Berriak Lehendakaritza

ZTBP Euskadi 2030en abiaburuko lehen fasearen aurrerapenak onetsi ditu zientzia, teknologia eta berrikuntzarako euskal kontseiluak

2021-07-06
  • Kontseiluak oso positiboki balioetsi du Europako Batzordeak Euskadiri eman dion ‘Bikaintasun Poloa’ kalifikazioa, goi-mailako berrikuntzaren Europako eskualdeen artean kokatzen baitu

  • Hedapen-lana indartuko da balioan jartzeko helburuz bai berrikuntza baita bere ekarpena ere euskal gizartearen erronken ebazpenean

  • Erronka eta aukera berrietara egokitzeko RIS3 pilotaje-taldeek egindako ahalegina nabarmentzen da

  • Euskal Zientzia Sistematik bikaintasunaren ikerketari eta talentuari ematen ari zaien bultzada balioesten da

Iñigo Urkullu Lehendakaria izan da buru Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluan. Bileran ZTBP Euskadi 2030 berriaren abiaburuko lehen fasean izandako aurrerapen nagusiak aurkeztu dira, joan den otsailaren 23an Gobernu Kontseiluan onetsi ondoren.

Lehendakariak momentu honek duen garrantzia azpimarratu du, kontuan hartuta susperraldi sozioekonomikoaren erdi-erdian gaudela, eta trantsizio sakon baten testuinguru batean, trantsizio hirukoitzak bultzatua, teknologiko/digitalak, energetiko/ekologikoak, eta sozialak eta sanitarioak, alegia. Garrantzi handiko erronkei ari gara aurre egiten, baina aprobetxatu ahal izango ditugun aukera handiak ere ditugu aurrean.

Lehendakariak azpimarratu duenez, orain inoiz baino gehiago, lankidetzan, auzolanean, jarraitu beharra dugu, berrikuntzaren alde batera hartua dugun konpromisotik betiere. Horrela bakarrik bermatu ahal izango baitugu ekonomiaren eta gizartearen garapen inklusibo eta iraunkor bat Euskadin.

Herrialde helburua, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Plan berrian ezarria, hauxe da: bizi-maila eta enplegu-kalitatea hobetzea eta horretarako berrikuntza-politika bat ezartzea, Europako eskualde aurreratuenen artean kokatuko duena Euskadi 2030eko horizontean.

Europako Batzordeak ‘Bikaintasun Polo’ gisa sailkatu du Euskadi, eta goi-mailako teknologiaren Europako eskualdeen artean kokatzen du

Kontseiluak oso positiboki balioetsi du Europako Batzordeak Euskadiri eman dion ‘Bikaintasun Poloa’ kalifikazioa, goi-mailako berrikuntzaren Europako eskualdeen artean kokatzen baitu horrek.

Ekainaren 21ean “Regional Innovation Scoreboard 2021” argitaratu zen; txosten horrek goi-mailako berrikuntzaren Europako eskualdeen artean kokatzen du Euskadi, bere errendimendu berritzailea % 14,7 handitu baita 2014az geroztik; Estatuko batez bestekoaren oso gainetik. Txostenean jasotakoaren arabera, goi-mailako berrikuntzaren eskualdeak goi-mailako herrialdeetan egon ohi dira. Dena den, aurki daitezke “bikaintasun poloak” berrikuntza ertaineko herrialdeetan ere, eta hori da Euskadiren kasua Espainiako estatuaren barruan.

Kontseiluaren iritziz, kanpotik jasotako aintzatespen honek aurreko ZTBPn garatutako lana baliozkotzen du, eta aldi berean hasierako posizio on batean kokatzen gaitu, 2030ean berrikuntzan Europako eskualde aurreratuenen artean egoteko helburua lortzeari begira.

ZTBP Euskadi 2030en hedapen-lana indartuko da balioan jartzeko helburuz bai berrikuntza baita bere ekarpena ere euskal gizartearen erronken ebazpenean

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako komisionatu Cristina Uriartek Identitate Korporatiboaren Eskuliburu bat landuko dela jakinarazi du, baita beste material batzuk ere, ZTBP berria komunikatzeko eta hedatzeko lagungarriak izango direnak Euskadi barruan nahiz kanpoan, Eusko Jaurlaritzak berrikuntzari ematen dion garrantzi estrategikoarekin bat etorriz.

ZTBP Euskadi 2030en markaren sorburua oinarrizko hiru kontzeptutan dago: berrikuntza, zientzia eta teknologia. Eta guztiaren oinarrian, pertsonak, talentua. Irudi dinamiko bat da, konexioa eta kolaborazioa irudikatzen dituena, auzolana, alegia, eta Euskadiren lurraldea proiektatzen duena gainera. Horixe da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Plana 2030 berriaren identitatea. Siglak eta konektoreak, datozen 10 urteetan Euskadi digitalago, berdeago eta inklusiboago batera bideratuko gaituztenak. Plan berriaren lema edo claim gisa “Talentua garatuz, auzolana“ aukeratu da.

Kontseiluaren iritziz beharrezkoa da denen lankidetza Plan berrian ezarritako helburuak lortzeko, eta horregatik komunikatu eta hedatu behar da egokiro. Hortaz, ZTBP Euskadi 2030en hedapen-lana indartzea onetsi da, berrikuntza balioan jartzearren, eta bere helburuak eta euskal gizartearen erronken ebazpenean ikerketak eta berrikuntzak egiten duten ekarriaren garrantzia azpimarratuta.

ZTBP Euskadi 2030en erronka eta aukera berrietara egokitzeko RIS3 pilotaje-taldeek egindako ahalegina nabarmentzen da

Arantxa Tapia, Gotzone Sagardui, Iñaki Arriola eta Bingen Zupiria sailburuek azken hilabeteetan garatutako lana aurkeztu dute, RIS3 Pilotaje Taldeak eboluzionatzeko eta haien gobernantza hobetzeko, eta horretarako ZTBP Euskadi 2030 berriaren horizontean zabaltzen diren erronketara eta aukeretara egokitu dira.

Beste aurrerapen batzuen artean hauek aipatu dira: Industria Adimenduna estrategia berria landu da, Energibasque estrategiara Hidrogenoa gehitu da, eta Osasun Pertsonalizatua estrategia berrikusi da. Bestetik, aipatzekoak dira ere Bilbon izandako Food4Future nazioarteko ekitaldia, erronka handiko proiektu berrien aktibazioa ekoberrikuntzan, CISO30 estrategia berria hiri jasangarrien eremuan Berrikuntza bultzatzeko, eta BDCCren sorkuntza (Basque District of Culture and Creativity). Hainbat erakunde publiko eta pribatutako 250 pertsona baino gehiago, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko enpresak eta eragileak barne, ari dira parte hartzen Plan berriaren abiaburuko lehen fase honetan.

Kontseiluak nabarmendu egin du pilotaje-talde guztien ahalegina RIS3 Euskadi estrategiaren eboluziotik eratorritako erronka eta aukera berrietara egokitzeko eta haien gobernantza hobetzeko, eta animatu egin ditu datozen urteetan Planaren hedapenean laguntzera.

Euskal Zientzia Sistematik bikaintasunaren ikerketari eta talentuari ematen ari zaien bultzada balioesten da, herrialde erronketan eta Euskadiren nazioarteko posizionamenduan laguntzen baitu horrek

Hezkuntzako sailburu Jokin Bildarratzek Euskal Zientzia Sistematik bikaintasunaren ikerketan eta talentuan lortzen ari diren aurrerapenak aurkeztu ditu, gero eta gehiago ezagutzan oinarritutako euskal ekonomia baten oinarriak finkatzeko lagungarriak. ZTBP Euskadi 2030ek elementu nagusitzat hartzen du talentua, Planaren hiru oinarriei eusten baitie: bikaintasun zientifikoa, lidergo teknologiko industriala eta berrikuntza irekia.

Beste aurrerapen batzuetan, sailburuak IKUR estrategiaren onespena aurkeztu du; 100 milioi euroko inbertsioa izango du 2030era arte Eusko Jaurlaritzaren aldetik, eta litekeena da 3.200 enplegu inguru sortzen laguntzea datozen 10 urteetan. Gainera, hauek ere aurkeztu ditu: Ikerbasqueren 2021-2024 plan estrategiko berria, zeinaren inpaktua 150 milioi euroko itzulketakoa izango den aurreikuspenen arabera; ekipamendu zientifikoko programen lehenengo Mapa, bikaintasuna Euskadin ikertzeko; eta Euskadi-Akitania Berria Mugaz Gaindiko Laborategien Sarea.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluak balioetsi egin du Euskal Zientzia Sistematik bikaintasunaren ikerketari eta talentuari ematen ari zaien bultzada, herrialde erronketan eta Euskadiren nazioarteko posizionamenduan laguntzen baitu horrek.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak