Berriak Hezkuntza

Hezkuntza Sailak 50,4 milioi euro bideratuko ditu Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa Zentroen finantziaziorako, 2022-2025 aldian (Gobernu Bilera 2021-07-06)

2021-07-06

Hezkuntza Sailak 8,4 milioi euroan handitu du finantzazioa, 2018-2021 aldirekin alderatuta; %20ko hazkundea esan nahi du horrek

Munduan lehen mailan egongo diren ikerketa-zentroen aldeko apustua egiten du Euskadik, eta zentro horien ikerketak gero eta eragin handiagoa izan dezan gure ekonomian eta gizarte-sarean

Bikaintasunera bideratutako finantzaketa handitu egingo da; gutxienez, % 46,5 

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du, 2022-2025 aldian Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa Zentroei (BERC deiturikoei) dirulaguntzak emateko oinarriak arautzen dituen Agindua. Hezkuntza Sailak, lehen aldiz, 50 milioi euro baino gehiago bideratu ditu mailarik goreneko ikerketarako: 50,4 milioi euro zehazki, aurreko lau urteko deialdian baino 8,4 milioi euro gehiago (2018-2021 aldia izan zen aurrekoa). Honela, deialdi honen diru-kopurua %20 hazi da. 

Diru-laguntza hauen bidez lehen mailako ikerketa zientifikoa sustatu nahi da, Euskadin ikerketa zientifiko eta teknologikoaren kalitatea areagotzeko, batetik, eta estrategikotzat jotzen diren espezializazio zientifikoko arloetan nazioartean ezagutza lortu duten ikertzaileak erakartzeko asmoz, bestetik. Arlo horiek egiten den ikerketaren bikaintasuna eta nazioarteko eragina katalizatuko dituzte, betiere egin beharreko jarduerak Euskadiko 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean jasotako estrategiekin lerrokatuz.

 Ekimen honek harreman estua du Ikerbasque Fundazioak  Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sistematik kanpoko ikertzaileak erakartzeko egiten duen lanarekin. 

Euskadik munduan lehen mailan izango diren ikerketa-zentroen aldeko apustua egiten du, zentro horiek gure ekonomian eta gizarte-sarean gero eta eragin handiagoa izan dezaten. Horregatik, deialdi honek, aurrekoaren ildotik, bikaintasunezko ikerketan mundu mailako erreferentzia izango den zentro bat edo gehiago eratzeko berariazko finantzazioa jasotzen du, deialdiaren aurrekontuaren %10 horretara bideratuz. Ikerketa zentro hauen ezaugarria da bikaintasun-talentua erakartzeko gaitasun handia, hala nola ERC laguntzak eta Ikerbasque ikertzaileak, bai eta maila zientifiko goreneko aldizkarietan eragin handia izatea, eremu estrategikoetako nazioarteko proiektuetan parte hartzea eta munduko beste zientzialari batzuen aipamen ugari izatea ere. 

Era berean, deialdi hau Hezkuntza Sailak abiarazitako beste ekimen batzuen osagarria da, hala nola Ikur 2030 Estrategia, ibilbide luzeko ikerketa-ekimen enblematikoak sustatzen dituena. Euskadin egiturazko aldaketa bat bultzatzeko helburuz jarri da abian estrategia hau, eragin zientifiko, teknologiko, enpresarial eta soziala izango duen aldaketa, BERCak buru dituen bikaintasuneko oinarrizko ikerketatik abiatuta. 

Dirulaguntza hauek, beraz, BERCen garapenari laguntzea dute helburu, haien jarduera ez ekonomikoari finantziazioa eskainiz, proposamenen eta emaitzen ebaluazioaren bidez. Diru-laguntza jasotzen duten ikerketa zentroek, besteak beste, honako gastu hauei aurre egiteko erabili ahal izango dituzte laguntza ekonomikoak: pertsonal gastuak, ondasun inbentariagarriak eskuratu, eraiki, birgaitu, hobetu edo alokatzeko, material suntsikorren hornidurarako, edo jarduera zientifikoak antolatzeko. 

Ikerbasque Fundazioa, erakunde laguntzaile denez, dirulaguntza hauen kudeaketaz arduratuko da. Beste zenbait eginkizunen artean, zentroek aurkezturiko proposamenen ebaluazioa burutuko du, bai eta lortutako emaitzen amaierako ebaluazioa ere.  

Bikaintasuneko ikerketa-plan estrategikoa

BERCen helburua zientzia eta teknologiako ikerketa berritzailea bikaintasun zientifikoko ingurune batean sustatzea denez, deialdi honen betekizuna 2022-2025 aldirako ekintza-plan bat aurkeztea da. Deialdi honetan berritasuna da BERC zentroen nazioarteko lidergoari garrantzi handiagoa eman zaio ebaluazioan. 

Era berean, genero-berdintasunerako politika indartu egiten da, zentroaren bikaintasuna ebaluatzeko prozesuaren funtsezko elementu gisa. Sortutako ezagutza transferitzeko eta zientzia zabaltzeko politikak funtsezko ardatz izaten jarraitzen du, inola ere ahaztu gabe oinarrizkoak direla prestakuntza eta nazioarteko ospea duen talentu ikertzailea erakartzea, edo Euskadirako interes zientifiko, teknologiko, ekonomiko eta soziala duen arloetako ikerketa-agenda garatzea. 

BERC zentroen finantzaketa bi kategoriatan banatzen da: oinarrizkoa eta bikaintasunezkoa. Planteatutako helburu berrien ildotik, deialdi honetan zentroaren bikaintasunari lotutako finantzaketa gutxienez aurrekontuaren % 46,5 izango da, 6,5 puntu handituz 2018-2021eko deialdiarekin alderatuta, eta, horrela, bikaintasunari lotutako helburuen araberako finantzaketa handiagoa lortzeko bidean aurrera eginez. 

BERC. Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa Zentroak

Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa Zentroak (Basque Excellence Research Centres- BERC)  Euskadirako  interes zientifikoko eremuetan ezagutza sortzeko egiturak dira eta ikerketaren bikaintasuna dute ezaugarri. Zentro hauek Euskal Unibertsitate Sisteman eta Euskadin burutzen den ikerketa zientifiko guztian puntako izateko sortuak dira, bai eta Europako jakintzagune izan daitezen ere, mundu zabalean dauden beste zentro batzuekin loturik. 

BERC zentroak eratu eta martxan jarri ondoren, Euskadiko unibertsitateetako eta beste I+G+b zentro batzuetako ikertzaileekin elkarlanerako mekanismoak ezartzen dituzte, honela ikerketarako duten gaitasuna nahiz lehiakortasuna bultzatuz.  

Egun, honako hauek dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarean BERC kategorian –eta Hezkuntza Sailaren menpe-  aurki ditzakegun zentroak: 

-Achucarro - Basque Center for Neuroscience

-BC3 – Basque Centre for Climate Change

-BCAM – Basque Center for Applied Mathematics

-BCBL – Basque Center on Cognition, Brain and Language

-BCMATERIALS–Basque Center for Materials, Applications and Nanostructures

-DIPC- Donostia International Physics Center

-FBB -  Bizkaia Biofisika Fundazioa

-MPC – Materials Physics Center

-POLYMAT – Basque Center for Macromolecular Design and Engineering 

Gaur egun, zentro hauek 800 ikertzaile inguru dituzte lanean, BERCaren ikertzaile esklusiboak eta atxikitako langileak batuta (Euskal Unibertsitate Sistemako langileak, UPV/EHUkoak, zentroarekin ikertzaile gisa lankidetza estuan ari direnak). Zentro hauen produkzio zientifikoari dagokionez, 2020an Euskadiko BERC zentroek 1.350 artikulu publikatu zituzten aldizkari indexatuetan. Kopuru hori dagoeneko Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sistema osoaren produkzio zientifikoaren %18 da, eta zentro hauek sisteman duten gero eta pisu handiagoaren erakusle. Oro har, euskal ekoizpen zientifikoaren %80 baino gehiago BERC zentroen eta Euskal Unibertsitate Sistemaren testuinguruan egiten da. 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko