Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuak kultur arloko Europako funtsak kudeatzeko duen moduaren aurka bozkatu du

2021-07-23
  • Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Kulturaren Konferentzia Sektorialaren Osoko Bilkuran parte hartu du gaur
  • Eusko Jaurlaritzaren ustez, Kultura eta Kirol Ministerioak aurkeztutako proiektuek Euskadiren eskumen esklusiboak urratzen dituzte

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak telematikoki parte hartu du, gaur, Kulturaren Konferentzia Sektorialaren XXIX. Osoko Bilkuran. Bileran, Andoni Iturbe Kultura sailburuordeak ere parte hartu du. Aurreko bilera Osasunaren Lurralde arteko Kontseiluarekin batera egin zen, 2020ko urriaren 16an.

Kulturaren Konferentzia Sektorialaren Osoko Bilkuran, beste gai batzuen artean, Ekonomiaren Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana eztabaidatu da. Kultura eta Kirol Ministerioak "Europako ikus-entzunezkoen Espainia Hub" eta "Kultura-industriaren errebalorizazioari" buruzko eztabaida planteatu du. Programa horietan sartzen dira, adibidez, zinema-aretoetarako laguntzak edo Kultura Ministerioak autonomia-erkidegoek kudeatzeko erabakitako proiektuak, besteak beste, liburutegiak hornitzea, arte eszenikoen eta musikalen azpiegiturak modernizatzea eta modu jasangarrian kudeatzea, kultura-azeleragailuei laguntzea, kultura-ondarea kontserbatzeko, zaharberritzeko eta balioesteko neurriak hartzea, edo hirikoak ez diren eremuetan kultura-eskaintza zabaldu eta dibertsifikatzeko laguntzak ematea.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Ministerioaren proposamenaren aurka bozkatu du gaurko bileran. Sailburuak osoko bilkuran argudiatu duenez, Eusko Jaurlaritza ez dago ados Espainiako Gobernua Europako berreskuratze-funtsak politikoki kudeatzen ari den moduarekin. Zupiriak gaineratu duenez, "ez gaude ados, Euskadiren kasuan, asko gure erkidegoaren eskumen esklusiboak izanik, Ministerioak berari ez dagozkion kultura-politikak zuzendu nahi izatearekin, Batzordeak Europar Batasuneko herritar guztien izenean erakunde publikoen eskuetan jarri dituen funtsen aukeraz baliatuta". Gainera, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila ez dator bat ez erabilitako banaketa-irizpideekin, ez Europako funtsen erabilerari buruzko erabakiekin.

Ministroarekin bilera

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Miquel Iceta Kultura eta Kirol ministroa zoriondu du izendapenagatik, eta bi gobernuen arteko harremana bideratzeko prest dagoela berretsi dio. Horretarako, eta bi erakundeek komunean dituzten gaiei heltzeko, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak bilera bat eskatu dio Iceta ministroari.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak