Kirolean harremanak euskaraz ematea sustatzeko 2021-2024 urteetarako plana aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak

2021-07-23
  •  Kirolean aritzen diren 18 urtetik beherako gazteen euskararen erabileran eragitea eta jokalarien artean, entrenatzailearekin edo epailearekin harremanak euskaraz ematea sustatu nahi du planak
  • Batez ere kirolari gazteentzat erreferente diren entrenatzaileen formazioan eragingo du beti ere, eremu soziolinguistiko desberdinak kontutan hartuta eta eskola kirola indartuz
  • Kultura eta Hizkuntza Politika sailak Kiroleneren, kirol sektorearen eta beste erakunde batzuen lankidetza izan du plana garatzerako orduan 

Eusko Jaurlaritzak “Kirolean Euskara Sustatzeko 2021-2024 Plana” aurkeztu du gaur Donostian. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak, Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendari Amaia Agirrek eta Euskal Kirol Federazioen Batasuneko kudeatzaile Leire Gerenabarrenak parte hartu dute gaur egindako prentsaurrekoan.

Eusko Jaurlaritzaren XII. Legegintzaldiko Gobernu Programak biltzen duenez, hizkuntza-eskubideen erabateko bermerantz aurrera egitea eta euskara gure bizitzako eremu guztietan erabili ahal izatea ahalbidetzea da 2020-2024 aldirako helburuetako bat. Eremu sozioekonomikoa eta lan-eremua, ingurune digitala eta aisialdia eta familia-transmisioa dira hurrengo urteetako erronka handiak euskararen normalizazioa lortzeko. Eta aisialdian eta formalak ez diren eremu funtzionaletan euskararen erabilpena zabaltzeko gakoa da kirolaren arloa. Kirola da EAEko gazteen sozializazio-eremu funtsezkoenetarikoa, kirolak egiten du eskola eta kalearen arteko zubilana. Eskola eremuan euskaldundutako gazte belaunaldi berrien eskolaz kanpoko jarduera nagusia da eta horrek estrategiko bilakatzen du euskarazko erabilera ohiturak finkatzeko bidean. Hori dela eta, kirolean euskara sustatzeko planaren helburua 18 urte bitarteko gazteen euskararen erabileran eragitea da. Horretarako EAEko eremu soziolinguistiko desberdinak kontutan hartuko dira eta tokian tokiko helburu eta ekintzak finkatuko dira. 

Gaur aurkeztutako planak kirolean aritzen diren 18 urte bitarteko gazteen entrenatzaileen prestakuntzan eragin nahi du entrenatzaile-ikasketak euskaraz bultzatuz. Horrez gain jokalarien hizkuntza-aktibazioan eragiteko estrategiak emango zaizkie modulu berezituen bitartez. Izan ere, entrenatzaileak dira gazteen ohitura linguistikoen gidariak eskolaz kanpo eta beharrezkoa da gidariok bidelagun izatea euskararen erabileraren aktibazio bidean. Hala ere, epaile, kirol talde, kirol federazio eta gurasoengan ere eragiteko helburua duen plana da.   

2021-2024 urteetarako planak formazioan hiru kirol lehenesten ditu: futbola, errugbia eta saskibaloia. Futbola da EAEn lizentzia kopuru handiena duen kirola, errugbian, adituen iritziz, beste kirol federatu batzuetan baino barneratuago dago euskararen erabilera eta saskibaloia EAEn hirugarren kirol praktikatuena da eta genero-berdintasunaren ikuspegitik aukera paregabea eskaintzen du, fitxa guztien %43 emakumezkoenak bait dira.

Hala ere, kirol praktikaren errealitatea desberdina da tokiaren eta herriaren arabera eta plan honek errealitate guzti horiek hartzen ditu barnean. Tokian tokiko kirol praktikaren araberako sustapen ekintzak jarriko dira martxan.

Plana garatzeko oinarriak

Kirolean euskara sustatzeko planak lau oinarri nagusi ditu:

  1. Trebakuntza: planak prestakuntza integrala proposatzen du. Kirolean erreferente diran entrenatzaile eta epaileak euskaraz trebatuko dira horrela gazteen euskararen erabilera modu naturalean handitu ahal izateko. Lehentasuna oinarrizko mailetan, kategoria baxuenetan aritzen diran entrenatzaile eta epaileak izango dira horiek bait dira hizkuntza-ohituretan eragiteko aukera gehien dutenak.
  2. Erabilera: gazteek entrenatzaileekin, epaileekin eta beste jokalariekin dituzten harremanetan euskararen erabilera areagotu nahi da. Gaur egun euskara gehien entrenatzaile-jokalari harremanean erabiltzen da eta gutxien jokalarien arteko harremanetan.
  3. Berrikuntza: entrenatzaile eta epaileen trebakuntza prozesuetan teknologia berriak txeratuta eta eduki interaktiboen alde egin nahi da: e-learning irakaskuntza, entrenatzaileen lana erraztu dezaketen material eta kirol-metodologien inguruko tresna digitalak eta elkarrekintzan oinarritutako webguneak, besteak beste.
  4. Sustapena: planaren helburuetako bat aktibazioa da, ez bakarrik gazteena eta kirol arloarena baizik eta gizarte osoarena. Kirolarena arlo estrategikoa da euskararen erabilera modu aktibo batean bultzatzeko aldi berean gizartearen ispilu eta erreferente ere badelako. Klubetan euskararen erabileraren aldeko kontzientzia piztaraztea eta klubek euskara planak sustatzea lortu nahi da, besteak beste.

Lankidetza

Kirolean euskara sustatzeko plana lankidetzatik landu eta sortutako plana da. Kultura eta Hizkuntza Politika sailak Hezkuntza Sailaren, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien, udal teknikarien, futbol, errugbi eta saskibaloi federazioen, Euskal Kirol Federazioen Batasunaren, kirol-aholkularitza enpresen, Real Sociedad, Athletic Club eta Eibar Futbol taldeen Fundazien eta euskalgintzaren sektorearen lankidetza izan du gaur aurkeztutako plana lantzeko.

Denen ekarpenak eta iritziak hartu dira kontutan dokumentu berria osotzerakoan eta aurrerantzean ere entitate eta eragile desberdinekin, elkarlanean, burutu beharko dira hainbat ekimen eta proiektu, plana gizarteratzeko beraien parte hartzea ere ezinbestekoa delako. Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren helburua planaren garapenerako akordioak lortzea da. Planaren arrakastarako ezinbesteko faktorea da kirol arloko entitate eta eragile desberdinen arteko elkarlana eta akordioak lortzeko gaitasuna. Erakundeen arteko akordioak eta sektorearekin, kirol-federazioekin eta kirol klubekin elkarlana sustatzea ezinbesteko faktoreak direla azpimarratu du Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak.    

Aurrekariak

2019an batetik Hizkuntza Politikako sailburuodetzak kirol esparruan esku-hartzeko beharra ikusi zuen eta bestetik Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak kirolaren esparruak euskara aldetik zituen gabeziak azpimarratu zituen. Guraso askoren iritzia ere bildu zen kirola euskararako irabazteko nahia adieraziz, izan ere, haur askok eskolan baino ez dute erabiltzen euskara.

Egoera horren aurrean Kultura eta Hizkuntza Politika sailak ordura arte euskaratik kirol arloan egindakoa aztertu eta balizko hutsuneak atzematen hasi zen hainbat ikerketa egin eta gaian eskarmentua duten erakundeengana jota diagnosi egoki bat eginez.  Lankidetza horren emaitza da gaur aurkeztu den “Kirolean euskara sustatzeko 2021-2024 plana”.

Kanpaina

Gaur aurkeztutako plana indartzeko helburuz Kultura eta Hizkuntza Politika sailak kanpaina berezi bat jarri du martxan “Euskara Bihotzetik Ezpainetara” lemapean. Horrela kirolean, jokalarien artean, entrenatzaile eta jokalarien artean edo eta epailearen eta jokalarien artean harremana euskaraz ematea posible dela erakusten du komunikabideetan datozen hilabeteetan ikusgai egongo den kanpainak.

2 iruzkin
  • 2021-07-25

    Oso garrantzitsua da euskara transmititzea balioen transmisio-katean, dela kirolean, dela gizartean, dela, batez ere, giza izaeran.

  • 2021-07-25

    Muy importante transmitir el euskera en la cadena de transmisión de valores, ya sea deportivos, sociales y sobre todo de carácter humano.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak