Auzolana II babes komunitarioko programa bi urtez luzatuko da nazioarteko babesa duten eta euskadin finkatzen diren pertsonei arreta eta harrera eskaintzeko (Gobernu Bilera 2021-7-20)

2021-07-20

Auzolana II Babes Komunitarioko Programak bi urteko luzapena lortu du, nazioarteko babesaren onuradun diren pertsonei arreta emateko. Horixe onartu du gaur Gobernu Kontseiluak. Horren bidez, jarraitutasuna emango zaio Kanadan sortu den, Euskadin lehen aldiz garatu den eta bere lehen esperientzian “emaitza positiboa” izan duen proiektu pilotu horri. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak, Migrazioen Estatu Idazkaritzak, Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataritzak (UNHCR), Ignacio Ellacuría Fundazioak eta Cáritasek luzatu egingo dute familia gehiago hartzeko beharrezkoak diren ekintzak egiteko lankidetza-hitzarmena.

 “Euskadik gai izan behar du bere harrera-eredu propioa sortzeko, eta ahalegin handia egiten ari gara eginkizun horretan”, adierazi du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek, eta gaineratu du “beharrezkoa” dela Euskadira iristen diren pertsonek “gure ongietorria eta laguntza” jasotzea.

Babes Komunitarioko Programak 2019ko martxoan hasi zuen bere ibilbidea UNHCR erakundearen eskutik, Siriako bost familia beren herrialdeko gerratik ihesean Jordanian birkokatu eta bertatik Euskadiko hainbat herritara iritsi zirenean.

Harrezkero, Bilbo, Portugalete, Arrigorriaga, Gasteiz eta Andoain izan ziren beren bizileku berriak. Bertan, tokiko komunitatean integratzeko behar zuten laguntza aurkitu zuten.

Hain zuzen ere, Auzolana II Babes Komunitarioko Programak tokiko babes-taldeak eta haiek osatzen dituzten pertsonak ditu oinarri. Izan ere, funtsezko euskarriak dira iritsi berri diren familientzat, eta babes soziala, materiala eta finantzarioa ematen diete, egokitzeko prozesua errazagoa izan dadin.

Programa honen bi urteko luzapenaren bidez, Auzolanaren garapena 2023. urtera arte ahalbidetuko duen esparru juridikoa ezartzen da. Hemendik aurrera, adierazitako tokiko babes-taldeak sortu arte itxaron beharko da, eta, talde horiek osatzen dituzten pertsonen arabera, Euskadin bizitzeko aukera aurkeztuko zaie Babes Komunitarioko Programa balia dezaketen familiei.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko