Euskal Enplegu Publikoaren eredu propioa finkatuko duen lege-proiektua onartu du Gobernu Kontseiluak (Gobernu Bilera 2021-07-06)

2021-07-06

Euskal Enplegu Publikoaren lege-proiektuak euskal administrazio publikoetan lan egiten duten 100.000 langile baino gehiagoren jarduera arautzen du

Arauak enplegu publikoa ordenatzeko eta profesionalizatzeko tresnak jasotzen ditu, hala nola jarduna ebaluatzeko sistema, karrera profesionalari zuzenean lotua

Gobernu Kontseiluak Euskal Enplegu Publikoaren lege-proiektua onartu du gaur, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetan lan egiten duten 100.000 langile baino gehiagoren jarduera antolatu eta arautuko duena. Arauak garapen profesionalaren alderdi guztiak arautzen ditu, eta euskal enplegu publikoaren eredu propioa definitzen eta finkatzen du. Duela 32 urtetik indarrean dagoen Funtzio Publikoaren Legea eguneratzen du. 

Lege-proiektuaren xedea da euskal enplegu publiko osoa antolatzea, haren araubide juridikoa definitzea eta hura kudeatzeko tresnak arautzea. Hala, arlo publikoan lan egiten duten pertsonen alderdiak arautuko ditu, beren ibilbide profesionalari dagokion guztian, LEP batera aurkezten direnetik erretiroa hartu arte: Enplegu publikoaren antolamendua eta egitura; ordainsari sistemaren diseinua; enplegu publikoko organoen eta haien eskumenen erregulazioa; prestakuntza eta garapen profesionala; edo langileen karrera profesionala. 

Euskal erakunde-sarean enplegu publikoaren koordinazioan aurrera egitea da ekimenaren helburua eta, horretarako, organo berri batez hornitzen da: Enplegu Publikoa Koordinatzeko Batzordea. Foro horretan ordezkaritza duten erakundeek esperientziak partekatzeko, irizpideak bateratzeko edo enplegatu publikoentzako politika komunak sustatzeko aukera izango dute. Arauak bere aplikazio eremuan sartzen ditu, funtzionario publikoak ez ezik, euskal administrazio publikoen zerbitzuko lan-kontratuko langileak ere. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko, foru eta toki administrazioetako, EHUko administrazioko eta zerbitzuetako langileei eta euskal erakunde sareko erakunde instrumental eta aholku emaileei eragiten die. 

Lege-proiektuak euskal araudia guztiz modernizatzea ekarriko du, Euskadiko administrazio publiko guztietan lan egiten duten pertsonen errealitate berrira egokituko baita. Horrela, gaur egun oraindik indarrean dagoen eta 1989koa den araudia eguneratuko dugu. "Gure azken helburua da oinarrizko berrikuntza elementuak txertatzea, enplegu publikoa profesionalizazio maila handiko erakundea, inpartziala eta emaitzen kudeaketaz arduratsua izan dadin", adierazi du Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak, Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. 

Enplegu publikoa antolatzeko, planifikatzeko eta profesionalizatzeko tresnak biltzen dituen araua da, hala nola antolamendu planak edo jarduna ebaluatzeko sistema. Azken horrek lotura zuzena du karrera profesionalarekin, eta administrazio publikoen eraginkortasunean eta zerbitzuak ematean eragiten duen elementutzat hartzen da. Horrela, funtzionarioek aurrera egin ahal izango dute Administrazioaren barruan. Gainera, arauak Zuzendaritza Publiko Profesionalaren figura jasotzen du, prozedura publiko bidez eta merezimenduak eta gaitasunak baloratuta, zuzendaritza mailako izendapenak egin daitezen. 

Langileen etengabeko prestakuntzak hainbat alderditan duen garrantzia azpimarratzen du ekimenak, eta IVAPen lankidetza nabarmentzen du horri dagokionez. Horrez gain, eguneroko lana garatzeko konpromiso etiko bat azpimarratzen du, ez soilik kargu publikoena, baita Administrazioko langile guztiena ere. Araua genero berdintasunean, hizkuntza berdintasunean (euskara eta gaztelania) eta desgaitasun intelektuala edo mentala duten pertsonentzako hautaketa prozesu independenteak deitzeko aukeretan oinarritutako printzipioetan oinarritzen da. 

Enplegu publikorako sarbidean, lege-proiektuak hautaketa prozesuak azkar eta eraginkortasunez garatzea gaitzen eta bultzatzen duen esparrua ezartzen du. Eta hautaketa organoak profesionalizatzeko aukera jasotzen du. 

Garamendi Sailburuak azpimarratu duenez, erakundeek eta sindikatuek lan eskerga egin dute proiektua egiteko. "Aprobetxatu behar dugun lana da eta, gaur, eskerrak eman nahi dizkiet guztiei eta balioa eman". Prozesu horretan negoziazioak duen balioaren erakusgarri, adierazi du lege-proiektuak titulu esklusibo bat eskaintzen diola negoziazio kolektiboari, eta bertan arautzen dituela bere printzipio orokorrak edo negoziazio mahaiak. 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko