Eusko Jaurlaritzak euskal ekonomiaren termometroaren argitalpena hilaren hasierara aurreratu du, ekainean hazkunde sendoko eremuan kokatuz

2021-07-07

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailak urrats bat gehiago eman du euskal ekonomiaren termometroa egiteko, eta uztailetik aurrera hilabete bakoitzaren hasieran kaleratuko du. Ekainean, adierazle hori 141,8 puntutan kokatu zen, hazkunde sendoko eremu batean. Joan den apiriletik, 67,2 puntu izatetik (martxoa) 138,1 puntu izatera igaro da. Ekonomia eta Ogasun Zuzendaritzak egindako termometro ekonomiko honek hilean ehun aldagai inguru konbinatzen ditu.

Ekainean, datuek berretsi egin dute euskal ekonomiaren hazkunde iraunkorra. Industriaren eta zerbitzuen adierazleek indar handia erakusten dute 2020ko balioekin alderatuta, baina espero izatekoa da hilabetez hilabete leuntzen joatea, balio moderatuagoetan kokatu arte. Bestalde, lan-merkatuko aldagai nagusiek profil positiboa erakusten dute, kontratazioak eta enpleguak gora egiten baitute, eta erregistratutako langabeziak behera.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan