Euskadi hautatua izan da Europan errezeta elektroniko elkar eragingarriaren proiektua pilotatzeko
Euskadik probak gainditu ditu garapen tekniko eta funtzionalaren ingurunean baita baldintza guztiak betetzen dituela ziurtatzen duen Europako Batzordearen auditoria bat ere
Euskadin errezeta elektronikoaren elkar eragingarritasuna 2018ko urtarrilean ezarri zen eta harrezkero 3.857.588 errezeta saldu zaizkie euskal herritarrei beste autonomia-erkidego batzuetako farmazia-bulegoetan.
“e-rezeta”, Osakidetzaren errezeta elektronikoa, 2022an erabili ahal izango da Europan. Osasun Ministerioak Euskadi hautatu du, beste bi erkidegorekin batera, Europako errezeta elektroniko elkar eragingarriaren proiektua pilotatzeko. Programaren helburua hauxe da, EBko herritarrek beren medikazioa EBren barruko beste edozein herrialdetako edozein farmazia-bulegotan lortu ahal izatea, dagokien errezeta elektronikoaren online transferentziari esker, afiliatuta dauden beren egoitzako herrialdetik lekualdatzen diren herrialdera.
Lehen fase batean, 2022an, pilotajea egiteko lurralde hautatuen eta arduradunen artean —Portugal, Finlandia, Polonia, Suedia eta Estonia— lortuko da elkar eragingarritasuna. 2025erako dago aurreikusita Osakidetzako txartel elektronikoa Europar Batasuneko edozein herrialdetan erabili ahal izatea.
Pilotajeko etapa horretan, Europako Batzordeak Euskadiko eredua aztertuko du Europako errezeta elektroniko elkar eragingarriaren plataforman integratzeko. Izan ere, Euskadik probak gainditu ditu dagoeneko garapen teknikoaren eta funtzionalaren ingurunean eta, berriki, Europako Batzordearen auditoria zorrotz bat ere, non baloratu egiten den Estatu kideek osasun-zerbitzuen elkar konexiorako baldintzak betetzen ote dituzten legearen eta antolamenduaren eremuan, prozeduren eta intzidenteen kudeaketa-prozesuen eremuan, segurtasunaren eremuan eta eremu teknikoan eta semantikoan.
Herrialde guztiek gainditu dute auditoria Euskadik urrian hasiko duen azken produkzio-fasean parte hartu ahal izateko. Proiektuan parte hartzen duten eskualde eta herrialdeetako sistema informatikoak prestatu eta egokitzeko sei hilabeteko gutxi gorabeherako aldiaren ondoren, espero da, 2022tik aurrera, euskal herritarrek dagokien medikazioa beren osasun-txartelarekin jaso ahal izatea Portugal, Polonia, Finlandia, Suedia eta Estoniako edozein farmazia-bulegotan, eta herrialde horietako erabiltzaileek gauza bera egin ahal izatea Euskadin daudenean.
Euskadin errezeta elektronikoaren elkar eragingarritasuna 2018ko urtarrilean ezarri zen eta erkidegoen elkar eragingarritasunari esker estatuko edozein farmazia-bulegotan eskura daiteke medikazioa, Osasun Txartel Indibiduala aurkeztuta. Abian jarri zenetik, guztira 317.843 euskaldunek eskuratu dute dagokien medikazioa beste Autonomia Erkidego batzuetako farmazietan.
Euskal e-rezeta elkar eragingarriarekin 3.857.588 errezeta saldu zaizkie euskaldunei beste autonomia-erkidego batzuetako farmazia-bulegoetan. Gaztela Leon (1.259.783 errezeta) izan da e-errezeta gehien erabili izan den autonomia-erkidegoa, eta bere atzetik Kantabria (712.909), Valentziako Erkidegoa (359.319), Galizia (313.142) eta Errioxa (304.512).
Bere aldetik, euskal farmaziek beste erkidego batzuetako 63.254 pazienteri eman diete arreta, eta guztira 449.567 e-rezeta saldu dituzte: 89.328 Araban, 222.705 Bizkaian eta 137.534 Gipuzkoan. Saldu diren errezeta horiek gehienak jatorri hauetako pazienteentzat izan dira: Gaztela Leon (90.189), Madril (56.110) eta Kantabria (52.217). Zehazki, 2020an Euskadiko farmaziek guztira saldutako 35.268.148 e-rezetetatik % 0,49 elkar eragingarriak izan ziren.
e-rezetak segurtasun eta erosotasun plus bat ematen die erabiltzaileei, eta bere eskuragarritasunagatik, errendimenduagatik eta eraginkortasunagatik nabarmentzen da. Gainera, ia guztiz ordeztu du paperezko errezeta. 2020an fakturatu ziren errezeten % 98,91 elektronikoak izan ziren.