Elkarlan Sariak
Berriak Gobernantza Publikoa eta Autogobernua
qrcode

Jaurlaritzak uko egin dio Espainiako Gobernuak enplegu publikoaren behin-behinekotasunari buruz egindako proposamenari,euskal funtzio publikoa antolatzeko duen ahalmena urratzen duelako

2021-07-01

 

  • Garamendi sailburuak ohartarazi du langileen birjartze-tasak bere horretan jarraitzen duela, eta, beraz, Estatuak arautzen duela, azken batean, plaza-kopurua, eta Euskadik ezin duela bere beharrizanei erantzun.
  • Iceta ministroaren proposamenak ez dio erantzunik ematen administrazioan bitartekotasun luzea duten langileen egoerari, eta ez du EBEB erreformatzea planteatzen finkatze-prozesuetarako

Eusko Jaurlaritzak uko egin dio enplegu publikoaren behin-behinekotasunaren eta administrazio publikoetan lan egiteko Espainiako Gobernuak egindako proposamenari. Lakuaren ustez, Estatuaren planteamenduak euskal funtzio publikoa antolatzeko duen ahalmena urratzen du. Gainera, salatu du ez dituela aintzat hartzen birjartze-tasa ezartzearen ondoriozko iraganeko egoerak, eta beharrezkotzat jotzen duela Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren (EPOE) erreforma, kontsolidazio-prozesuei buruzko atalean.

Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak Administrazio Publikoaren Konferentzia Sektorialean parte hartu du gaur eguerdian, telematikoki, Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko Ministerioaren eta Espainiako Estatuko autonomia-erkidegoen artean, dokumentu bat adosteko. Miquel Iceta ministroak EPOEren erreformari eta behin-behinekotasunari buruzko proposamena aurkeztu du, baina Garamendi Sailburuak ez du horrekin bat egin "onartezina" dela iritzita. Izan ere, Estatuak langileen birjartze-tasari eusten dio eta, azken finean, Eusko Jaurlaritzak langileak finkatzeko eskain dezakeen plaza kopurua arautzen duen tresna da. Espainiako Gobernuak ez ditu aipatzen tresna hori inposatzearen ondorioz sortu diren iraganeko egoerak.

Espainiako Gobernuak, etorkizunean, aldi baterako kontratuen gehieneko iraupena mugatzea proposatu du. Horrela, bitarteko langilea lanpostu hutsak betetzeko izendatuko da, karrerako funtzionarioek bete ezin dutenean, gehienez ere hiru urteko iraupenarekin. Eusko Jaurlaritzak ez du proposamena onartu, Estatuak "gure Administrazioko langileen hautaketa antolatu nahi duelako, ditugun benetako beharrak alde batera utzita".

Garamendiren ustez, Estatuaren proposamenak oinarrizko legedia gainditzea eta funtzio publikoko politiken arloan uniformizatzeko asmoa dakar. Ildo horretan, Icetak aurkeztutako proposamenak "bitarteko langileak noiz eta nola izenda daitezkeen ezartzen du, eta birjarpen-tasaren aplikazioa bitartekoei ere lotzen die. Ondorioz, bitarteko langileen izendapena gertatzen diren erretiroen araberakoa izango litzateke". Hori dela eta, tresna horiek kentzearen alde egin du Sailburuak, euskal administrazioek plazak eskaintzeko duten ahalmena mugatzen jarraitzen baitute. "Aurrekontuetan diruz hornitutako lanpostu huts guztiak eskaini beharko genituzke", erantzun dio Iceta ministroari gaurko bileran.

Garamendik ministroari azaldu dioenez, Ministerioak proposatutako neurriek etorkizunari erreparatzen diote, bitarteko berriei, "baina ez du konponbide erreal eta eraginkorrik planteatzen luzaz bitarteko  egoeran daudenei". Izan ere, berritze-tasetan dute jatorria. Beraz, arazoaren funtsezko zati bat mantendu egiten da eta ez da irtenbide zehatzik ematen enpleguaren finkatze aldera.

Hiru urte baino gehiago lanpostu huts publiko bat betetzen ari diren bitartekoei estaldura emateko Ministerioak jasotzen dituen konpentsazioei dagokienez, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak salatu du ez duela kontuan hartzen "Euskadiko errealitatea". Bere ustez, neurri horiekin, badirudi Espainiako Gobernuak gainetik kendu nahi duela Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak bere administrazioetan aldi baterako kontratazioaz "abusatzeagatik" jaso duen gaitzespena, "autonomia erkidegoen errealitatea kontuan hartu gabe, konpentsazio ekonomiko horiek martxan jarrita hipotekatzen baikaitu, benetako arazoa konpondu gabe".

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak argi eta garbi ezarrita dauka bere ibilbide-orria, euskal administrazioan behin-behinekotasuna eta bitartekotasun-tasak murrizteko. Hautaketa-prozesuak ahalik eta lasterren abian jartzearen alde egin du, bitarteko langile gisa lanean denbora luzea daramaten pertsonen esperientzia berariaz aitortzeko. Gaur egun Eusko Legebiltzarrean izapidetzen ari den Kidegoen eta Eskalen Legeak zeregin garrantzitsua izango luke prozesu horretan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)