URAk Batan eta Zapardiel ibaien goraldiei aurre egiteko obrak lizitatu berri ditu

2021-07-21
  • Gasteizko Udalak Uraren Euskal Agentziaren esku jarri beharko ditu lurrak, hiriaren hegoaldeko hiri-bilbearen segurtasuna areagotzeko funtsezko obra baten esleipena ez atzeratzeko
  • Proiektuaren xedea da uraldi-emariei eusteko 130.000 m³ edukiera duen baltsa bat eta 2.380 m-ko lurpeko eroanbide bat eraikitzea, ur handien emarien 1 m³/s-koraino ur Ali ibaira bideratzeko

URA-Uraren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzaren erakunde publikoak, Gasteizko Batan eta Zapardiel ibaien ur-goraldiei aurre egiteko obren lizitazioari hasiera eman dio, eta espero du laster Gazteizko udalak URAren esku jarriko dituela lanak egiteko beharrezkoak diren lursailak: besteak beste, lanen esleipenean eta horien hasieran atzerapenik gerta ez dadin.

Uholdeen aurkako defentsaren esparruan,  Uraren Euskal Agentziaren ardurapean lehentasun handiena duen obretako bat da; izan ere, nabarmen handituko du Gasteizko hiri-bilbearen hegoaldean diren pertsonen eta erabilera zaurgarri ugariren segurtasun-maila, Abendaño-San Martin eremukoak barne. Alegia,  jarduera horri esker, Batan eta Zapardielen goraldien erasana mugatu ahal izango da Aretxabaleta auzoaren eta EHUko Kirol Zientzien Fakultatearen artean. Era berean, ingurumen-hobekuntza handia lortuko da, hondakin-uren arazketa-eraginkortasuna handitu egingo baita ur askoko sasoietan.

Orain lizitatzen den behin betiko proiektuak ezinbesteko izan du aldez aurretik ingurumen-ebaluazioa izapidetzea eta jendaurrean jartzea. Funtsean, xedea honakoa da: 130.000 m³ edukiera duen uholdeei eusteko baltsa bat eraikitzea, eta 2.380 m-ko lurpeko eroanbide bat eraikitzea da, Batanen ur askoko sasoietako emarien m³ bat segundurainoko ura Ali ibaira bideratzeko. Gazteiz hiriburuaren uholdeei aurre  egiteko jarduketa garrantzitsua da oso, 6,3 milioi euroko kostua duena (BEZa barne).

Jarduera horren helburua bikoitza da. Alde batetik, Gasteizko hiri-bilbearen hegoaldean segurtasuna areagotu egin nahi da, Gasteizko mendietan jaiotzen diren bi ibaien ur-goraldien aurrean. Hiriaren hegoaldeko uholdeen uholde-orbanaren hedadura nabarmen arintzea da helburua. Horretarako, aipatutako 130.000 m2-ko baltsa bat sortuko da antzinako legartza batean.

Bestalde, jarduketa aprobetxatu nahi da emari garbiek Gasteizko saneamendu-sarean hondakin urekin bat egin ez dezaten, eta, hortaz,  Krispiñako Hondakin Uren Araztegia-HUAren arazketa-eragikortasunean eraginik izan ez dezaten. Hau da, HUAren arazketa-errendimendua hobetzeko, saneamendu-sarean sartzen den ur-goraldien emaria murriztu nahi da. Izan ere, Batan eta Zapardiel, Gasteizko hirigunean sartu ondoren, hiria hegoaldetik iparraldera zeharkatzen duen kolektorean sartzen dira. Kolektore hori saneamendu-sarearen parte da, eta ondoren HUAn tratatzen da. Beraz, arazo bat sortzen da tratatu beharreko ur-bolumenak nabarmen handitzean, eta urgoraldietako emari-gailurretan araztegiaren funtzionamendu normala baldintzatzen dute.

Beraz, urtean zehar Batan eta Zapardiel ibaietatik igarotzen den uraren ahalik eta bolumen handiena Ali ibaira bideratzeko diseinatu da obra. Horretarako, lurpeko eroanbide hori eraikiko da, 2.380,70 m-koa, eta 1,00 m3/s-rainoko edukiera izango du. Nolanahi ere, deribazioak bi ibaien emari ekologikoa errespetatuko du ur baxuko aldietan, urteko sasoi guztietan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak