Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

200.000 euro kalitatezko Q-a daukaten turismo-enpresen kopurua gehitzeko (2011-07-26(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko uztailak 26

 ETE eta mikroenpresentzako diru-laguntzen linea berriaren helburua Euskadiko turismo-enpresen lehiakortasuna indartzea da, ziurtaturiko establezimendu gehien dituen bigarren erkidegoa baita gaur egun Euskadi.


Turismo-sektoreko enpresentzako laguntzen linea bat onartu du gaur Eusko Jaurlaritzak, Kalitatezko Q-a eta ingurumen-kudeaketako ziurtagiriak dauzkaten establezimenduen kopurua gehitzeko abiarazitako laguntzen linea bat. Aurten 200.000 euroko aurrekontua gaitu da diru-laguntza horietarako.

Ekimen horren helburu orokorra euskal turismo-industriaren enpresen lehiakortasuna hobetzea da. Une honetan, Euskadiko 272 establezimenduk daukate Kalitatezko Q-a, eta hori horrela, ziurtagiri gehien dituen Espainiako bigarren autonomia-erkidegoa dugu Euskadi, Andaluziak soilik gainditzen baitu, sektore horretan enpresa-sare askoz ere handiagoa duelako. Termino erlatibotan ere bigarren lekuan dugu Euskadi.

Gaur onarturiko laguntzen linearen bidez, Espainiako Turismo Kalitatezko Q marka daukaten enpresen kopurua zein ISO 9001:2008 modeloaren arabera ziurtaturiko lokalen kopurua gehitu nahi da, baita ingurumen-kudeaketari dagokionez ere, ISO 14001:2004 arauaren arabera kasu horretan.

Programa horren enpresa onuradunak honako tipologia honetakoren batean bilduriko mikroenpresa eta ETEak izango dira: turismo-ostatuak, jatetxeak, bidaia-agentziak, turismo aktiboa, interpretazio-zentroak, biltzarren antolatzaile profesionalak eta turismo-garraioa. Itzuli beharrik gabeko diru-laguntzatzat hartuko dira laguntza horiek, % 75eraino iritsi ahalko dira eta establezimendu eta deialdi bakoitzeko gehieneko diru-laguntza 12.100 euro izango da gehienez.

Sentsibilizazio-kanpaina

Gaur, asteartea, hasiko da sentsibilizazio-kanpaina bat Euskadi osoan jendea oro har zein turismo-establezimenduak sektore horretan kalitatea indartzearen premiaz kontzientziatzeko. Alde batetik, gizarteari oro har zuzenduta dago, gizarteak ziurtaturiko establezimenduen lanaren berri izan dezan eta, bestetik, sektoreko profesionalei (hotelak, landa-ostatuak, bidaia-agentziak, tabernak, kafetegiak, turismo-bulegoak, museoak....), enpresaburuen artean ahalegin hori sustatzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan