Berriak Herrizaingoa
Eu

Arkautik polizia adituentzako tiro txapelketa bat antolatu du

2011.eko uztailak 26

Bihar, asteazkena, Ikastegiaren instalazioetan

Arkautiko Polizia eta Emergentzia Ikastegiak tiro lehiaketa bat hartuko du bihar, asteazkena, eta polizia erakundeetako eta erakunde militarretako hainbat kide hartuko ditu, alor horretan adituak. Lehiaketa hori polizia tiroan adituak trebatzeko prestakuntza politikaren baitan hartu behar da, Ertzaintzaren eta EAEko Udaltzaingoetako agenteak trebatzeko tiro eskola propio baten oinarriak finkatzeko prozesuan.

Tiro txapelketa bihar, asteazkena, egingo da, Arkautiko Ikastegiaren instalazioetan, eta Ertzaintzako, Gasteizko Udaltzaingoko, Nafarroako Foruzaingoko, Guardia Zibileko, Polizia Nazionaleko, GAReko, Armadako eta Euskadiko Tiro Olinpikoko Federazioko kideek parte hartuko dute.

Taldeek (hiru tiratzailekoa izango da bakoitza) goizeko zortzi eta erdietan abiatuko dute lehiaketa eta eguerdiko hamabiak aldera bukatuko dute. Proban zehar ariketa ezberdinak egingo dituzte polizien egunerokoan ohikoak diren egoeren aurrean trebetasuna eta punteria neurtzeko.

Tiro eskola propioa

Goizeko saioa Arkautiko Ikastegiak tiro eskola propio baten oinarriak finkatzeko jardueren artean kokatu behar da, Ikastegiak berak bultzatuta, Ertzaintzako nahiz Euskal Autonomi Erkidegoko Udaltzaingoetako agenteak trebatzeko. Iragan ekainean, lehen ikastaro bat egin zuten, tiro irakasleak trebatzeko, eta Tarmo Kopakka Sig-Sauer Academyko irakasle nagusiak parte hartu zuen. 25 urtetik gorako esperientzia du eta Europa mailan su armak erabiltzen irakasteko aditu ospetsuenetakoa da.

Punta-puntako instalazioak

Ertzaintzak instalazio modernoak ditu, poliziei tiro egiten irakasteko bereziki prestatutakoak, Iurretan, Berrozin eta Arkautin. Azken horretan, hain zuzen, eraikin oso bat du; praktikak egiteko lau tiro zelai eta arma probak egiteko beste bat ditu. Eraikin berean, tailerrak daude, euskal polizia guztiei armagintzaren inguruko zerbitzu osoa emateko. Heziketa teorikoa emateko gelak ere badaude bertan.

Zelai horietan hirutan ibilgailuetarako sarbideak daude, era guztietako ibilgailuak parte hartzen duten tiro praktika konplexuagoak ere egiteko. Azken bi urteotan lan handia egin dute zelai hauek puntuan jartzeko, segurtasun neurriak hobetzeko...

Lurpeko galeria

Azken urte honetan laugarren tiro zelaia instalatu eta egokitu dute, eta martxotik hona hori egokitzen ari dira. Lurpeko galeria bat da, eta ikuspen urriko baldintzetan tiro egiteko diseinatuta dago. Praktikak egiteko, arma arruntez gain, punteria hobetzen laguntzeko gailuak (laser sistemak, linternak, punteriarako tritiozko osagaiak eta abar) ere erabil daitezke. Zelaia led (argi naturalaren oso antzekoa) bidez argiztatuta dago, eta kea eta hondakin tokikoak ateratzeko sistema bat du.

Aldi batera zortzi tiratzaile hartzeko prestatuta egoteaz gain, zelaiak sistema tekniko ugari ditu, automatikoki agertzen eta desagertzen diren jomugak eta estres maila erregulatzeko grabazioak, besteak beste.

Ikerketa balistikoa

Tiratzaileak trebatzeko, beste esparru teoriko batzuk ere jorratuko dituzte Ikastegian, su arma bakoitzaren ahalmenen eta ondorioen gaineko jakintza handitzeko xedez. Ildo horretan, Ikastegiak ikerketa balistikoa egin du, egoera ezberdinetan hainbat kalibretako hogeita bi jaurtigai mota bederatzi arma motatan erabilita zer gertatzen den argitzeko. Hainbat distantziatatik egindako tiroak aztertu dituzte, jaurtigaiak material batzuetan zenbat sartzen diren ikusteko; inpaktu angeluak aztertu dituzte; eta ibilgailuetatik eta ibilgailuen kontra egindako tiroek, eta xafla metalikoen, kristalen, mugitzen ari diren pneumatikoen bonbonen, erregai tangen etab.en aurka egindakoek zer ondorio dituzten zehaztu dute. Halaber, balen aurkako txalekoek hainbat jaurtigai motaren aurka distantzia ezberdinetatik ematen duten babesa eta jaurtigaiek lurra edo hormak jo eta gero duten efektua ere argitu dituzte.

Ikerketa hori guztia abiadura handiko kamerez grabatu dute, eta bost ordu baino gehiagoko materiala pilatu dute. Gainera, fitxa didaktikoak egin dituzte, praktiketan dauden agenteak eta eliteko tiratzaileak trebatzeko.

Azterlanari esker, askoz gehiago sakondu dute tiro eta armamentu arloetan. Horrela, erreferentziazko materiala sortu dute, euskal polizia agenteak trebatzeko lanean eragin zuzena izango duena.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko