saiaketak huts egiten badu edo biktima lapurretaz konturatzen bada, emakumea ibilgailura igo eta handik ihes egin dezan.

Ohikoa da ebasketa bat egiten dutenean, ebasketa egin duten udalerritik alde egitea, eta beste batera joatea, beste biktima baten bila. Bilatzen duten biktima mota hori ibiltzen den lekuetan egin ohi dituzte lapurretak: kale komertzialetan, parke publikoetan, erlijio-zentroen inguruetan, hirugarren adinekoen egoitzen inguruetan edo erretiratuen elkarteen, geriatrikoen eta osasun-zentroen, besteak beste, inguruetan. Hori bide publikoei dagokienez, atarien barruan edo igogailuetan ere egiten baitituzte erasoak.

 

Prebentzio-jarduerak

Ertzaintzak eta Udaltzaingoak delitu horiei aurre egiteko prebentzioarekin lotzen diren ekintza hauek gomendatzen dituzte:

- Eremu publikoan balio ekonomiko handiko bitxiak edo erlojuak beharrezkoa ez den nabarmenkeriaz erakustea saihestu.

- Gure espazio pertsonala inbaditzen duten pertsona ezezagunez ez fidatu, batez ere efusiboegiak eta maitekorregiak badira. Ez onartu kontaktu fisikorik.

- Ahal den heinean, ez ibili bakarka kale komertzialetatik, parke publikoetatik, erlijio-zentroen inguruetatik eta hirugarren adinekoen egoitzen, erretiratuen elkarteen eta osasun-zentroen inguruetatik.

- Baliozko objektu horien itxierak berrikusi, eta, akatsak dituztela antzemanez gero, konpondu edo ordeztu. Balio handieneko objektuetan komeni da, itxiera edo lotura osagarri bat ere instalatzea.

- Horrelako erasoren bat izanez gero, edo horrelako erasoren baten lekuko izanez gero, deitu berehala 112 larrialdietako telefonora, eta saiatu pertsona susmagarriaren ezaugarri fisikoei buruzko datuak ematen, eta, ahal bada, ihesaldian erabilitako ibilgailuari buruzkoak.

- Azkenik, komeni da balio handieneko objektuen argazkiak gordetzea, objekturen bat lapurtuz gero, salaketa egitean objektuaren argazkia gehitzeko.

2 iruzkin
  • 2021-08-04

    Kontuz, halaber, saltokietan ordaintzera joatean pribatutasuna arriskuan jartzen dute mugikorren aplikazioekin; izan ere, besteen lagunak ikusten dituzte, gailua non gordetzen den, eta gero beste leku batean lapurtzen edo lapurtzen saiatzen dira; izan ere, gure ohiturak aztertzen dituzte, eta, gero, beste kontinente batzuetan zirkulatzen jartzen dute ia arrastorik gabe, edo bigarren eskuko edo Internet bidezko merkatu-balioko piezak hartzen dituzte piezaren jatorria eskatzen ez denean.

  • 2021-08-04

    Ojo también al ir a pagar en comercios guarden cola con privacidad en riesgo con aplicaciones de móviles al ver amistades de lo ajeno dónde se guarda el dispositivo para luego en otro lugar tratar de hurtar o incluso robar pues estudian nuestros hábitos estas personas luego lo ponen en circulación en otros continentes sin apenas rastro o cogen piezas de valor mercado de segunda mano o por internet cuando no se exigiera procedencia de la pieza.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan