Lan eta Enplegu Sailak Diru-sarrerak Bermatzeko Legearen txostenen tramitea hasi du, 110 alegazio sartu ondoren

2021-07-27

Lan eta Enplegu Sailak Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren Legearen bigarren zirriborroa itxi du, eta 110 alegazio jaso ditu. Horrenbestez, nahitaezko txostenetarako bidali du, Gobernu Kontseiluak urtea amaitu baino lehen behin betiko onartu aurretik.

Maiatzean jendaurrean eta hainbat forotan aurkeztu ondoren, Idoia Mendia lehendakariorde eta sailburuak entzunaldi-izapideari hasiera eman zion. Izapidea ekainean zehar luzatu zen, eta gutxi gorabehera 300 ekarpen jaso ziren: partikularrak eta eragindako kolektiboak, udalak eta aldundiak, gizarte-eragileak eta hirugarren sektorea. Alegazio guztiei erantzun zaie, eta 110 alegazio onartu dira, osorik edo zati batean, arrakasta-eredua eguneratzeko eta modernizatzeko jatorrizko testua hobetzen dutenak. Eredu hori erreferentzia da Espainian, eta hiru hamarkadatan Euskadiko inbertsio sozial onenetako bat izan da.

Orain jarraitzen den erreformaren helburua da gizarte- eta familia-errealitate berrietara egokitzea, adingabeak eta adinekoak dituzten bizikidetza-unitateak intentsitate handiagoz babestea, IMVren prestazio berria integratzea eta izapideak erraztea, bai eskubidearen mendeko pertsonei, bai LANBIDEn izapidetzen dutenei. Horretarako, aurreko legealdian Legebiltzarrean erregistratutako lege-proposamena hartu da erreferentziatzat, baina baita hainbat eragilek Legebiltzarrean egindako dozenaka agerraldiak eta IMVren integrazioa ere. Argudio horiekin guztiekin egiten da lege berri hau, zeinak eskubide bikoitza eta elkarrekikotasuna baititu oinarri, aktibazio-politiken esparruan, enplegu-politikekiko lotura, familia-unitate osora bideratutako prestazioak, eta osatzera bideratutako izaera diferentzial eta subsidiarioa, errentak ordezkatzera bideratutakoa baino gehiago.

Era berean, eutsi egiten zaio enplegu-politikekiko eta gizarteratzeko beste sistema batzuekiko loturari, gure inguruko eredu gehienetan gertatzen den bezala. Legeak aurrera egiten du inklusio-sistemen arteko harremanean, batez ere enpleguarena eta gizarte-zerbitzuena, osasunarekiko, etxebizitzarekiko edo hezkuntzarekiko harremana ahaztu gabe, eta jasotzaileekin inklusio-programa integratu eta pertsonalizatua ezartzeko derrigortasuna txertatzen du.

Bigarren zirriborroak jatorrizkoan ezarritako ildoei eusten die, eta, orain, Gobernu barruko izapidetze arruntera igarotzen da, aginduzko txosten juridiko eta ekonomikoen mende jartzeko, Jaurlaritzaren Kontseiluak urtearen amaieran onar dezan eta Legebiltzarrak eztabaidatu eta behin betiko onar dezan.

Oharra: helburuak eta babes-eredu aurreratuen azterketa azaltzen dituen oinarrien dokumentua hemen dago eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/dokumentazioa/2021/gizarteratzeko-eta-diru-sarrerak-bermatzeko-euskal-sistemaren-legerako-oinarrien-dokumentua/

Aurreproiektua hemen dago eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/lege-proiektua/02-gizarteratzeko-eta-diru-sarrerak-bermatzeko-legearen-aldaketaren-proiektu-legea/

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak