Berriak Hezkuntza

Hezkuntza Sailak 60 milioi euro bideratuko ditu unibertsitatez kanpoko ikasleei zuzenduriko beketarako (Gobernu Bilera 2021-7-13)

2021-07-13
  •   %5eko kenkaria aurreikusten da, Covid-19ren eraginez egoera ekonomiko larrian izan diren familientzat
  • Baldintzak betetzen dituen familia orok laguntza jasoko duela bermatzen du Hezkuntza Sailak 

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, 2021-2022 ikasturtean unibertsitatez kanpoko mailetako ikasleak eskolatzeko beka eta dirulaguntzak deitzen dituen Agindua. Deialdiak 60 milioi euroko zenbatekoa du orotara.

Ikasturte honetan, ihazko bezala, kenkari bat aurreikusten du deialdiak, Covid-19k eragindako osasun-krisiaren ondorioz, egoera ekonomikoa larriki kaltetu zaien familientzat.

Familia horiek, zenbatutako errenta osoari %5eko kenkaria aplikatzeko eskubidea izango dute. Horretarako, egiaztatu beharko da bizikidetza-unitatearen sostengatzaile ekonomiko nagusi direnek Covid-19ren eragina pairatu dutela lan-arloan, eta justifikatu beharko da alarma-egoera indarrean izan zen garaian langabezian, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteetan, enplegu-erregulazioko espedienteetan edo jarduera-etenean izan direla (autonomoen kasuan azken hau), gutxienez 3 hilabetez (alarma-egoeraren iraupen bera edo handiagoa), eta diru-sarrerak murriztu direla familia-unitatean.

Beka osagaiak

2021-2022 ikasturterako deialdi honek, honako ikasketa maila hauetarako beka eta dirulaguntzak hartzen ditu bere baitan:

-  Batetik, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Musikako eta Dantzako oinarrizko irakaskuntzak burutzen ari diren ikasleak eskolatzeko bekak eta laguntzak.

Aipaturiko maila horietako ikasleei zuzenduriko bekek honako osagai hauetako bat edo zenbait har ditzakete beren baitan: kuota osagaia; ikasmaterialetarako osagaia; eta jantokiaren osagaia.

-  Bestetik, derrigorrezko hezkuntzaren ondoren egiten diren unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzatarako ere deitzen dira beka eta laguntzak. Hauen artean daude: Batxilergoa; Lanbide Heziketako zikloak; Arte plastikoak eta diseinua (Heziketa-zikloak); Musikako eta Dantzako irakaskuntza profesionalak; Kirol-irakaskuntzak; Hezkuntza administrazioaren titulartasuneko eskola ofizialetan egiten diren hizkuntza-irakaskuntzak.

Ikasketa maila hauetako ikasleek eskatu ahal izango dituzten bekek osagai hauek dituzte: Eskatzailearen errentari lotutako zenbateko finkoko osagaia; Eskatzaileak ikasturtean duen bizilekuari lotutako zenbateko finkoko osagaia; Oinarrizko bekaren osagaia; Errendimendu akademikoan izandako bikaintasunari lotutako zenbateko finkoko osagaia; eta Zenbateko osagarriaren osagaia.

Hezkuntza Sailak bermatzen du baldintzak betetzen dituen familia orok jasoko duela laguntza ekonomikoa. Horretarako, deialdi honen diru-kopurua (60 milioi eurokoa) handitu egin daiteke, beharrezko gertatuko balitz. Era honetan, ikasle guztiek hezkuntzarako eskubidean aukera berberak izatea eta familiaren egoera ekonomikoa zailtasun gehigarri bat ez izatea ere bermatzen da.

178.000 laguntza

Joan zen 2020-2021 ikasturtean, 116.000 ikaslek jaso zituzten unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-mailetarako bekak Euskadin, eta 178.000 laguntza eman ziren guztira (beka osagaiak aintzat hartuta).

Aurreko ikasturtean beka eskatu zuten ikasleei dagoeneko betetako eskaera-inprimakia emango zaie. Eskabideak aurkezteko epea aurreratu egin da; agindua EHAAn argitaratu eta biharamunean hasiko da eta 2021eko irailean 30ean bukatuko da. Hezkuntza Sailaren helburua da azaroaren hasieran eskaerak ebaztea eta familiek dagokien laguntza ahalik eta lasterren jaso ahal izatea.

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko