qrcode

URAk higatutako erribera bat zaharberritu du Muera ibaian, Añanan

2021-07-09
  • Bioingeniaritzako teknikak erabili dira eta espezie autoktonoak landatu dira, bai erriberan, bai ondoko finka pribatuko bide-zortasuneko eremuan 
  • Tartearen ingurumen-hobekuntza lortzen da, bai eta uren jario naturalak higatutako ibaiertza finkatzea ere 

Uraren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzaren erakunde publikoak, higatutako erribera bat zaharberritu du Muera ibaiaren ezkerraldean, Añanan, bioingeniaritzako teknikak erabiliz eta tokiko espezieak landatuz, bai erriberan bertan, bai bide-zortasuneko eremuan.

Jarduketa egin den eremuaren ondoko finkaren jabearen eskaera jaso eta gero egin dira lanak. Jabeak itxitura atzeratu du, zortasun-eremutik 80 bat metrora espezie autoktonoak landatzea errazteko, eta, horrela, ibaiertza sendotzeko. Izan ere, Muera ibaiaren ezkerraldeko ibaiertzaren tartean lur-jausi bat izan zen, ur-jarioaren higadura naturalaren ondorioz, eta, ondorioz, zulo handi bat sortu zen. Gainera, ibai-tarte horrek ez zuen ibaiertzeko landaredi autoktonorik ezkerraldean.

Beraz, ibaiertza txirikorda-teknika baliatuz finkatzea erabaki da: alegia, bioingeniaritzako teknika bat da, eta  ibaiertzeko zuhaixken adar malguak gurutzatzean datza, egurrezko hesolen inguruan, hain zuzen ere. Era berean, zuhaitz- eta zuhaixka-espezie autoktonoak landatu dira alboko finkaren lur pribatuetan ere, bide-zortasuneko zerrendan.

Jarduketak bi helburu lortzen ditu: batetik, bide-tartearen egoera hobetzea, ibaiertzeko landaredia eta ibaiertzak ematen dituen zerbitzu guztiak berreskuratzeko (ibilgua itzalpetzen du; espezieentzako korridore gisa jarduten du eta habitatak konektatzen ditu; ur-goraldien emarien indarra leuntzen du); eta, bestetik, ibaiertza sendotzea eta uren etengabeko jariatzearen higadura-ahalmenari aurre egitea.

Eskala txikiko lankidetza publiko-pribatua da, eta jardunbide egokia da etorkizunean ibaiertzeko biztanleekin lankidetzan aritzeko. Zentzu horretan, URAk ibaiertzetako jabe pribatuekin hitzartze estuagoa lortzea du xede, hartara, ibaien aldamenteko ibaiertz pribatuetan ere landare-estaldura handitzen laguntzeko, eta, horrela, lurraldearen ibilguen egoera ekologikoa hobetzeko.

Proiektu honek Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF-FEDER) finantziazioa jasotzen du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak