Next Generation funtsek jasangarritasun turistikoaren aldeko apustua indartuko dutela azaldu du Javier Hurtado sailburuak

2021-07-30

Onda Cero irratian egindako elkarrizketa batean, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok azpimarratu du sailak Euskadi dibertsifikatuaren aldeko apustua egin duela, turismo arloko kalitatezko eskaintza lehiakor eta jasangarriarekin, jasangarritasun turistikoko lurralde-planek indartuko dutena. Plan horiek Next Generation funtsen bidez finantzatzen dira, Euskadi helmuga gisa aberasten lagunduko dutenak.

Sailburuak azaldu du, halaber, zer inbertsio egingo diren Euskadin Espainiako Gobernuaren funtsekin, Xacobeo Plan Nazionalaren bidez. Plan horrek 6,5 milioi jarriko ditu Donejakue bideko hainbat eraikin eta monumentu-multzo birgaitzeko eta modernizatzeko. Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren Berpiztu programaren bidez, lehentasunezko jarduketa-eremuetan digitalizazio-, sustapen- eta dinamizazio-jarduerak egin ahal izango dira, 5,5 milioiko zuzkidurarekin.

Osasun egoera ikusita, sailburuak aitortu du turismo, ostalaritza eta merkataritza sektoreko profesionalek lan handia egin dutela neurriak ezartzeko orduan, eta ziurtatu du Euskadi ingurune seguruak dituen helmuga segurua dela, baina "zuhurtziaz" jokatu behar dugula.

Sailburuak gogora ekarri du irailean onartuko den gaueko aisialdirako laguntza-programa berria, 12 milioi ingurukoa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren erresistentzia-planaren 100 milioitik gorako programari gehituta.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak