Berriak Segurtasuna

Josu Erkorekaren ustez, harrigarria da lehenengo alarma-egoera baliogabetzen duen KAren erabakia eta “ondorio oso garrantzitsuak” izango ditu maila guztietan

2021-07-15

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak adierazi du harrituta dagoela lehenengo alarma-egoera baliogabetzen duen Konstituzio Auzitegiaren ebazpenarekin, denbora horretan guztian zuzenean baldintzatu zituela eta “herritarren eta administrazio publiko guztien portaera, jokabidea eta gauzak egiteko modua”. Adierazi du erabakiak “ondorio oso garrantzitsuak” izango dituela maila guztietan, “legean aurreikusitako mota bat edo beste hautatze kontu batengatik edo nomenklatura kontu batengatik”. 

Adibidez, adierazi du, KAren ebazpena aztertu beharko dela eta Segurtasun Sailak pandemian erregistratutako arau-hausteetan zer-nolako eragina duen ikusi beharko dela, aurreko urteekin alderatuta jarritako isunak 40 aldiz gehiago izan baitziren. Hazkunde esponentzial horren ondorioz “antolaketa-ahalegin handia egin behar izan zen eta langile gehiago kontratatu behar izan ziren arrazoi horrengatik abian jarri ziren zigor-espediente guztiak epe barruan eta zegokion moduan ebazteko eta, aldi berean, aplikazio informatiko bat ere garatu behar izan zen, eta horretarako baliabide ugari inbertitu eta mugiarazi behar izan ziren”.

IZAPIDETUTAKO ISUNAK

Eusko Jaurlaritzak 22.955 isun-proposamen izapidetu ditu alarma-egoeran oinarrituta: 13.500 bat isun Ertzaintzak eta beste 9.500 udaltzaingoek. Horiei gehitu behar zaizkie Barakaldoko, Bilboko eta Gasteizko udalek izapidetutakoak, alarma-egoerako isunen zehatze-prozedura propioak baitituzte. Isun horietako gehienak oraindik erreklamatzeko edo kobratzeko epean daude. Dagoeneko ordaindu direnak milioi eta erdi eurora iritsi dira, eta ikusteko dago diru hori itzuli beharko den edo ez.

Lehendakariordeak adierazi du KAren ebazpen osoa ikusi beharko dela eduki guztien eta horren helmenaren berri izateko, bai eta zer ondorio izango dituen jakiteko ere, izan ere, adierazi du, “isunen ondorioz irekitako espedienteak tramite-fase ezberdinetan daude, eta kasu batzuetan amaituta eta ezarritako zigorrak ordainduta daude”.

LEHENDAKARIAREN DEKRETU BERRIA

Osasun-neurri berriak ezartzen dituen eta indarrean bihar jarriko den dekretuari dagokionez, lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak azpimarratu du gizartearen laguntzaren garrantzia eta Euskadin Covid-19aren hedapena geldiarazi ahal izateko ahalegin kolektiboa egiteko premia. Adierazi du neurri “handinahikoa eta beharrezkoa” dela osasunaren ikuspegitik, eta, gainera, udalen inplikazioa ere eskatzen duela, gauez parkeetan, lorategietan eta aisialdiko lekuetan sartzeko eta horiek erabiltzeko murrizketak seinaleztatu ditzaten.

Neurri berriak betearazteari dagokionez, Josu Erkorekak esan du polizia-jarduketa orain arte bezalakoa izango dela, eta Euskadiko poliziek esku hartzen jarraituko dutela, hasiera batean, arauak betetzen ez dituztenean herritarrak ohartarazteko, eta horrela egitea ezinezkoa denean, beti bezala zigor-mekanismoak aktibatuko direla.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak