Elkarlan Sariak
Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika
qrcode

Abian da izena emateko epea Euskararen Jabekuntza, Kudeaketa eta Hizkuntza Praktikak XXI. Mendean Masterrean

2021-07-03

Euskararen biziberritze prozesuan sortu diren ezagutza eta metodologia berrietan trebatzeko masterra jarri du martxan UPV/EHUko Euskara Institutuak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak sustatuta. Datorren irailean hasiko da master honen bigarren edizioa eta bi urteko iraupena izango du (2021/2023). Formatu erdi-presentziala izango du eta ostiral arratsalde eta larunbat goizetan izango dira eskolak, hamabostean behin, Eibarko EHUko Ingeniaritza Eskolan. Norberak aukeratutako eremuan praktikak egiteko aukera ere izango dute ikasleek.

Euskararen jabekuntza, kudeaketa eta hizkuntza-praktikak XXI. mendean deitutako master honek helburu bikoitza du: alde batetik, euskararen esparruan lanean eta ikerketan sakondu nahiko luketen ikasleak prestatzea eta euskarari lotutako esparruetan lan egiten duten profesionalak trebatzea, eta, batez ere, profesional berriak sortzeko bidea eskaintzea.

EHUk eta Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzak antolatutako master hau aukeratzen dutenek, honako gaitasun hauek bereganatuko dituzte: hizkuntzak biziberritzeko giltzarri diren faktoreez jabetuko dira; hizkuntza-planifikazio eta ebaluaziorako dauden tresnak erabiltzen ikasiko dute; euskararen kudeaketa, kudeaketa aurreratuan txertatzen ikasiko dute; Eremu ez-formalean euskararen sustapenerako eraginkorrak diren estrategia eta esperientziak ezagutuko dituzte; enpresetako euskara planak diseinatzen ikasiko dute; bigarren hizkuntzak ikasteko eta irakasteko metodologiak ezagutuko dituzte. Laburbilduz, herri-administrazioetan, arlo sozioekonomikoan, eremu ez-formalean eta helduen ikas-irakaskuntzan euskara sustatzeko egin den bideaz eta, batez ere, azken urte hauetako berrikuntzez jabetzeko aukera izango dute: EUSKARALDIA, BIKAIN, INDEUS, EUSLAN, BIZKEUS, EUSGARA edo LANABES egitasmoak, Erreferentzia Marko Estandarra (EME) edo Helduen Euskalduntzerako Oinarrizko Curriculuma (HEOC). Unibertsitateetako irakasleez gain, arlo bakoitzeko adituak izango dituzte irakasle. Aukeran izango dute ikasleek 3 ECTSeko praktikak egitea herri-administrazioetan, eremu sozioekonomikoan, eremu ez-formalean nahiz helduen euskalduntzean.

Masterra, bestalde, moduluka dago antolatua. Ikasleek badute aukera lau moduluetako bakoitzean izena emateko: Euskararen kudeaketa eta hizkuntza-praktikak erakunde publikoetan; Euskararen praktikak eremu ez-formaletan; Hizkuntza-kudeaketa eta hizkuntza-praktikak arlo sozioekonomikoan; Euskararen jabekuntza helduaroan. Hala eginez gero, aditu tituluko irakasgaiak gainditu ondoren, aditu titulu horri dagokion agiria eskuratu ahal izango dute.

EHUko Euskara Institutuak antolatutako eta Jaurlaritzako Hizkuntzan Politikarako Sailburuordetzak sustatutako masterra irailean hasiko da, izena emateko epea zabalik dago eta informazio gehiago nahi duenak gune honetan jaso dezake:

 https://www.ehu.eus/eu/web/graduondokoak/euskararen-jabekuntza-kudeaketa-hizkuntza-praktikak-xxi-mendean-masterra

 

(*) Atxikita dituzue Josune Zabala, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendariaren adierazpenak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)