Berriak Gobernantza Publikoa eta Autogobernua
qrcode

Gobernu Kontseiluak Transferentzien Batzorde Mistoan adostutako lau eskualdatzeen dekretuak onartu ditu (Gobernu Bilera 2021-07-06)

2021-07-06

Izapide horrekin, honako hauek eskualdatzen dira: Espetxeak, Errepideko garraioa, ISSN kode bibliografikoa eta Ondarroako Itsas Barrutiko eraikina

Espetxeen transferentziak datorren urriaren 1etik aurrera izango du eragina, eta Errepideko garraioak, berriz, Estatuarekin eta Foru Aldundiekin hitzarmenak sinatzen direnean

Gobernu Kontseiluak Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoaren azken akordioa onartu du gaur. Horren bidez, Euskadiri lau gai eskualdatzen zaizkio: Espetxeak, Errepideko garraioa, ISSN nazioarteko kode bibliografikoa eta Ondarroako Itsas Barrutiko eraikina. Lau eskualdatzeak maiatzaren 10ean Bilbon egindako Batzorde Mistoan adostu ziren. 

Joan den astean Ministroen Kontseiluak lau transferentzien Errege Dekretua onartu ostean, Eusko Jaurlaritzak Batzorde Mistoaren akordioa onartu du gaur. Horrela, lau gaien eskualdaketa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) eta Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) hurrenez hurren euskal Dekretua eta Espainiako Errege Dekretua argitaratzen direnetik aurrera gauzatuko da. 

Hala ere, zehaztu behar da Espetxe arloko eginkizunen eta zerbitzuen transferentziak datorren urriaren 1etik aurrera izango duela eragina, hala erabaki baitzuten Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak eta Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko Ministerioak. 

Ildo beretik, Errepideko garraioaren gaineko giza baliabideen, aurrekontu baliabideen eta ondare baliabideen transferentzia Eusko Jaurlaritzaren, Espainiako Estatuaren eta hiru Foru Aldundien arteko hitzarmenak sinatzen direnean gauzatuko da. Edonola ere, hitzarmen horiek 2021. urte honetan zehar egin behar dira. Horrela, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko ditu oso-osorik Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan igarotzen den errepideko garraioaren antolamendua, koordinazioa, ikuskapena eta kontrola, bai eta, bertatik igaro gabe, jatorria eta helmuga Euskadin dutenak ere. Laburbilduz, bere gain hartuko ditu garraio operadorearen baimenaren kudeaketa, garraio emakidak ematea eta kudeatzea, eta lanbide gaitasuneko azterketak kudeatzea. 

ISSN kode bibliografikoaren eta Ondarroako portuan dagoen Itsas Barrutiaren eraikinaren kasuan, bi transferentziak Dekretua EHAAn eta Errege Dekretuaren BOEn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera gauzatuko dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko