Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek aurreakordio bat lortu dute 2022-2026 aldirako ekarpenen lege berrirako

2021-07-09

Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru-aldundiek aurreakordio bat lortu dute baliabideak banatzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuak finantzatzeko foru-aldundiek 2022-2026 aldian egin beharreko ekarpenak zehazteko metodologia berritzeko. Hala, ezohiko Herri Dirubideen Euskal Kontseilua deituko da uztailaren 15erako, metodologia berria onartzeko. Aurrerago, Gobernu Kontseiluak Lege Proiektua onartu beharko du, eta Eusko Legebiltzarrera bidaliko da, honek onar dezan. Urriko Herri Dirubideen Euskal Kontseilua baino lehen Legea onartuta egoteak euskal erakundeei aukera emango lieke metodologia berria aplikatuz 2022ko ekitaldiko aurrekontuak egiteko.

 

Lortutako aurreakordioak egungo metodologiaren indarraldian erakundeek egin dituzten aldarrikapenak jasotzen ditu, eta, batez ere, Euskadiko Toki Erakundeen Legetik (ETEL) eratorritako manuak sartzeari balioa ematen dio, bereziki udal-finantzaketari buruzko kapitulu batekin.

 

Hauek dira gako nagusiak:

Koefiziente bertikala:

Koefiziente bertikala % 70,04tik % 70,81era handitu da, batez ere Eusko Jaurlaritzak azken urteotan bere gain hartu dituen eskualdatze berriak integratu direlako. Koefiziente horrek erakunde-mailen eskumen-banaketa hartzen du kontuan, eta, gainera, Gizarte Zerbitzuen Funtsari dagokion zenbatekoa banaketa bertikalaren ereduan sartzen dela islatzen du, egungo 20 m/€-tik 35 m/€-ra arte zabaltzen baita.

Koefiziente horizontalak:

Ekarpeneko koefiziente horizontalak kalkulatzeko metodologiari bere horretan eusten zaio.

 

Egokitzapenerako Funts Orokorra:

Foru Aldundi bakoitzaren bilketaren pisu erlatiboa euren koefiziente horizontalaren % 99ra iristen dela ziurtatzeko helburuari eusten zaio. Egokitzapenerako Funts Orokorraren gehieneko muga euskal erakundeen artean banatu beharreko baliabideen % 1,45eraino igotzen da, indarreko ekarpenen legeak % 1ean ezartzen duen bitartean. Egokitzapenerako Funts Orokorraren gehieneko zenbatekoa handitzeak Lurralde Historikoentzako bermeak handitzen ditu.

 

Toki-erakundeek tributu itunduetan izango duten gutxieneko partaidetza-ehunekoa:

Toki-erakundeek tributu itunduetan duten gutxieneko partaidetza-ehunekoa % 39,23koa izango da. Horrela, hiru Lurralde Historikoetako toki-erakundeek tributu itunduetan izango duten partaidetzaren ehunekoa 2/2007 Legean indarrean dagoena baino handiagoa izango da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko