Eusko Jaurlaritza “oso pozik” agertu da Ministerioak atzerritartasun erregelamendua aldatzeko egindako proposamenarekin
- Ezinbestekotzat hartzen du ehunka gazteri lan-merkatuan sartzen lagunduko dien lege-esparru berri bat, gizarte-bazterkerian eta irregulartasun-egoeretan eror ez daitezen
- Zirriborroak Migrazio eta Asilo Zuzendaritzak egindako ekarpenak jaso ditu, oztopo burokratikoak gainditzera eta inklusio-prozesuak bultzatzera bideratuak
Vitoria-Gasteiz, 2021/07/20
Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak landu duen Atzerritartasun Erregelamendu berriaren zirriborroak Eusko Jaurlaritzaren oniritzia jaso du, eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Migrazio eta Asilo Zuzendaritzak dokumentua “oso egokia, kontsulta publikoen izapidearen esparruan aurkeztutako proposamenekin bat datorrena” dela adierazi du. Zehazki, Xabier Legarretaren zuzendaritzak bi ekarpen egin zituen joan den otsailetan eta uztailean, Estatuan dauden atzerritarren eskubideak eta askatasunak errespetatzeko eta haien gizarteratzea bultzatzeko.
“Behin betiko testua iritsi artean, balorazioa ona da. Ez da denbora galdu behar. Egungo Atzerritartasun Erregelamenduak gizarte-bazterkeriako egoerara eraman ditu ehunka gazte, eta lehenbailehen atera nahi dute egoera horretatik”, adierazi du Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asiloko zuzendari Xabier Legarretak.
Eusko Jaurlaritzaren ustez, beharrezkoa da erakunde publiko batek babesten dituen bidaiderik gabeko adingabe atzerritarren dokumentazioa eragozten duten oztopoak desagerraraztea eta adin-nagusitasunera iristen direnerako egoitza-erregimen propio bat diseinatzea. Hori dela eta, Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak proposatu du egoitza-txartela lortzeko betekizun txikiagoak ezartzea, epeak murriztea, baimenen indarraldia luzatzea eta ezarritako eskakizun ekonomikoak murriztea, gaur egun atzerritartasunari buruzko araudiak zaildu egiten baitu kolektibo hori lan-merkatuan sartzeko aukera. Escrivá ministroaren proposamenak zenbait kritika jaso ditu, hala nola Barne Ministerioko titular Fernando Grande-Marlaskarenak. Haren ustez, epeak murrizteak dei-efektua eragin dezake 17 urteko atzerritarrengan.
Eusko Jaurlaritzaren ustez, aldiz, “Atzerritartasun Erregelamenduaren aldaketa urrats handia izango da, eragin positiboa izango baitu bakarrik iristen diren haur horien bizitzan eta lan-aukera bat eskaini nahi dieten enpresetan”, Legarretak adierazi duenez.
Euskarri estrategia
Lan-ildo horretan bertan, Eusko Jaurlaritzak, hiru foru-aldundiek eta Eudelek Euskarri Erakundearteko Adierazpena. Zaurgarritasun-egoeran dauden adingabeak eta gazteak gizarteratzeko eta laneratzeko estrategia partekatua sinatu dute berriki.
Euskarri Estrategia izenekoa urrun dago babes-ikuspegitik eta espiritu biktimistatik, baina familia-erreferentziarik gabeko haurrek eta bidaiderik gabeko gazte migratzaileek bizi duten testuingurua zaurgarritasunik handieneko testuinguruetako bat da, eta hori da estrategiaren abiapuntua.
Hori dela eta, ibilbide-orri bat planteatzen du zaurgarritasun-egoeran dauden 21 urtera bitarteko bertako zein atzerriko gazteen problematika lantzeko. Jarduketek alderdien arteko aldez aurreko akordio bat dute oinarri. Hitzarmen horren bidez, adingabeek eta gazteek konpromisoa hartzen dute bizitzan aurrera egiteko arduraz borrokatzeko, eta erakundeek horretarako behar dituzten laguntzak eskaintzen dizkiete.
“Hezkuntza-mezua honako hau da: bizitzan aurrera egiteko, gogor lan egin behar da; eta gogor lan egin ahal izateko, laguntza-puntuak eduki behar dira”, dio dokumentuak.