Eusko Jaurlaritzak babes bereziko kultura-ondasun izendatu du Asparrenako (Araba) Marutegi gaztelua, gune arkeologiko kategoriarekin

2021-07-30

Gobernu Kontseiluak Arabako Asparrenako Marutegi gaztelua babes bereziko kultura-ondasun izendatzeko dekretua onartu du aste honetan, gune arkeologiko kategoriarekin.

Marutegiko gaztelua, bere izena daraman mendigune harritsu baten tontorrean dago, eta ondo mugatutako bi esparru ditu. Alde batetik, behealdean, eraikin handi samar baten aztarnak daude, 31 metro luze eta 12 metro garai, 1,5 metroko lodierako hormekin, harresi gisa espazioa itxiz. Beste alde batetik, goiko esparru batean daude dorrea, zaintza-talaia eta gotorlekuaren azken defentsa. Gazteluaren barrualdeak bi maila zituen. 

Marutegiko gaztelua, Portillakoarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko Erdi Aroko gaztelu bakanetakoa da. Arkeologia-gune hori aparteko garrantzia duen ondasuna da, ikerketarako eta dibulgaziorako aukera handiak baititu eta ondare-balio garrantzitsuak biltzen baititu, hala nola: 

  • Gaztela eta Nafarroako erresumen arteko mugako gazteluetako bat da, Arabako Erdi Aroan. Gaztelu multzo hau, elementu monumentalak dituen arren, ez da oso ugaria.
  • Aztarnategiaren egoerak garai hartako elementuak berreskuratzeko aukera ematen du.
  • Okupazio-eredu ez autonomoa da, baizik eta gaztelu-sare bat osatzen du, non guztiek betetzen duten erresumaren defentsa- eta zaintza-funtzioa, defentsarako eta lurralde-egituraketarako katean maila bat gehiago izanik.
  • Dimentsio txikiak dituenez, osorik landu daiteke, eta erraztu egiten da ikerketa, balioa ematea eta zabaltzea.
  • Kokapen horiek estratigrafia gutxi izan ohi duten arren, gaztelua ondo aztertzeko moduko egiturak ditu. 

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Euskal Kultura Ondarearen Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroan inskribatuko du Marutegi Gazteluaren Eremu Arkeologikoa, eta babes bereziko kultura-ondasun izendapenaren onarpena jakinaraziko die Asparrenako Udalari, Arabako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak