Berriak Segurtasuna

Ertzaintzak Bilbotik droga-trafikoan aritzen zen nazioarteko erakunde kriminal bat desegin du

2021-07-31

Lau pertsona atxilotu, eta 22 kilogramo heroina konfiskatu dituzte

Ertzaintzak azken orduetan Bilbotik substantzia sorgorgarriekin trafikatzen zuen sare kriminal bat desegin du Bizkaian. Polizia-operatiboaren ondorioz, erakundearen arduraduntzat jotzen diren 50 eta 48 urteko bi gizonezko atxilotu zituzten atzo, ostirala, eta gaur, larunbata, epailearen esku utziko dituzte Auzitegi Nazionalean. Atzo epailearen esku jarri zituzten sare kriminal bereko beste bi pertsona. Droga-trafikoaren aurkako operazio horren barruan, 22 kilogramo heroina inguru eta diru kopuru handia konfiskatu dituzte. Ikerketa Frantziako Polizia Judizialaren Zuzendaritza Nagusiarekin elkarlanean egin da.

Ertzaintzak urte honen hasieran jarri zuen abian Bizkaian erakunde kriminal hori desartikulatzeko aukera eman duen polizia-operatiboa. Droga-trafikoaren inguruan egindako ikerketen barruan ustez arlo horretako delitu-jarduerak egiten ari ziren bi gizon identifikatu ondoren abiarazi zen operatibo hori

Une horretatik aurrera, zaintza- eta kontrol-dispositiboa antolatu zen susmagarrien inguruan, eta, horri esker, jakin zen pertsona horiek Bilbon kokatutako droga-trafikoko nazioarteko sare baten parte izan zitezkeela eta sare horrek Frantzian behintzat loturak zituela.

Izan ere, Baionako (Frantzia) Auzitegi Judizialak ikerketapean zeuden pertsona horien aurkako nazioarteko Europako Ikerketa Agindua eman zuen martxoan. Itxuraz bi susmagarri horiek lotuta egon zitezkeen 2021eko urtarrilean droga-trafikoaren aurka egindako operazio batekin. Frantziako Polizia Judizialaren Zuzendaritza Nagusiak (OFAST) egindako operazio horren barruan, nazioarteko erakunde kriminal bateko Frantziako azpiegituraren parte atxilotu zuten. 

Bi susmagarriak nazioarteko sare horretan nahastuta egon zitezkeela egiaztatuta geratu zenez gero, Ertzaintzak OFASTekin lankidetzan ikertzen jarraitu zuen, eta, elkarlanean egindako ikerketei esker, atzo, ostirala, atxilotu zituzten 48 eta 50 urteko bi gizonezkoak.

Atxiloketen ondoren, eta baimen judiziala eskutan, egindako sarreretan eta miaketetan, 22 kilogramo heroina eta 10.000 euro inguru konfiskatu dira.

Era berean, operazio horren barruan, atzo miaketak egin ziren ustezko trafikatzaile horiek egon ohi ziren ostalaritza-establezimendu batean, eta bertan beste bi pertsona atxilotu zituzten, haien esku salmentarako prest zeuden substantzia sorgorgarria zuten bilgarri kopuru handia aurkitu ondoren.

Azken bi pertsona horiek atzo jarri zituzten epaileen esku, polizia-dependentzietan dagozkion eginbideak amaitu ondoren. Sareko bi arduradunak, berriz gaur, larunbata, eramango dituzte Auzitegi Nazionaleko agintari judizialen aurrera.

2 iruzkin
  • 2021-07-31

    Zigor bat lortzen badute sare mafioso honek, inguruaren suntsiketa eta gizarte degradazioa kontzientziarik gabe, eta morroia arriskatzen bada sarrera eta irteerarik gabeko klan batean sartzea, espetxea edo dakiena izan ezik, heriotza.

  • 2021-07-31

    Una pena consigan clientela esta red mafiosa destrucción del entorno y degradación social sin conciencia y arriesgarse el tipo entrar en un clan con entrada y sin salida salvo la cárcel o quien sabe, la muerte.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan