Berriak Segurtasuna

Euskalmeten arabera ekaina mende honetako ekainik hezeena izan da Araba ekialdean eta hegoaldean eta Gipuzkoa ekialdean

2021-07-03
  • Ekaineko lehenengo hamabost egunetan eguraldi egonkorra izan zen, eta giro desatseginagoa eta hotzagoa nagusitu zen bigarren hamabostaldian, nahiz eta, orokorrean, Euskadi osoan hilabete oso hezea izan den
  • Bestalde, hilabeteko batez besteko tenperatura ohikoa baino ia gradu erdi altuagoa izan da

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, ekaina oso hezea izan da EAE osoan. Berez, Arabako Errioxan, Arabako Mendialdean, Goierrin eta Donostialdean mende honetako ekaineko prezipitazio totalaren errekorrak hautsi dira. Era berean, ekaina, orokorrean, hilabete beroa izan da, eta Euskadiko batez besteko tenperatura batez besteko normala baino 0,4 ºC altuagoa izan da.

Euskalmetek adierazi duenez, eta hil honetan erregistratutako prezipitazio-kopuruak kontuan hartuta, XXI. mendeko hirugarren ekainik euritsuena izan da aurtengoa, 2008koaren antzekoa eta 2010ekoa eta 2013koa baino lehorragoa, eta Euskadiko eremu geografiko batzuetan urte-sasoi honetan espero den prezipitazioa bikoiztu da.

Berez, mende honetako ekaineko prezipitazio totalaren errekorrak hautsi dira estazio meteorologiko batzuetan, besteak beste, Arabako Errioxan (Páganos 103,5 l/m²), Arabako Mendialdean (Navarrete 114,5 l/m²) eta Goierrin (Ordizia 127,4 l/m²), bai eta Donostialdean ere (Ereñozu 190,5 l/m²).

Era berean, ekainean bota dituen ekaitzek mende honetako intentsitate-errekorrak hautsi dituzte Euskalmeten estazio batzuetan. Horrela, Iturrieta, Estanda, San Prudentzio, Ameraun, Andoain, Cerroja, Punta Galea eta Arboledan ordubeteko prezipitazio-intentsitatearen aurreko errekorra hautsi zen. Gainera, Punta Galea, Arboleda eta La Garbeako estazioetan 10 minutuko prezipitazio-intentsitatearen aurreko errekorrak ere hautsi ziren.

Ekaineko ekaitzetan Segurtasun Sailak guztira 12 abisu hori eta alerta laranja bat aktibatu ditu, guztiak prezipitazio handiengatik. Deskarga elektrikoak detektatzeko Euskalmeten sareak guztira 14.991 tximista zenbatu ditu, gehienak Arabako lurraldean.

Tenperaturari dagokionez, ekainean zehar batez besteko tenperatura 18 ºC ingurukoa izan da kostaldean, eta Arabako Lautadan 16 ºC-tik gorakoa, 1981-2010 aldi normaleko batez bestekoa baino 0,4 ºC altuagoa. Erregistro hori mende honetako ekainik beroenetatik oso urruti dago.

Gainera, intsolazioa urte-sasoi honetan kantauri isurialdean ohikoa denaren azpitik egon da (% 20 inguru azpitik). Hala ere, isurialde mediterraneoan eguzki-orduak balio normalen inguruan ibili dira.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko