Berriak Osasuna

Euskadik berriz ere gainditu egin du prestakuntza espezializatuko egoiliarren eskaintzaren errekorra

2021-07-29

Osakidetzak 2022rako 492 plaza izango ditu guztira prestakuntza espezializatuko egoiliar gazteentzat

 

Euskadik gehieneko plaza-kopurua eskainiko du Lehen Mailako Arretarekin zerikusia duten kategorietan (familia eta komunitateko medikuntza eta erizaintza eta pediatria), eta plaza guztien heren bat dira

 

Zazpi urtean Euskadin % 57,69 egin du gora plazen eskaintzak

 

 

Osakidetzak 2021-2022rako Osasun Prestakuntzako Graduondo Espezialitateko 492 plaza izango ditu guztira, eta iazko eskaintza gainditu egingo du, beraz, eta orain dela 7 urte baino % 57,69 gehiago izango dira. Azken batean, Osasun Sailak sekula egindako prestakuntza-eskaintzarik handiena da.

 

Eskainitako plaza-kopuru horrek lagunduko du “osasun-profesionalen belaunaldien txandakatzean aurrera egiten jarraitzen”, adierazi du Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak.

 

Gainera, eskainitako plazen heren bat baino gehiago Lehen Mailako Arretari lotuta daude. Berez, Euskadik gehieneko plaza-kopurua atera du honako kategorietan: familia eta komunitateko medikuntza (109), familia eta komunitateko erizaintza (34) eta pediatria (29). Erabaki horrek agerian jartzen du, Osasuneko sailburuaren esanetan “Osasun Sailak eta Osakidetzak Lehen Mailako Arreta indartzearen alde egindako apustua”.

 

Prestakuntzako plaza gehiago eskaintzea funtsezkoa da, erretiroa hartzeko bidean dauden profesionalak ordezkatuko dituzten gazteei beharrezko duten prestakuntza ematea ahalbidetuko baitu, sailburuak esan duenez, eta, aldi berean, osasun-sistema prestatuko da gero eta zaharragoa den eta gero eta gaixotasun kroniko eta mendekotasun gehiago dituen gizartearen aurrean dituen erronkei erantzuteko.

 

          Bestalde, 2021ean Arabako Unibertsitate Ospitaleko Mikrobiologiako eta Parasitologiako Irakaskuntza Unitatea eta Lege eta Auzitegiko Medikuntzakoa akreditatu dira.

 

 

 

 

Osasun Sailak eskaera egin ondoren, plaza-kopurua gehitzeko iragarkia BOEn laster argitaratzea aurreikusten da. Zehazki, Euskadiko 2021-2022ko deialdirako, hau izango da plazen banaketa:

 

 

  • Medikuntzako 394 plaza (BAME, BABE, BAPE eta BAFE plazak barne). 2014/2015ean baino 124 gehiago, % 45,93 gehiago, dira.
  • Farmaziako 7 plaza. 2014/2015ean baino 3 gehiago, % 75 gehiago, dira.
  • Psikologia klinikoko 8 plaza, 2014/2015ean baino 3 gehiago, % 60 gehiago.
  • Erizaintzako 98 plaza, 2014/2015ean baino 56 plaza gehiago, % 133,33, gehiago.

 

 

Azken batean Euskadik Prestakuntza Espezializatuko 492 plaza izango ditu. Lurraldeen arabera, Bizkaian 275 plaza izango dira, Gipuzkoan 117 eta Araban 100.

 

 

Prestakuntza hori irakaskuntzarako egiaztatuta dauden 17 zentro eta unitateetan izango da: zazpi ospitale-zentro, Autonomia Erkidegoko hiru irakaskuntza-unitate (Osasun Ministerioak behin-behingoz egiaztatutako Lege eta Auzitegi Medikuntzako Irakaskuntza Unitatea barne), lanbide anitzeko lau irakaskuntza-zentro eta erizain espezialistentzako hiru irakaskuntza-unitate.

Iruzkin bat
  • 2021-07-30

    Tal vez se deberían revisar los datos, la oferta de este año ha sido de 490 plazas. En el caso del EIR en 2020-2021 eran 97 y para el 2021-2022 98 plazas.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan