Berriak Osasuna

Mallorcara egindako bidaian sortutako agerraldiari buruzko datuen eguneratzea

2021-07-02

Ikasturtearen amaieran Mallorcara bidaiatu duten pertsonen artean aurkitutako agerraldiaren inguruan, Osasun Sailak eta Osakidetzak adierazten dute orain arte, Euskadin 267 kasu positibo detektatu direla agerraldi honekin lotuta. Zehatz mehatz, baheketetan egindako 609 probetatik 118 COVID-19 kasu positibo detektatu dira. Gainerako positiboak Euskadiko Covid19ko kasu eta kontaktuen Zaintza Sareak egindako lanaren ondorioz arakatu dira Mallorcara joandako beste ikasle batzuen eta senidekoen artean. Positiboen artean Delta aldaera izateko susmagarriak diren 99 pertsona daude, guztien %37.

 Gauzak horrela, eta Mallorcan kasu positiboekin hartu-emanetan egon zitezkeen gazteak iritsiera luzatzen ari denez, Osasun Sailak eta Osakidetzak populazio-baheketarekin jarraituko dute, birusaren transmisioa eteteko. Eta, horrenbestez, Mallorcatik etorritako 16 eta 19 urte artekoei eskatzen zaie Osasun zentroan PCR bat egiteko hitzordua har dezatela.

 Horretaz gain, Osasun Sailak eta Osakidetzak Mallorcatik etorritako pertsonei eskatzen die zuhurtziaz jokatzeko interakzio sozialetan datozen egunetan, eta Zaintza eta Arreta Sareko profesionalek emandako jarraibideak eta neurri prebentiboak betetzeko.

 Herritar guztiei gogorarazten zaie, COVIDekin bateragarriak diren sintomak badituzte, hala nola sukarra, eztula, eztarriko mina, arnasa hartzeko zailtasunak edo usaimena galtzea, beren etxeetan isolatu eta beren osasun-zentrora deitzeko.

 Osasun Sailak eta Osakidetzak egoera honen bilakaeraren berri emango dute, neurri berriak hartu behar badira.

 

Gasteiz, 2021ko uztailaren 2a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan