Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak LUCART paper-lantegia bisitatu du, ekoizpen-lerro berri baten inaugurazioa dela eta

2021-07-21

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen Jasangarritasun, eta Ingurumen sailburuarekin batera, Artziniegan dagoen LUCART paper-lantegia bisitatu du, gaur goizean, fabrikako ekoizpen-lerro berri baten inaugurazioa dela eta.

Italiako LUCART taldeak, tissue papera ekoizten eta eraldatzen eta xaboiak eta detergenteak ekoizten dituen enpresak, eskuak lehortzeko eskuoihalak egiteko linea automatiko berri bat inauguratu du gaur, makina tradizional baten bikoitza ekoizteko gai den azken belaunaldiko makineria berritzailearekin.

Enpresako kideekin egindako bileraren ostean, Lehendakariak inbertsio berri horrek erakusten duen jarrera positiboa nabarmendu du, "Eskualde honetako industria-gaitasunaren, nazioartekotzearen eta enpleguaren aldeko apustua". Gainera, LUCARTek duen ekoizpen eredu jasangarria eta arduratsua azpimarratu du. "Inbertsioa, digitalizazioa eta iraunkortasuna uztartuz enpresaren lehiakortasuna hobetzen da. Horiek dira, hain zuzen ere, garapen ekonomiko inklusibo eta jasangarriaren aldeko ardatzak, hartu dugun "Basque Green Deal" konpromisoaren ildotik ".

Halaber, Lehendakariak, bere hitzaldian, pandemia garai honetan LUCARTek erakutsi duen jarrera nabarmendu du, industria ekoizpenaren eta enpleguaren alde.. "Pandemiaren aurkako borrokan 16 hilabete eman ostean, egoera gainditzeko laguntza behar dugu. "Tunel pandemikoaren” amaieran argia dago", adierazi du.

Hala, Urkullu lehendakariak adierazi du elkarrekin lan eginez, lankidetza publiko-pribatuko eredu batekin, jarduera eta enplegua berreskuratzea lortuko dela, "Horixe baita Eskualde honentzat eta Euskadi osoarentzat lortu nahi duguna".

Inaugurazio ekitaldian, bertaratutakoek paper-fabrikako instalazioak bisitatu dituzte; zehazki, eskuak lehortzeko eskuoihal egiteko ekoizpen-linea automatikoa.

LUCART

LUCART talde italiarrak 3 lantegi ditu Euskadin 2018tik: Artziniega eta Aranguren lantegiak eta Gueñesko biltegia. Zentro horiek tissue papera ekoiztu eta eraldatzeko eta norberaren zaintzarako xaboiak eta detergenteak ekoizteko erabiltzen dira; gainera, LUCARTek destintatzeko instalazio garrantzitsu bat ere badu, kalitate handiko tissueu paper ekologiko birziklatuak fabrikatzeko aukera ematen duena. Euskadin, komuneko papera, eskuak lehortzeko bobinak, eskuak lehortzeko oihalak, industria bobinak eta ohatila papera egiten ditu.

Guztira 224 pertsonak lan egiten dute Euskadiko zentroetan, eta horietako ehunek Artziniegako lantegian. LUCARTek urtean 50.000 tona paper baino gehiago ekoizten ditu Euskadin. Erosi zenetik, taldeak inbertsio handiak egin ditu instalazioak modernizatzeko eta ekoizpena lehiakorra izan dadin egokitzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak