Berriak Kultura
Eu

Jaurlaritzak 2012 Fundazioa eratzea baimendu du (2011-07-26(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko uztailak 26

Erabakia, Fundación 2012 Fundazioa eratu, bere Estatutuak onartu eta Patronatuko ordezkaria izendatzeko baimena emateko dena

Gobernu Kontseiluak 2012 Fundazioa sortzeko baimena eman dio Kultura Sailari gaurko bilkuran; fundazioaren eginkizun nagusia Kulturen, Bakearen eta Askatasunaren Nazioarteko Urtea antolatzea izango da. Fundazio honek, sorreran, 30.000 euroko ondarea izango du.
Eusko Jaurlaritzak egokitzat jo du Kultura Sailaren bidez nortasun juridiko propio eta independentea duen entitatea eratzea. Fundazioaren helburua Kulturen, Bakearen eta Askatasunaren Nazioarteko Urtea antolatzea izango da; hain zuzen, ospakizun hori behar bezala taxutzeko administrazioarekin, plangintzarekin, exekuzioarekin eta kontrolarekin lotutako kudeaketa guztiak egitea.
Antolamendu juridikoak baimentzen duen formula aztertu ondoren, fundazioa eratzea hobetsi dute; izan ere, irabazi asmorik gabeko erakunde pribatua da, eta ondarea interes orokorreko bere helburuak gauzatzera bideratuko du. Fundazioaren formula, era berean, esparru bereziki erakargarria da gizarte zibileko beste subjektu batzuen inplikazio egonkorra edo unean unekoa lortzeko; hain zuzen, gainerako pertsonei ematen dizkien abantaila fiskalen bidez, baita legeriak aitortutako lankidetza-tresnen bidez ere. Horretarako, jakina, fundazioaren helburu berberak sustatzeko interesa izan beharko dute aitatutako subjektuek.
2012 Fundazioak, Kulturen, Bakearen eta Askatasunaren Nazioarteko Urtea antolatzeko xedearekin eratu den aldetik, honako jarduera nagusi hauei helduko die gaur-gaurkoz:
1.- Gida-plana prestatzea, jarduera-egitarauaren diseinua eta proposamena barne.
2.- Egitaraua behar bezala betetzeko beharrezko giza eta finantza baliabideak identifikatzea, baita baliabide teknikoak ere.
3.- Xede horretarako, hitzarmen, lankidetza eta babes guztiak ezartzea eta adostea.
4.- Kanpo-baliabideak eta finantza-ekarpenak biltzen lagunduko duten eginahalak egitea.
5.- Ekitaldiaren antolaketa oso-osorik kudeatzea: kongresuak, konferentziak eta topaketa tematikoak; gai orokorreko erakusketak; musika emanaldiak eta ekoizpena; arte edo zientzia gaietako truke eta egonaldiak; ekoizpen edota erakustaldi eszenikoak; ikus-arte eta argazki ekoizpen edota erakusketa; aurrerapen-artea; aldizkari eta argitalpen fisiko edo birtualak editatzea; kultur ondarearen gaineko ekitaldiak; jai-ekitaldiak, gizarte-topaketak; ikus-entzunezko ekoizpen edota erakusketa; gastronomia arloko ekitaldiak; sormen-jarduera transbertsalen tailerrak; IKTekin lotutako ekintzak, komunitateak eta sareak...
6.- Programa gizarteari jakinaraztea, herritar ahalik eta gehien jakinaren gainean ipintzeko eta nazioartean proiekzio hobea edukitzeko.
7.- Fundazioaren xedeak gauzatzen lagun dezakeen beste edozer.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan