Bingen Zupiria BADALAB Hizkuntza eta Gizarte berrikuntzako laborategiaren eraketa ekitaldian izan da

2021-07-21

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiria BADALAB Hizkuntza eta Gizarte berrikuntzako laborategiaren eraketa ekitaldian izan da gaur. Ekitaldian parte hartu du Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek ere. Euskara biziberritzeko eta hiztunen arteko berdintasuna sustatzeko garaian esperimentazio gune erreferentziala bilakatzeko helburuarekin jaio da BADALAB hizkuntza eta gizarte berrikuntzarako laborategia. Jomuga horrekin abiarazi dute gaur proiektu berri hori, Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano buru dutela, euskal erakundeetako eta euskalgintzako hainbat ordezkarik Foru Aldundian egindako sinadura ekitaldian, zeinetan osatu duten erreferentziazko zentro honek oinarrian izango duen partzuergoa. Euskararen biziberritze prozesuan berrikuntza eta esperimentazioaren aldagaiak txertatzea izango du xede eta, aldi berean, gizarte berrikuntza prozesuetan hizkuntzaren aldagaia kokatzea. Hala nola, euskararentzat aukera berriak identifikatu eta horietan eragiten saiatuko da, prototipo berriak proposatuz. Hizkuntza teknologiarekin esperimentatzea izango du jomugan, baita ere.

Helburu horietatik abiatuz, BADALAB-ek hiru emaitza nagusi lortu nahiko lituzke bere jardunarekin. Lehenik, euskara indartuko duen ekosistema eraberritu eta aberatsagoa lortzea, eragile berri eta anitzen partaidetzarekin, euskal hizkuntza etengabe sortzen diren testuinguru berrietan egon dadin eta eremu horietan bere erabilera areagotu dadin. Bigarrenik, prototipo eta gizarte proposamen ausartak gauzatu nahi ditu, bide berriak irekiko dituzten proiektu eta ekimen berritzaileak euskaraz abiarazi daitezen. Hirugarrenik, narratiba berriak eta euskarazko bizipen zirraragarriak sorraraztea, formatu eta testuinguru anitz eta digitaletan, euskaraz momentu berriak eta gogoangarriak gehiagotan bizitzeko aukerak sortuz –aisialdian, kulturan, lanean, sorkuntzan, eta abar–.

Hizkuntza eta Gizarte Berrikuntzarako Laborategiaren “izaera kooperatiboaren” lekuko, batzarrean parte hartu dute Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok; Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza politikako sailburuak, Bingen Zupiriak; Errenteriako alkateak, Aizpea Otaegik; Kontseiluako idazkari nagusiak, Paul Bilbaok; Soziolinguistika Klusterreko zuzendari nagusiak, Imanol Larreak, EITBko zuzendari nagusiak, Andoni Aldekoak; UPV/EHUko errektoreak, Eva Ferreira; ArantzazuLABeko zuzendari nagusiak, Naiara Goiak; Languneko zuzendari nagusiak, Lohitzune Txarolak; eta Euskaltzaindiako presidenteak, Andres Urrutiak.

Informazio gehiago hemen

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak