Berriak Lehendakaritza

Lehendakaria Presidente Autonomikoen XXIV. Konferentzian izan da

2021-07-30

Iñigo Urkullu lehendakariak Presidente Autonomikoen XXIV. Konferentzian parte hartu du. Bilera, gaur goizean ospatu da Salamacako San Esteban komentuan.

Bere interbentzioan, Lehendakariak honakoa adierazi du:

Egunon, guztioi! 

Eskerrak eman nahi dizkiot Alfonso Fernandez Mañueco presidenteari San Estebanen komentu honetan egindako harreragatik. Ziur nago Iñazio Loiolakoak ere eskertu zuela jasotako abegi ona, La Sorbonnera abiatu eta Jesus Lagundia sortu aurretik, domingotarrek hemen bertan hartu eta babestu zutenean. 

Hasteko, osasun-alderdia. Euskadin, dagoeneko, %73,3k jaso dute txertoaren dosi bat, eta %62,2k osatu dute pauta osoa. Txertaketak erritmo onean egiten du aurrera, baina egoera ez da ona. Delta aldaera, ordea, faktoreetako bat da, ez bakarra. 

Ziurrenik, goiz hartutako zenbait erabakik gizartean zabaldu dute borroka garaia baino lehenago irabazita zegoelako pertzepzioa. Horrela, Delta aldaeraren kutsakortasun handiak baldintza egokiak aurkitu ditu azkar hedatzeko. 

Autonomia erkidegoek oztopoak aurkitu ditugu zenbait neurri hartzeko, hala nola gaueko mugikortasuna eta pertsona-taldeak mugatzeko edo itxiera perimetralak ezartzeko. Babes juridikoa eskatu dut hori egin ahal izateko. Egia esan, gaur egun ez dugu babes hori, baina beharrezkoa da oraindik ere. Auzitegiek emandako auto eta epai desberdinak jasotzen jarraitzen dugu. Euskadin lege bat onartu dugu EAJ, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-en botoekin. Bere aurkako errekurtsoek eragindako lege bat. 

Inork ez daki zein izango den birusaren hurrengo erasoaldia. Ez da hildakotzat hartu behar garaia baino lehen. Tresna guztiek eskuragarri egon behar dute. 

Utziko didazue tartetxo bat, txertaketa globala aipatzeko. Euskadik, ahal duen neurrian, laguntzen du herrialde behartsuenen txertaketan. Txertoa planeta osora zabaldu behar dugu. Europar Batasunaren eta estatuen konpromiso handiagoa behar da, elkartasunagatik eta pragmatismoagatik. 

Europako funtsei dagokienez, bi ideia azpimarratu nahi ditut:

Irizpideei dagokienez, suspertze- eta erresilientzia-mekanismoko funtsek gure eredu sozioekonomikoaren eraldaketa lehenetsi behar dute batez ere. Eraldaketa horrek zenbait palanka bultzatzeko apustu handiagoa eskatzen du, hala nola industria, giza kapitalaren garapena, zientzia eta teknologia. Ez da irizpide egokia eraldaketaren aurretik jartzea pandemiaren aurreko BPGren mailak berreskuratzeko presa. 

Helburua da etorkizuneko belaunaldiei herrialde oparoagoa eta iraunkorragoa uztea ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren ikuspegitik. Ez da epe laburreko helburu bat, eraldaketa estrategikoko helburu bat baizik. Euskadin ibilbide bat dugu eredu sozioekonomiko eta industriala eraldatzeko prozesuak bultzatzen. Gure esperientzia eskaintzen dut, helburu hori lortzen laguntzeko. 

Hori bera dela eta, metodoari dagokionez, funtsezkoa iruditzen zait erabakiak hartu aurretik autonomia-erkidegoei kontsulta egitea, batez ere eskumen esklusiboko eremuetan. Autonomia-erkidegoek jarduteko eta erabakitzeko gaitasuna izan behar dugu esparru honetan, Europako beste funts batzuen kudeaketan daukagun bezala. Herri‑proiektu batek proiektu partekatua izan behar du, aniztasunetik eta autonomia‑erkidego bakoitzaren indargune eta berezitasunetatik abiatuta diseinatua.

 Maiatzaren 13an, Eusko Legebiltzarrak –EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, Elkarrekin Podemosen abstentzioarekin eta EH Bilduren aurkako botoarekin– legez besteko proposamen bat onartu zuen, Espainiako Gobernuari Europako funtsen burutzapena Euskadirekin adosteko eskatzen ziona. 

Erronka demografikoari dagokionez, bat gatoz arlo horretan estrategia bat bultzatzeko premian, eta estrategia horrek adierazpen eta berezitasun desberdinak ditu Estatuko eta Europar Batasuneko erkidego batzuetan eta besteetan.

Nolanahi ere, lehen mailako arazo baten aurrean gaude, eta horrek Euskadin eragina izango du lan-merkatuan eskulana ordezkatzean, hezkuntza-sistema egituratzean, gizarte-zerbitzuak mantentzean edo migrazioaren kudeaketan. Une honetan bertan, gazteen belaunaldiari eragiten ari zaio horien emantzipazioan edo horien familia‑proiektuen eraikuntzan. 

Errealitate hori berezkoa da Euskadin, eta bereizita dago desoreka demografikoaren beste modu batzuetatik, hala nola landa-despopulaziotik edo landa-guneen eta hiri‑eremuen arteko arrakalatik. 

Euskadin, erakundeen arteko estrategia bat adosten ari gara, bi oinarriren gainean: alde batetik, gazteek partekatutako konpromisoan, denbora egokian emantzipatu ahal izateko baldintzak sortzeko; eta, bestetik, emantzipaziorako eta familiak eraikitzeko laguntzak ELGA Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen batez bestekoan kokatzeko konpromisoan. Ikuspegi sistemiko bat, gizarte- eta lurralde-arloaz gain zabaltzen dena, desberdintasuna, kohesioa eta migrazioak txertatuz. Adierazi nahi dut borondatea dugula Agenda Bateratua bultzatzeko autonomia erkidegoekin eta tokiko gobernuekin. 

Ildo horretan, eskerrak eman nahi ditut demografiaren erronkari aurre egiteko estrategiari buruzko informazioagatik. 

Amaitzeko, Presidenteen Konferentziaren prozedura-kontu bat aztertuko dut. Foro hau ez dago jasota ez Konstituzioan, ez Gernikako Estatutuan. Beste arau‑erreferentziarik ezean, Presidenteen Konferentziaren Erregelamendura jo behar dugu. Erregelamendu hori 2009ko abenduaren 14an onartu zen, eta 2017ko urtarrilaren 17an aldatu, Presidentetzako Ministerioaren 2017ko martxoaren 23ko Aginduan argitaratuta. 

Foroaren erabilgarritasuna eta zentzua hobetu nahi baditugu, beharrezkoa da erregelamenduan aurreikusitakoa betetzea. Hori ez da gertatzen ari, batez ere, aldez aurreko prestaketari edo osaerari dagokionez, eta, zehazki, prestaketa-batzordea biltzeari dagokionez. Helburua da bilera hauek eztabaida partekaturako balio izatea, elkarrekintza eta, hala badagokio, adostasunak ahalbidetzeko, baina horrek ez du esan nahi erabakitzeko ahalmena duten erakundeak alde batera utzi behar direnik. 

Bilera hauek prestatzeko batzordea 2019ko urtarrilaren 30ean elkartu zen azken aldiz. Orduko bilera hartan, Josu Erkoreka sailburuak bere kezka adierazi zuen Eusko Jaurlaritzaren izenean, metodologia horren gabeziengatik. 

Iradoki zuen ez dadila konferentzia honen zentzua distortsionatu Konferentziarekin edo Konferentziarik gabe burutuko diren zenbait gai edo jardueraren bitartez; izan ere, gai horiek eztabaidatzeko eta erabakitzeko beste esparru batzuk daude, hala nola lurralde arteko kontseiluak, konferentzia sektorialak edo Gorte Nagusiak, Kongresua, baita Senatua ere, Senatuak, esparru horretan, zentzua eta erabilgarritasuna areagotuko lituzke-eta lurralde‑ordezkaritzako ganbera bihurtuko balitz. 

Presidente hori, nire proposamena da, lehenik eta behin, Presidenteen Konferentzia honen Araudia betetzea. Bigarrenik, 2.1. artikulua aldatzea iradoki nahi dut, konferentzia hau gai global eta estrategikoei buruzko elkarrizketarako, eztabaidarako eta hausnarketa partekaturako foro gisa definitzeko. Era berean, Araudiaren 5. eta 6. artikuluetan akordioei buruz egiten den aipamen oro, gomendioei buruzkoa errespetatuz. 

2019ko urtarrileko bilera hartan, Meritxell Batet ministro andreak Estatu barruko lankidetzaren defentsa egin zuen, bi zutabetan oinarrituta: aldebikotasunean eta aldeen aniztasunean. Aldebikotasuna eta aldeen aniztasuna Konstituzioan bertan eta autonomia estatutuetan aurreikusitako zentzuan islatu behar dira, baita edukietan, prozeduretan eta koordinazioan ere. 

Kontua da gobernantza koordinatuak norabide zehatza, metodologia argia, helburu praktikoak eta errealak izatea, eta, horrekin batera, erabakiak hartzeko esparru ezaguterrez bat, autogobernua eta eskumen-eremuak errespetatuko dituena. 

Eskerrik asko!

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak