Euskal Autonomia Erkidegoak Irisgarritasunaren Behatokia izango du, eskubide horren benetako irudia lortzeko autonomia-erkidegoan

2021-07-21
  • Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseiluak (ISEK), ezohiko osoko bilkuran, Euskal Autonomia Erkidegoko Irisgarritasun Estrategia garatzeko Ekintza Plana onartu du
  • Besteak beste, irisgarritasunari laguntzeko irtenbide teknologikoak bultzatzea, produktu irisgarriak diseinatzea eta hezkuntza-maila guztietan pertsonak sentsibilizatzeko prestakuntza-materialak sortzea dira planak jasotzen dituen neurrietako batzuk

 

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuorde Pedro Jauregui Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseiluaren (ISEK) ezohiko osoko bilkuraren buru izan da asteazken honetan, eta bertan Euskal Autonomia Erkidegoko Irisgarritasun Estrategia garatzeko Ekintza Plan berria onartu da. Planaren neurrien artean, legegintzaldi honetan EAEn Irisgarritasunaren Behatoki berria sortzea dago. Behatoki horretan, pertsona guztiek ingurune, produktu, zerbitzu eta informazioetara iristeko eta horiek erabiltzeko duten eskubidea modu aske eta autonomoan gauzatzeko neurrien bilakaera aztertuko da.  

Behatokiak irudi erreal bat lortzeko lan egingo du, Euskal Autonomia Erkidegoko irisgarritasunaren egoera aztertu eta egin beharreko hobekuntzak identifikatu ahal izateko. Planak berak neurri zehatzak ezartzen ditu Eusko Jaurlaritzak 2020an onartutako Irisgarritasun Unibertsalaren EAEko Estrategia praktikan jartzeko. Horrek aldaketa eragin du orain arte egindako bidean; izan ere, irisgarritasun-kontzeptu berri bat garatzen du, hiri-espazioetako eta eraikin publikoetako oztopoak ezabatzeari hainbeste garrantzia emango ez diona, eta fokua produktuen, lantokien, zerbitzuen, etxebizitzen eta komunikazio digitalaren diseinua bezalako ingurune ez-fisikoetara ere zabalduko duena. Horrek jarduketa-esparru desberdinak hartzen ditu, hala nola aisia, osasuna, kultura, justizia, turismoa edo garraioak.

Jauregui sailburuordeak azpimarratu duenez, gero eta zaharragoa den Euskal Autonomia Erkidego honetan, "funtsezkoa da ulertzea gure bizitzan zehar gaitasun funtzional diferenteak izango ditugula eta, desgaitasuna izan ala ez, pertsona guztiok dugula espazio, produktu, zerbitzu eta komunikazio irisgarriak, erabilgarriak eta ulergarriak eskuratzeko eskubidea. Horrek konpromiso publiko eta pribatua eskatzen du, plan berri honekin eta bere neurriekin aurrera egiteko". 

Planak ezartzen du erakunde publikoek lau urteko programa bat izango dutela kanpoko espazioak, eraikinak, azpiegiturak eta zerbitzuak irisgarri egiteko, eta gauza bera egitera gonbidatzen ditu erakunde pribatuak. Halaber, irisgarritasunaren arloan prestakuntza sustatzeko beharra identifikatzen du, hezkuntza-ziklo guztietan —eta jakintza-adar guztietan, teknologikoenetatik hasi eta sozialenetaraino— irisgarritasun unibertsalari eta aniztasunaren kudeaketari buruzko edukiak bilduz, edukiaren eta espazio fisiko eta digitalen sorkuntza eta diseinua barne hartuta.

Besteak beste, gaur onartutako ibilbide-orri honek hauteskunde-prozesuak aztertzeko beharra planteatzen du, zehazki hauteslekuak eta hauteskunde-txartelak, irisgarritasunaren ikuspegitik. Era berean, produktu edo zerbitzu irisgarrien sorrera bultzatzeko ekimen-multzo baten alde egiten du, bai funts pribatuekin lankidetzan arituz, bai berrikuntzako programa publikoetan ildo espezifikoak indartuz, besteak beste, irisgarritasuna sustatzeko irtenbide teknologikoak bultzatuko dituen gizarte- eta enpresa-sarea eraikitzearen alde eginez.

Neurri guztien helburua planak ezarritako printzipioak betetzea da: aukera-berdintasuna, bizimodu independentea bermatzea, pertsona guztientzako diseinua sustatzea, zeharkakotasuna, eragile guztien inplikazioa, gizarteratzea eta normalizazioa eta elkarrizketa zibila.

Honako hauek osatzen dute Irisgarritasunaren Euskal Kontseilua: Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Ekonomia eta Ogasun Saila, Segurtasun Saila, Hezkuntza Saila, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila, Lan eta Enplegu Saila, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila, Osasun Saila eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Saila, hiru foru-aldundiak, Eudel, bai eta kontsumitzaileen, desgaitasunen bat duten pertsonen eta erretiratuen elkarteak eta eraikuntzaren sektoreko elkargo profesionalak ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak