Eusko Jaurlaritzak Finkatuz programaren aurtengo aurrekontua onartu du, 162 milioi eurokoa (Gobernu Bilera 2021-7-20)

2021-07-20

Gobernu Kontseiluak astearte honetan onartu ditu “Finkatze Kapitala, S.A.” sozietate publikoaren aurtengo kapital- eta ustiapen-aurrekontuak, hurrenez hurren 161.177.552 eta 1.788.468 euroko zuzkidurarekin. Guztira, 162.966.020 euro izan dira. 

Joan den apirilaren 13an, Eusko Jaurlaritzak baimena eman zion Finantzen Euskal Institutuari (FEI) sozietate hori sortzeko, Finkatuz Funtsa kudeatzeko. Funts horren helburu soziala Euskadiko enpresa handietan epe luzerako partaidetza finantzarioak eskuratzea, besterentzea eta kudeatzea da, bermatzeko jarraituko dutela hemen sustraituta egoten eta euskal produkzio-sare osoan trakzio-izaera izaten. 

Finkatze Kapitala S.A. eratu ondoren, eta ekitaldi honetan funtzionatzeko behar dituen legezko baliabideak emateko, Jaurlaritzaren Kontseiluak aurrekontu horiek onartu ditu, gaur, fundazioaren kapital sozial gisa. 

Horrela, FEIk sozietate publiko berriaren esku jarri ahal izango ditu merkataritza-sozietateen kapital akzioak eta partaidetzak, lehentasunezko harpidetza-eskubideak, betebeharrak, kredituak eta bere titulartasunpeko antzeko beste edozein eskubide; betiere, estatutuetan aurreikusitako inbertsio-irizpideak eta jarduketa-printzipioak betetzen badituzte. Finantzen Euskal Institutuari dagozkion bazkide-eskubideak haren administrazio-kontseiluak baliatuko ditu, eta akziodunen batzar nagusia eratuko du. 

Estatutu zirriborroan zehaztutako inbertsio-printzipioen araberakoak izango dira partaidetza erabakiak. Besteak beste hauek: 

  • Enpresaren tamaina: 100 milioi eurotik gorako fakturazio-bolumena izan behar du, eta gutxienez 50 langile izan behar ditu.
  • Forma juridikoa: egoitza soziala Euskadin duten kapital-sozietateak eta kooperatibak. Baita kotizatutako sozietate anonimoetan ere. Ez da aldi berean parte hartu beharko talde bereko kide diren enpresetan.
  • Euskadin sustraituta. Sustraitzearen kontzeptua lotuta egongo da enpresaren egoitza-fiskalarekin edo haren establezimendu iraunkor batekin. Parte-hartzearen bokazioa irautea da, eta, beraz, ez dago denbora-mugarik.
  • Krisian dauden enpresak: baztertuta. 

Lehentasunezko sektore estrategikoen artean, zerrenda itxirik gabe, honako hauek ezartzen dira lehentasunez:

  • Aeronautika
  • Elikadura
  • Automozioa
  • Biozientziak
  • Eduki digitalak
  • Ekoindustriak
  • Energia
  • Makineria
  • Produktu eta instalazio siderurgikoak
  • Teknologia elektronikoak eta informazio-teknologiak
  • Garraioak, mugikortasuna eta logistika 

Parte hartzeko asmoa iraunkorra izango da. Beraz, ez da inbertsioaren gehieneko edo gutxieneko iraupen-aldirik ezartzen. 

Sozietate berriak, hasiera batean, ez du ez giza baliabiderik ez baliabide materialik ere, FEIk egingo baititu kudeaketa- eta administrazio-lan guztiak. Sozietate berriaren gastu guztiak bere jardueratik eratorritako diru-sarrerekin finantzatzen dira (dibidenduak), eta, beraz, ez da beharrezkoa EAEko aurrekontuen ekarpen gehigarririk egitea. 

2021eko kapital-aurrekontuarekin batera, Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspena da legealdian zehar kapital soziala handitzea, 300 m/€-ra iritsi arte.

 

 

 

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko