Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Euskadiko turismo-establezimenduak modernizatzeko laguntzak bikoiztu dira (2011-07-26(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko uztailak 26

 

Aurten Eusko Jaurlaritzak 1.120.000 euro jarriko ditu zenbait alorretan (terrazak, Wi-Fia, informatika-ekipamenduak, irisgarritasuna, berokuntza eta abar) inbertitzen duten enpresei diruz laguntzeko.


Jaurlaritzaren Kontseiluak turismo-establezimenduak modernizatzeko laguntza-ildo bat onartu du gaur, 2010eko zenbatekoa bikoiztuko duena. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak 1.120.000 euro bideratuko ditu diru-laguntza horietara.

Turismo-sektoreko enpresen modernizazioa bultzatzea da helburua, azpiegituren aldaketaren eta kudeaketa-tresnen bidez, betiere hori guztia gero eta lehiakorragoa izango den turismo-eskaintza garatzeko.

Honako mota hauetan bildutako mikroenpresa eta ETEek izango dute laguntza horiek jasotzeko aukera: turismo-alojamenduak; jatetxe, taberna eta kafetegiak; bidaia-agentziak; interpretazio-zentroak; turismo-garraioak; eta turismo aktiboa.

Laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak izango dira, eta eskabidea aurkezteko datan jadanik egikaritu diren inbertsioak finantzatzera bideratuko dira, hain zuzen ere, honako mota honetako inbertsioak:

a) Informatika-ekipamenduak eta horien aplikazio eta osagarriak erosi eta ezartzea, betiere enpresaren kudeaketa- edota merkaturatze-prozesuetan hobekuntza ekartzen badute. Halaber, Wi-Fi guneak jartzeko laguntza emango da.

b) Euskadiko Turismoko Irisgarritasun Ereduari atxikitako establezimenduen irisgarritasuna hobetzea, zerbitzuak pertsonen dibertsitate funtzionaletara (fisikoa, bisuala, entzunezkoa, intelektuala eta organikoa) egokituz.

c) Erakargarritasunaren hobekuntza ekarriko duten inbertsioak, baita zerbitzuaren eskaintzari balio erantsia emango diotenak ere. Diruz laguntzeko moduko inbertsioak honako hauek izango dira:

c.1.- Jendearentzako turismo-zerbitzuak eskaintzen dituzten establezimenduetan: lokala, altzariak eta lehiakortasuna hobetzeko beharrezko ekipamendua berritu eta modernizatzea. Atal horretan bilduko dira jatetxe, taberna eta kafetegietan sortutako hondakinak biltzeko sistemak eskuratzeko laguntzak, instalazioak (barrak, zoruak eta abar) behin betiko garbi mantentzen laguntzeko hain zuzen ere. Lokalaren erosketa ez da inolaz ere diruz lagunduko.
c.2.- Hainbat material, ekipamendu eta elementuren (kirol-materialak, audiogidak eta abar) modernizazioa, baldin eta aurreko atalean identifikatu ez diren enpresak badira.
c.3.- Terrazak jartzea, modernizatzea eta egokitzea, urte osoan turismo-erabilera izateko.
c.4.- Garraioak berritzea eta turismo-erabilerarako egokitzea (erosketa salbuetsita).

24.000 euroko laguntza gehienez

Laguntzak, gehienez, enpresek egindako inbertsioaren % 40 izan daitezke, kalitate-ziurtagiria edo jardunbide egokiei buruzko ziurtagiria duten edo irisgarritasun-zigiluak dituzten enpresentzako hobaria barne. Establezimendu bakoitzak 12.000 eurotik 24.000 eurora bitarteko diru-laguntza jaso dezake gehienez deialdi bakoitzean, inbertsio motaren arabera.

Joan den urtean, hasiera batean 400.000 euro bildu ziren aurrekontuan diru-laguntza horietarako, baina azkenean partida hori igo egin zen 550.000 euro izateraino. Horri esker, joan den urtean 211 establezimenduk jaso zuten laguntza, eta, diru-laguntza horiei esker, enpresek 1,5 milioi euroko inbertsioa mobilizatzeko aukera izan zuten.

 

Iruzkin bat
  • @IDELabs
    2011.eko uztailak 27

    Comentario de Twitter:
    Se duplican las ayudas para modernizar los establecimientos tur ísticos de Euskadi (Acuerdo del Consejo de Gobierno del http://t.co/C15ayM5

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan