Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Jaurlaritzak abal bat eman dio Batz, Matrici eta Troquenor enpresen proiektu bati, industria sarean eta enpleguan duen eraginarengatik

2009.eko abenduak 21

Eusko Jaurlaritzak erabaki du abal bat ematea Batz S. Coop., Matrici S. Coop. eta Troquenor S.A. enpresek garaturiko proiektu bati, uste baitu eragin berezia duela gure industria-sarea eta enplegua mantentzeko. 18 hilabeteko epea biltzen du abalak eta 13,6 milioi euroko zenbatekora iristen da, Jaguar & Land Rover taldeak egindako eskaera garrantzitsu bati loturiko zirkulatzaile-premia finantzatzeko.

Dimentsio handiko trokelgintzan aritzen dira hiru enpresak, batez ere automozioaren sektorean, eta 1.100 langileri baino gehiagori ematen diete enplegua eta urtean 170 milioitik gora fakturatzen dute. Parte hartzen duten proiektua, Land Rover L538 deiturikoa, lankidetza-estrategia bati esker abiarazi da, etorkizuneko proiektuetan harreman hori sendotzeko konpromisoa biltzen duen estrategiari esker. Elkarrekin 27.361.382 euroko kontratua lortu dute, japoniar, alemaniar eta asiar konkurrentziari aurre eginez. Zenbait faktorek parte hartu dute lorpen horretan. Alde batetik, mundu osoan trokelak fabrikatzeko duen gaitasun tekniko eta giza gaitasun handia. Eta bestetik, kostu txikikoak esaten zaien herrialdeetan ez azpikontratatzeko bezeroak eginiko eskakizuna. Bezeroak, Jaguar-Land Rover taldeak, anbizio handiko plana du hurrengo bost urteetan bost ibilgailu berri merkaturatzeko. Horregatik, hiru euskal enpresak baikor ageri dira automobil-enpresak esleituko dituen bi hurrengo proiektuei begira: aurreikuspenen arabera, aurtengo abenduan eta 2010eko erdialdean.

Eskaera aurrera eramateko, Batz, Matrici eta Troquenor enpresek finantzaketa handia behar dute, eta abal bat eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, nahitaezkoa denez, abala emateko eskabideari buruzko aldeko txostena eman zuen, hau da, 18 hilabetera artekoa eta 13.680.692 euroko zenbatekoaz Jaguar-Land Rover taldeak eginiko eskaerari loturiko zirkulatzaile-premia finantzatzeko. Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu eta gerora Ogasun Sailak ontzat eman ondoren, zain geunden EBk neurria europar araudira erabat egokitzen zela noiz adieraziko, eta joan den astean bideratu zuen behar bezala gai hori Europako Batzordeak. Hori horrela, nahitaezko izapide guztiak gainditu ditu hiru enpresei emandako abalak.


Trakzio-efektua duen proiektu bat

Proiektua euskal enpresa sarean integratuta dagoela eta enpresa hornitzaileen talde zabalaren gain duen trakzio-efektua kontuan izan ditu Eusko Jaurlaritzak, baita hiru konpainien nazioartekotze-maila handia ere.

Batz, Matrici eta Troquenor enpresei emandako abala Eusko Jaurlaritzak onarturiko programaren bidez ematen den lehenengoa da, eta hiru foru-aldundiak eta hainbat finantza-erakundek ere bat egin dute programarekin. Hasiera batean, 50 milioi euroko bolumena finkatu zen 2009ko ekitaldirako, baina erakunde arteko akordioari esker, guztira 400 milioira zabalduko da 2010 urteko. Ekarpenen Legeak finkaturiko koefizientearen arabera parte hartzen du administrazio bakoitzak.

Abalen linea berria, Jaurlaritzaren Kontseiluak kasuz kasu onartzen duena, orain arteko enpresa-finantzaketari laguntzeko programetan sartzen ez ziren proiektu bereziei eta ongi egituraturiko enpresei zuzentzen zaie. Jaurlaritzak lehentasunezko lau irizpide ezarri ditu abalak lortu nahi dituzten enpresentzat:

• Hornitzaileei ordaintzeko zentzuzko akordioak: ordainketen jardunbide desegokiak hirugarren enpresetara ez eramatea eta horrek eragiten duen finantza-estutasuna eragoztea da helburua.
• Tradizioz lehiakide izan diren enpresen arteko aliantzak: merkatu berriak irekitzea da ideia.
• Berregituratu diren enpresetan enplegua hobetzea eta finkatzea eragingo duten proiektu edo kontratuak.
• Euskal industria-sarean zuzeneko trakzio-efektua duten proiektu edo kontratuak.

 

Vitoria-Gasteiz, 2009ko abenduaren 18a

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Consejero