Etxebizitza Sailak nazioarteko adituekin aztertu du etorkizuneko bizigarritasun-dekretuaren genero-ikuspegia

2021-07-26
  • Iñaki Arriola sailburuak UPV/EHUren 'Generoa, arkitektura eta etxebizitza' Uda Ikastaroa inauguratu du Euskadiko Arkitektura Institutuan.
  • Eusko Jaurlaritza gida bat prestatzen ari da, etxebizitzen diseinuan genero-ikuspegia txertatzeko

 

 

Etxebizitza errealitateak sortzeko agertoki gisa eta aldaketa sozialak bultzatzeko espazio gisa. Astelehen honetan hasi da UPV/EHUren 'Generoa, arkitektura eta etxebizitza' Udako ikastaroa. Bihar arratsaldera arte, sektoreko profesionalak bilduko ditu Euskadiko Arkitektura Institutuan, arkitekturatik berdintasuna nola sustatu daitekeen aztertzeko. Ikastaroaren irekiera instituzionalean, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak —bere Sailak sustatzen du ikastaroa— aurreratu du Saila lanean ari dela etxebizitzaren eta hirigintzaren esparruan genero-ikuspegia txertatzeko, bai bizigarritasunari buruzko etorkizuneko dekretuaren bidez —jardunaldietan eztabaidatu eta kontrastatuko dena—, bai etxebizitzaren diseinuan genero-ikuspegia txertatzeko gida berri baten bidez —horren sorrera gaur aurreratu du—.

Arriolaren esanetan, urte honen amaieran onartuko den dekretuak gutxieneko batzuk ezarriko ditu. Horien artean daude ez bakarrik etxebizitza baten edo bere kanpoko espazioen neurriak, baita genero-berdintasunean eragitearekin lotutako beste gai batzuk ere, hala nola etxebizitzaren deshierarkizazioa, konfigurazio tradizional bereizia eta konpartimentatua hautsiz, etxeko lanak ikusteko eta familia-unitateak partekatzeko espazioak integratzeko, edo genero-ikuspegia eraikinen diseinuan, atarietan eta gune komunetan segurtasunik eza sortzen duten zoko eta angelu itsuak saihestuz.

Gida, bestalde, dekretuak ezartzen dituen gutxieneko baldintzetatik harago joango da, eta Sailaren Berdintasun Planaren emaitza da. Etxebizitza publikoa eraikitzen dutenei dei egingo die eta sektore pribatuari iradokizunak egingo dizkio, etxebizitzen diseinutik bertatik erantzunkidetasuna bilatzeko, elkarguneak indartzeko, espazio publiko eta pribatuen arteko trantsizioak pixkanaka sortzeko, eta autonomiatik eta segurtasunetik hasi eta etxeko lan produktiboraino doazen dimentsioak kontuan hartzeko.

Bi tresna horiekin "genero-ikuspegia duen etxebizitzaren kultura sortu nahi dugu, pertsona guztien bizi-baldintzak eta arkitekturaren kalitatea hobetzeko palanka izango dena", esan du sailburuak; "izan ere, genero-ikuspegia hirian, hirigintza-araudian eta etxebizitzan txertatzea ez da justizia sozialeko kontua soilik, baita hiri- eta lurralde-politiken eta hirien diseinua hobetzeko aukera ere" gaineratu du.

Bizigarritasun dekretuan genero-ikuspegia txertatzeko Eusko Jaurlaritza ere aholkatu duen Udako ikastaroaren koordinatzaile Ines Sanchez Madariagak jardunaldi hauen irekieran honako hau azpimarratu du: "etxebizitzaren diseinuan genero-dimentsioak integratzea, eskala guztietan, kalitate eta berrikuntza-faktore bat da. Bereziki, eguneroko zaintza-lanak eta bizitegi-inguruneetan egunerokotasunean egiten diren beste jarduera batzuk egitea errazteko potentziala dute, baita espazioen segurtasuna hobetzekoa ere. Eusko Jaurlaritzak bere bizigarritasunari buruzko dekretuan jasotako neurriak oso urrats garrantzitsuak dira bizitegi-parkearen kalitate-estandarren hobekuntzan aurrera egiteko, bizitegi-parkea eguneroko bizitzara hobeto egokitzen laguntzen duten estandar eta irizpideak jasotzen baititu”.

Lehenengo jardunaldian, besteak beste, gai honetan aitzindari diren profesionalek hartuko dute parte, hala nola Franziska Ullmanek, Vienan kokatutako genero-ikuspegia duen lehen etxebizitza-promozioaren egileak, edo gaur arratsaldean Walden 7 eraikin katalana aztertuko duen Anna Bofillek. Ondoren, Despina Stratigakos-ek emakumeen espazio arkitektonikoetan barrena ibilbide historikoa egingo du.

Uztailaren 27an, asteartea, Euskadiko Arkitektura Institututik diziplina honetako profesionalak (Nuria Matarredona Valentziako Eraikuntzaren Berrikuntza Ekologikoaren zuzendari nagusia, Begoña Serrano Eraikuntzaren Valentziako Institutuko zuzendaria, David H Falagán edo Cierto Estudio) pasatuko dira, eta AEBetatik hasi eta Madril, Bartzelona eta Valentziara arte egiten ari diren esperientzia pilotuak erakutsiko dituzte, Europako hainbat herrialdetatik igaroz. Lori Brownek etorkizun jasangarriarekin lotutako etxebizitza-politiketarako testuinguru feministak aipatuko ditu Ipar Amerikaren ikuspegitik, eta Lidewij Tummers holandarrak, berriz, etxebizitza-politikak defendatuko ditu, hiri ez-sexista baterako funtsezko elementu gisa; Daphne Spain Virginiako Unibertsitateko katedradunak, berriz, etxebizitza-politikek haurdun dauden emakumeak zergatik zigortzen dituzten azalduko du. Azkenik, Teresa Bocciak Europako hainbat proiekturen ikuspegia emango du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaqui Carnicero Hiri Agenda eta Arkitektura zuzendaria MITMAn eta Harkaitz Millán, Kultura diputatua Gipuzkoan