Javier Hurtado sailburuak Urretxu bisitatu du, udalarekin lankidetzan, udalerriko tokiko merkataritzara bideratutako Sailaren programak bultzatzeko

2021-07-26

- Sailburuak, bere bisitan, iragarri du bihar Sailak Hirigune – Hiriko merkataritza-lankidetza, -dinamizazio eta -lehiakortasuneko zonako estrategiak sustatzera bideratutako laguntzen urteko programaren edizio berria onartuko duela

Javier Hurtado sailburua Urretxun (Gipuzkoa) izan da, eta agintari eta gizarte eragileekin batera, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak eta Udalak parte hartzen duten tokiko merkataritza sustatzeko programen emaitzak errepasatu ditu.

Sailburuak bilera bat egin du Jon Luqui herriko alkatearekin; bertan, bi erakundeek elkarrekin landutako udalerriko merkataritza suspertzeko proiektu komunak aztertu dituzte. Bertan egon dira baita ere Natividad Nieves eta Jokin García udalerriko zinegotzi sozialistak.

Topaketan, biek azpimarratu dute oso garrantzitsua dela erakundeen arteko baterako gobernantza, are gehiago pandemia garaian, eta Urola Garaiko herrietako biztanleek eta negozioek parte hartu dutela merkataritza, turismoa eta ostalaritza sustatzeko programetan.

Jardunaldian, zehatz-mehatz aztertu da udalerriko Merkataritza Suspertzeko Plan Bereziaren garapena. Merkataritza-, ostalaritza- eta zerbitzu-sektorea garatzen eta sendotzen laguntzea du helburu, garrantzi handiko jarduerak baitira, egituratzen eta aberasten laguntzen dutelako. Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Sailak 329.00 euro eman dizkio udalari, azken lau urteotan PERCOn aurreikusitako tokiko merkataritza suspertzeko ekintzetarako, diru-laguntza gisa.

Kopuru horretatik, merkataritza-ekintzailetza sustatzera bideratutako sailaren programari (EMCO) 120.000 euro egokitu zaizkio 2018an eta 130.000 euro 2019an. Beste 104.000 euro hiriko merkataritza-lankidetza, -dinamizazio eta -lehiakortasuneko zonako estrategiak sustatzera bideratutako laguntza-programatik iritsi dira. COVID aparteko laguntzei dagokienez, udalerriko 13 enpresari 28.000 euroko laguntzak eman zitzaizkien, 27.000 euro jaso zituzten 20 saltokiri eta 104.000 euro jaso zituzten 36 ostalaritza-establezimenduri. Azkenik, EPERCOM (Euskal txikizkako merkataritzaren ekipamendu pertsonalaren azpisektoreari eusteko laguntzak) laguntzatik tokiko 5 eskaerari eman zitzaizkien laguntzak, 20.000 euroko zenbatekoarekin.

Hain zuzen ere, Hurtadok bere solaskideei jakinarazi dienez, asteartean onartuko du bere sailak Gobernu Kontseiluan Hirigune - Hiriko merkataritza-lankidetza, -dinamizazio eta -lehiakortasuneko zonako estrategiak sustatzera bideratutako laguntzen urteko programa berria, 2021eko ekitaldiari dagokiona. Sailburuak azaldu duenez, programa hori udalen eta merkataritza eremuko elkarteen arteko lankidetza publiko pribatuaren euskarria da, hiriko merkataritza esperientziaren funtsezko eragileak baitira. Horregatik, laguntzak eskatzeko funtsezko baldintza da lankidetza publiko-pribatuko esparru-akordio bat sinatzea. Akordio hori lan-plan komun baten eta elkartearen eta udalaren arteko lankidetza-borondatearen dokumentu bermatzaile bat izango da. "Jakin badakigu udalek, herritarrengandik hurbil dauden erakundeak diren aldetik, garrantzi handia dutela beren herrietako merkataritza eta turismoa sustatzeko eta bultzatzeko planen arrakastan, eta zeregin horretan, Urola Garaia eskualdeak beti izango du Saila ondoan".

Topaketa amaitzeko, hirigune historikoa bisitatu dute, merkataritza suspertzeko ekintzetarako lehentasunezko guneetako bat udaletxea inguratzen duena.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak