Berriak Osasun eta Kontsumoa
Eu

Eusko Jaurlaritzako Kontsumo Zuzendaritzaren prestakuntza zentroetan eta programetan 32.000 lagunek baino gehiagok hartu dute parte EAEn 2011ko lehen seihilekoan

2011.eko uztailak 26

Eusko Jaurlaritzaren Kontsumo Zuzendaritzak 32.297 pertsonari prestakuntza eta informazioa eman dizkie 2011ko lehen seihilekoan, Bilbon, Donostian eta Vitoria-Gasteizen kokatutako kontsumorako 3 prestakuntza zentroen bitartez, eta ikastetxeetan zein adinekoen zentroetan garatu diren programetan.

Kontsumo Zuzendaritzaren helburua da kontsumitzaileak eta erabiltzaileak prestatzea eta informatzea, egungo kontsumo gizartean modu kritiko, autonomo eta arduratsuan jardun ahal izateko.

Gehien eskatzen den prestakuntza jarduera  tailerra da, hots, 90 minutuko iraupena duen taldeko jarduera praktikoa; eta, horren atzetik, irakasleentzako, gurasoentzako eta hezitzaileentzako prestakuntza jardunaldiak eskatzen dira nagusiki.

 

Kontsumorako prestakuntza zentroak

Lehen denboraldi honetan 1.100 tailer baino gehiago egin dira, eta 13.500 lagunek baino gehiagok parte hartu dute horietan. Talde parte-hartzaileak irakaskuntza arautuko nahiz ez arautuko zentroetatik, elkarteetatik, edo EAEko gizarteratzeko eta laneratzeko programetatik etorri dira, beste talde batzuen artean.

Prestakuntza-jardunaldietan eta familia-tailerretan 245 hezitzaile prestatu dira (irakasleak, gurasoak, begiraleak, eta abar), kontsumo arduratsuaren aldeko tresnez hornitzearren, eta, aldi berean, belaunaldien arteko harremanen eta komunikazioaren bidezko ikaskuntza sustatu da, batez ere familia-tailerretan.

Lehen seihileko honetan, Kontsumo Zuzendaritzak herritarrak sentsibilizatu eta informatzeko ekimen berri bat jarri du martxan, EAEko Udalen lankidetzarekin. Horri esker 20 hitzaldi jarri dira abian, 389 lagun prestatuz, hainbat herrialdetan, hala nola Irunen, Urretxun, Lasarte-Orian, Portugaleten, Santurtzin, Zallan, Basaurin, Lekeition, Iurretan, Mañarian, Lantaronen, Iekoran, Vitoria-Gasteizen...

Datorren irailaren 8an, Ate Irekien Jardunaldi bat egingo da kontsumorako 3 prestakuntza-zentroetan; bertan 2011/12 ikasturterako berriak aurkeztuko dira, eta interesdunek gertutik ezagutu ahal izango dute kontsumoaren arloko hezkuntza nola egiten den.

 

Prestakuntza ikastetxeetan

Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako lehengo zikloko 93 ikastetxeetan 1600 tailer baino gehiago egin dira, 13.266 ikaslek, eta haien irakasleek, hartu dute parte, baita ikastetxe horietako 754 gurasok ere.

 

Prestakuntza adinekoen zentroetan

17 astetan zehar, 17 zentrotako 1499 lagunek hartu dute parte.

 

Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua laster jarriko da martxan

Kontuan hartu beharra dago irailaren 1ean martxan jarriko dela Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua. Erakunde horrek orain arte Kontsumo Zuzendaritzaren esku zeuden eginkizunak hartuko ditu bere baitan; kontsumoaren arloko prestakuntza, besteak beste. Institutua sortzea beste pauso bat izango da euskal herritarrok kontsumitzaile zorrotzak, konprometituak eta guztiz arduratsuak izateko bidean

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan