Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Etxean Ondo proiektuaz jardun dute Zabaleta sailburuak eta Gipuzkoako diputatu nagusiak

2011.eko uztailak 27

 

  • Plan pilotua irailean hasiko da Gipuzkoako bost udalerritan (Donostia, Irun, Oiartzun, Tolosa eta Zarautz), eta 500 etxebizitza inguru hartuko ditu.

 

Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusi berriarekin elkartu da Donostian, Etxean Ondo proiektuaren ildo nagusien berri emateko. Proiektu horren bidez adinekoei eta nolabaiteko desgaitasunen bat dutenei gizarte- eta osasun-arreta etxean ematea sustatzen da, beren etxebizitzetan bizitzen jarraitu ahal izan dezaten, komunitatean parte hartuz eta egoitza batean sartzeko unea ahalik eta gehien atzeratuz; hori guztia Ingema Fundazioaren lankidetzarekin.

Plan pilotua irailean hasiko da Gipuzkoako bost udalerritan (Donostia, Irun, Oiartzun, Tolosa eta Zarautz), eta 500 etxebizitza inguru hartuko ditu.

Zabaleta sailburuaren iritziz, "hobeto zahartzearen erronkak ekartzen digun eskenatokian, zahartzaroak eragindako mendekotasunari dagozkion beharrizanei erantzuteaz gain, autonomia sustatzeak eta mendetasun hori prebenitzeak izan behar dute lehentasuna".

Etxean Ondo proiektuari esker Gipuzkoako bost udal horietako gizarte‑zerbitzuetako eta osasunaren arloko profesionalek beren ekintzak eta estrategiak koordinatuko dituzte esperientziak irauten duen bitartean, arreta pertsonalizatu, integral eta etengabea emateko. Beharra duten pertsonek beren etxeetan bertan jasoko dituzte osasun- eta gizarte-zaintzak, modu integratuan.

Proiektuan etxez etxeko arreta-zerbitzuen dibertsifikazioa aurreikusten da. Profesionalen laguntza koordinatuaz gain, hurbiltasuneko zerbitzu berriak (otorduak, arropa-garbiketa, fisioterapia, podologia, garraioa, liburutegi mugikorra, etab.) pertsonen etxebizitzetara gerturatuko dira. Familia zaintzaileentzako laguntzak indartuko dira, zaintzei buruzko aholkularitza eman eta zalantzei erantzungo dien etxez etxeko laguntza profesionalaren bitartez. Etxebizitzaren irisgarritasunari ere erreparatuko zaio, pertsonen eguneroko jardueretan dauden oztopoak kentze aldera.

Esperientzia pilotu horietan zehar pertsonen bizi-kalitatean aurreikusten den hobekuntza eta ezarri beharreko neurrien eraginkortasuna eta iraunkortasuna ebaluatuko dira. Proiektuaren helburuetako bat da egoitzetako instituzionalizazioak saihestea eta ospitaleratzeak eta bestelako zerbitzu soziosanitarioak beharrik gabe ez erabiltzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)