Eusko Jaurlaritzak 2021eko Programa Estatistikoa onartu du: 211 jarduera eta 20,5 milioi euroko kostua izango du (Gobernu Bilera 2021-7-27)
Gobernu Kontseiluak, gaurko (asteartea) bileran, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko Urteko Estatistika Egitaraua baimentzen duen dekretua onartu du. Bertan, 211 estatistika-eragiketa planteatzen dira, aurreko urtean baino bat gehiago, 20,5 milioi euroko kostuarekin.
Programa honetan sartzen dira Euskal Estatistika Erakundeak (Eustatek eta Eusko Jaurlaritzako sailetako estatistika-organoek osatua) aurten egingo dituen estatistika-lan eta -jarduera guztiak. Horrela, egun indarrean dagoen 2019-2022 aldirako Euskal Estatistika Planean aurreikusitako jarduerak garatuko dira; plan hori lege bidez onartu zen Eusko Legebiltzarrean, 2019ko ekainean.
Estatistika ofiziala ezinbestekoa da errealitate sozioekonomikoa ezagutzeko, are gehiago krisi-une hauetan. Haren bitartez lortzen diren emaitzak funtsezkoak dira, zuzenean eragiten baitute erabakiak hartzean, bai sektore publikoan, bai pribatuan.
Programa honen elementu nagusia 2021. urtean zehar egin beharreko estatistika-eragiketen 211 fitxak dira. Fitxa bakoitzak helburu orokorrak, erakunde arduraduna, erakunde parte-hartzaileak, lurralde-eremua, emaitzak zabaltzeko maiztasuna, zabalpenerako egutegia, informazio-unitateak, informatzaileak eta aurrekontua jasotzen ditu.
2021eko programaren kostu osoa 20,5 milioi eurokoa da, eta Eustatek du gasturik handiena, kostu osoaren % 72,6, alegia; ondoren daude Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila (% 7,3) eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila (% 5,2).
Aurreikusitako 211 estatistika-eragiketetatik, Eustat da 113ren arduraduna, eta gainerakoak (98) honela banatzen dira, sail bakoitzaren arabera:
Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena: 30 eragiketa
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak: 13 eragiketa
Kultura eta Hizkuntza Politika: 11 eragiketa
Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak: 10 eragiketa
Osasuna: 10 eragiketa
Lana eta Enplegua: 7 eragiketa
Gobernantza Publikoa eta Autogobernua: 6 eragiketa
Ekonomia eta Ogasuna: 4 eragiketa
Segurtasuna: 4 eragiketa
Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa: 3 eragiketa
Hiru foru-aldundiak ere agertzen dira parte-hartzaile gisa.
Gaikako arloen arabera, kostu handiena duena da “Demografia eta gizarte-ohiturak” (2021eko programaren % 13), ondoren “Estatistika-azpiegitura” (% 10,9) eta, azkenik, “Kontu ekonomikoak” (% 10,3).
Hedapenari dagokionez, 168 estatistika-eragiketa egiturazkoak dira, urtean behineko edo gehiagoko maiztasuna dutenak; horietatik 93 urtean behin egiten dira. 25 koiunturalak dira, urtean behin baino gutxiagotan zabaltzen direnak, eta 18 dira noizbehinkakoak edo irregularrak.
Era berean, nabarmendu behar da 70 estatistika-eragiketatan informazio administratiboa edo fiskala erabiltzen dela datu-iturri gisa, eta 50 eragiketa gehiagotan informazio osagarri edo misto gisa erabiltzen dela iturri gisa.