Artolazabal sailburua Ermuan izan da gaur, Miguel Angel Blancori eskainitako omenaldian

2021-07-13

Ermua, 13/07/2021

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal Ermuan izan da gaur, ETAk duela 24 urte erail zuen Miguel Angel Blanco zinegotzi popularraren omenez egindako ekitaldian. Ekitaldia Ermuko Udalak antolatu du, eta, bertan, gogoan izan dute, halaber, ETAk duela 40 urte erail zuen Sotero Mazo Figueroa ile-apaintzailea. Omenaldia, zehazki, Ibarrolak udalerriko terrorismoaren biktimen omenez egindako monumentuaren aurrean egin den lore-eskaintza bat izan da.

Artolazabalekin batera, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendari Monika Hernando, Enrique Ullibarriarana aholkularia eta Gogora-Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarro izan dira.

 “ETAk Miguel Angel Blanco erail zuenean, Alderdi Popularreko zinegotzi baten bizitzari ez ezik, Euskadi osoaren bizitzari, eskubideei eta askatasunei ere eraso zien", adierazi du Beatriz Artolazabalek Ermuan.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak “bidegabetzat” jo du zinegotziaren hilketa, eta, adierazi duenez, “egiaren eta bizikidetzaren zerbitzura egongo den memoria batekin nahi dugu etorkizuna”.

Ildo horretan, Artolazabalek iragarri du bere Saila, Gogora institutuaren bitartez, Ermuko Udalarekin lanean ari dela datorren urtean ekitaldi berezi bat antolatzeko, zinegotzi popular gaztearen hilketaren 25. urteurrena dela eta.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Enrique Ullibarriarana