Javier Hurtado sailburuak: “Turismoaren jasangarritasun-planek lagundu egingo dute Euskadi helmuga gisa aberasten”

2021-07-28

Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak deitutako Turismoaren Konferentzia Sektorialean parte hartu du gaur Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok, Euskadi ordezkatzen. Konferentzian aho batez onartu da Helmugako Turismoaren Jasangarritasun Estrategia onetsi da eta berretsi egin da 2021eko Helmugako Turismoaren Jasangarritasunerako Lurralde Planen asignazioa.

Beraz, Lurralde Planak Espainiako Gobernuaren Berreskurapen, Transformazio eta Erresilientzia Planaren parte dira, zeina Europar Batasuneko Next Generation funtsekin gauzatzen den. Plan horien koordinazioan, Euskadiren kasuan, Turismoko Estatu Idazkaritzak, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak eta EUDELek parte hartzen dute.

Lurralde Planek aukera ematen dute lurralde eta helmuga bakoitzean turismoaren jasangarritasunaren erronkei zuzendutako erantzun bat prestatzeko eremu hauetan: trantsizio berdea eta digitala, eta lehiakortasuna.

Plan horiek prestatzeko garaian funtsezkoa da erakundeen, eskualdeen edo udalerrien lankidetza, helmugaren kohesioan lagunduko duten proiektuak ezartzeko, sailburuak azaldu duenez. “Gobernantzaren eta erakundeen arteko lankidetzaren adibide bat da, kudeaketa eraginkor eta arduratsu baterako egin behar dugun bidea erakusten diguna”. Alde horretatik, Helmugetako Kohesio Jarduerak interbentzio horizontalak dira, eta tokiko eremua gainditzen dutenak; hala, horien bidez lortu ahal izango da Autonomia Erkidego bakoitzaren jarduerak elkarrekin osatu, erlazionatu edo kohesionatzea.

Planek 1.858 milioi eurotik gorako funtsak dituzte 3 urterako eta Autonomia Erkidegoen artean banatzeko, tokiko erakundeek exekuta ditzaten, Planean ezarritako helburu estrategikoetara bideratuta. Finantzazioa 1-10 milioi euro bitartekoa izango da helmugaren kategoriaren arabera. Lau ardatzen arabera antolatzen da: lehena, turismoaren eredua jasangarritasunerantz eraldatzea; bigarrena, turismoaren arloko digitalizazioa eta adimena; hirugarrena, erresilientzia-estrategiak penintsulatik kanpoko lurraldeentzat; eta, laugarrena, jarduera bereziak lehiakortasunaren arloan.

Sailburuak azpimarratu duenez, Plan hauek garrantzitsuak dira “oso lagungarriak izan daitezkeelako Euskadi helmuga lehiakorragoa, anitzagoa, kalitatearen eskaintza handiagokoa eta jasangarria izatea lortzeko. Izan ere, hori da orain arte lantzen jardun dugun lerroa, eta doi-doi egokitzen dena turismoaren jasangarritasunerako Espainiako Gobernuaren estrategiara”. Euskadi, hain zuzen, garatzen ari da jada Helmuga Turistiko Adimenduneko programak bere hiriburuetan, eta Adimen Turistikoaren Sistema ezartzen ari da Segitturekin batera. Bestetik, lanean dihardu Estrategiak markatutako hainbat lerrotan, eta horien artean nabarmentzekoa da Turismoaren Kode Etikoa eta Saretur Turismoaren Euskal Sarea ezarri izana.

“Euskadi posizio on batean dago lehiakortasunean eta jasangarritasunean hazten jarraitzeko, sektore profesional prestatu bati eta gobernantzari esker. Turismo jasangarria eremu guztietan aplikatu beharreko kudeaketa-modu bat da eta eragile guztien lankidetza eskatzen du. Horretarako, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailetik lankidetzan aritzeko eskaintza egiten diegu erakundeei —tokikoak, udalerrietakoak eta eskualdeetakoak—, eta aipatzekoa da dagoeneko izan ditugula, eta izango ditugula, haiekin elkarraldiak Euskadi helmuga gisa indartzen lagunduko duen Lurralde Plan baten sorkuntza koordinatzeko”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak