Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren Lege-proiektua onartu du eta Legebiltzarrera igorri du (Gobernu Bilera 27-7-2021)
- Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuak eta memoriaren politiken arduradunak azpimarratu duenez, etorkizuneko Legeak "indartu eta arau-esparrua" ematen dio Eusko Jaurlaritzak arlo horretan egindako ibilbideari
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak prentsaurrekoa eman du Gobernu Kontseiluan Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Lege-proiektua onartu dela eta Legebiltzarrera igorriko dela jakinarazteko.
Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Lege proiektuak Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikorako politika publikoak arautzen ditu. Hala ere, lege honek, Euskadiren kasuan, ez du esan nahi arlo honetako jarduera publiko eta instituzionala hasi denik, Artolazabal sailburuaren hitzetan "hamarkadetako ibilbide honek Euskadi erreferentzia gisa jarri du memoria historiko eta demokratikoan. Ibilbide horri Gobernu Kontseiluak gaur onartu duen lege-aurreproiektuak arau-esparrua indartu eta eman nahi dio".
Aurreproiektu hau, beraz, urrats berri bat da, Eusko Jaurlaritzak egiten dituen memoriaren politika publikoak arauz finkatzen dituena, eta orain arte garatutako jardueren bolumena sustatzen eta zabaltzen duena.
Etorkizuneko legeak bi helburu ditu: batetik, Gerra Zibilaren eta diktadura frankistaren biktimen memoria, aitortza eta erreparazioa sustatzea; eta, bestetik, printzipio eta balio etiko eta demokratikoak sustatzea.
Beatriz Artolazabal sailburuak azpimarratu duenez, gaur onartutako aurreproiektuak "iraganari begiratzen dio, baina, batez ere, Euskadiren etorkizunari. Etorkizuna oroimenez, egia baita justiziarako bermerik onena. Eta oroimena, egia, justizia eta ez errepikatzea guztion ondare demokratikoa dira”.
Legeak printzipio hauek ditu oinarri: egia, justizia, erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermea, bai eta balio demokratikoak ere: konkordia, bizikidetza, aniztasun politikoa, giza eskubideen defentsa, bakearen kultura eta gizonen eta emakumeen berdintasuna.
Ildo horretan, genero-ikuspegia aurreproiektuaren idazketan agertzen da, eta memoria historikoa berreskuratzea sustatzen du, ikuspegi osoa eta testuinguruaren araberakoa lortu ahal izateko; horrela, agerian geratzen da gizonak eta emakumeak indarkeria-mota desberdinen eraginpean jartzen direla gatazka-egoera eta gatazka-ondoko egoera berberetan. Eta, indarkeria berberen biktima izan arren, indarkeria horiek eragin desberdinak dituzte beren bizitzetan, gizartean betetzen dituzten rolengatik eta aurretik boterearen banaketan zeuden desberdintasunengatik.
Memoria Historiko eta Demokratikoaren Lege proiektuak egiarako eskubidea jasotzen du, gizarte osoak eta, bereziki, biktimek Gerra Zibilean eta diktaduran gertatutakoa ezagutzeko duen eskubidea jasotzen du. Horretarako, honako jarduera hauek sustatzen dira: 1936-1978 bitartean Euskadin izandako giza eskubideen urraketen txostena edo Gerra Zibilean Euskadin izandako hildakoen errolda.
Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak dagoeneko jorratu dituen bi jarduera dira. Txostenaren lehen fasea, Gerra Zibilean eta lehen frankismoan hildako biktimei buruzkoa, eta dagokion biktimen errolda, gaur egun martxan eta praktikan dago, eta kontsulta iturri da familientzat eta ikertzaile-komunitatearentzat.
Justiziarako eskubideari dagokionez, Justizia Administrazioa Estatuaren eskumen esklusiboa dela kontuan hartuta, III. kapituluan zehazten du zer bultzada eta lankidetza izango diren Ertzaintzarekin, Fiskaltzarekin eta organo judizialekin, giza gorpuzkiak aurkitzearen eta egindako identifikazioen ondorioz delitu-zantzuak daudela jakinarazteko.
Proiektuak biktimek errekonozimendua eta erreparazioa jasotzeko duten eskubidea arautzen du, eta, horretarako, honako hau aurreikusten du: alde batetik, administrazio honek iraganean gauzatutakoen osagarri diren kalte-ordainen egokitasuna eta bideragarritasuna baloratzea, eta, hala badagokio, ezartzea. Bestalde, hildakoak banan-banan aitortzea eta kolpe militarraren eta diktaduraren biktimak gogoratzeko eta omentzeko urteko egun bat ezartzea.
1.kapituluan memoria zabaltzeko neurriak lantzen dira: Gogora Institutuaren Dokumentazio Zentroa sendotzea, Institutuaren egoitzan erakusketa-gunea sortzea eta beste dibulgazio-jarduera batzuk. Atal honetan, Hezkuntza Sailarekin lankidetzan aritzeko funtsezko bide bat ezartzen da, Memoria Historikoa euskal curriculumean txertatzeko tresna didaktikoak garatzeko.
Zeregin hori beste jarduera mota batzuekin osatzea aurreikusten da, hala nola ikasleei zuzendutako espazio, ibilbide edo erakusketetara egindako bisitekin, horrela, Euskadin denbora-tarte horretan gertatutakoari buruz dakitela bermatzeko.
Arauaren atal horretan bertan, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren egoitzan erakusketa-gunea sortzea eta bertako Dokumentazio Zentroa sendotzea aurreikusten da.
Memoriaren dimentsio pedagogikoari eta dibulgazio- eta hezkuntza-baliabideen sorrera sustatzeari buruzko atala da, memoriaren dibulgazioa eraginkorra izan dadin.
Testuak jasotzen duenez, Gogorari dagokio Gerra Zibilean desagertutako pertsonak aurkitu eta identifikatzeko jardutea. Eusko Jaurlaritzako sail desberdinek lehenik eta gerora, Gogora Institutuak, egiten dituzten jarduerak dira. Esparru honi dagokionez, 2003. urtetik, 110 biktimaren gorpuzkiak berreskuratu dira, 108 gizon eta bi emakume ("Gerra Zibileko desobiratzeak Euskadin” txostena). Legeak, era berean, desagertutako ahalik eta pertsona gehien berreskuratzeko ekintzak sustatzeko beharra ezartzen du, eta, zehazki, Cuelgamurosko haranean (lehen Erorien Harana deitua) lurperatutako gorpuzkiak berreskuratzeko beharrezko kudeaketak hasteko beharra, haien senideek eskatzen dituztenean. Gogora Institutua dagoeneko gauzatzen ari den jarduerak.
Memoria Historikoaren aurkako sinbologia ere aurreproiektu honetan arautzen da. Nahiz eta mota honetako elementu, sari eta ohore instituzional gehienak kendu egin diren azken urteetan, oraindik ere behin betiko desagertu beharreko aztarnak daude.
Arauak Euskadiko Memoria Historikoaren Dokumentua terminoa ezartzen du, Euskadirentzat interesgarriak diren dokumentu-funts eta ahozko testigantza guztiei erreferentzia eginez. Eta dokumentu horiek eta, bereziki, Gerra Zibilean eta diktaduran konfiskatutakoak berreskuratzeko jarduketak egiteko beharra jasotzen du.
Proiektuak Euskadiko Memoria Historikoaren Lekuak, Ibilbideak eta Espazioak jorratzen ditu, eta bertan definitzen dira, oro har, leku horiek. Geroko garapen batean, lekuen, ibilbideen eta espazioen katalogoa sortuko da, eta babes- eta kontserbazio-araubidea zehaztuko da.
Arauaren testuak Euskadiko elkarte-mugimendua aintzatesten du, Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoa berreskuratzen eta biktimak defendatzen egindako lanagatik. Era berean, Memoria Historikoko Erakundeen aholku-batzorde bat sortzea ezartzen du, erakunde memorialisten kontsulta- eta partaidetza-organo gisa.
Lege-aurreproiektu honek zehapen-araubideari buruzko atal bat du, arau-hauste oso larriak, larriak eta arinak ezartzen dituena, bai eta horiei dagozkien zehapenak ere. Horien ondorioz, 10 mila eurotik 150 mila eurora bitarteko isunak ezartzen dira arau-hauste oso larrien kasuan; 2.000 eurotik 10.000 eurora bitartekoak arau-hauste larrien kasuan, eta 200 eurotik 2000 eurora bitartekoak arau-hauste larrien kasuan.
Horrela, arau-hauste oso larritzat jotzen dira, adibidez: gerra Zibileko biktimen hobiak suntsitzea, eta egia ikertzeko eta ezagutzeko garrantzitsuak diren dokumentuak suntsitzea eta ezkutatzea. Arau-hauste larrien artean, honako hauek nabarmentzen dira: giza gorpuzkiak aurkitu direla ez jakinarazteari buruzkoak; Gerra Zibilaren eta diktaduraren biktimen aurkako adierazpenak, eta 1936ko kolpe militarra eta diktadura gogoratzeko edo goraipatzeko ekitaldiak.
Testu honen tramitazio parlamentarioak Gobernu Kontseiluak gaur onartutako dokumentua aberasteko ekarpenak biltzea eta eztabaidatzea ahalbidetuko du. Zentzu horretan, Beatriz Artolazabalek aldarrikatu duenez, "Memoriak ezin du zatiketarako eta konfrontaziorako tresna izan; memoria, egia eta biktimen aitortza guztion ondarea dira eta izan behar dute".