Enpresei aplikatutako Adimen Artifiziala eta Banda Zabal ultra-azkarraren hedapena, SPRIren programa berriak Eraldaketa Digitala bultzatzeko

2021-07-01

 

 

Uztail hasieratik aurrera euskal enpresek bi laguntza-programa berri izango dituzte eskura trantsizio teknologiko-digitalean sartzen laguntzeko. Zehazki, uztailaren 2tik aurrera eska daitezke Adimen Artifiziala aplikatzeko laguntzak eta uztailaren 6tik aurrera, berriz, banda zabal ultra-azkarreko sarerik ez duten enpresetara halakoak zabaltzeko laguntzak.

Bi programa horiek  2,4 milioi euroko aurrekontua dute, Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Euskadiko Eraldaketa Digitala 2025 estrategiaren barruan kokatzen dira eta SPRI Taldearen bidez kudeatzen dira.

Adimen Artifiziala

Hala, SPRI Taldeak Adimen Artifizialaren aplikazioa sustatuko du euskal enpresetan, batez ere ETEetan, bi milioi euroko aurrekontua duen laguntza-programa batekin. Eskaerak egiteko epea ostiral honetan (uztailaren 2an) hasiko da eta urriaren 29an amaituko da. Ekimen honi esker teknologia honen eskaintza eta eskaera aktibatuko da Euskadin.

Laguntza-programaren helburua da Adimen Artifizialeko teknologiak ezartzeko proiektuak babestea, laguntzak banatuz zerbitzu edo/eta konponbide komertzialetan Adimen Artifiziala aplikatzeko proiektuei. Proiektu horiek frogatu beharko dute Adimen Artifizialeko algoritmoak erabiltzen dituztela Machine learning, Deep learning eta Ikusmen Artifiziala bezalako esparruetan.

Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat duen eta Adimen Artifizial Aplikatuaren arloan diruz lagun daitezkeen jarduerak garatu nahi dituen edozein pertsona fisiko nahiz enpresari zuzenduta daude Adimen Artifizial Aplikatuko programaren laguntzak.

100.000 eurorainoko itzuli beharrik gabeko laguntzak izango dira. Kontzeptu bakoitzerako dirulaguntzaren portzentajea %50ekoa izango da.

Adimen artifizialaren esparru desberdinei buruzko ezagutza berriak eskuratzeaz gain, posible izango da hardware eta software berriak erosteko kostuak finantzatzea, bai eta aholkularitza, ingeniaritza eta antzeko zerbitzuen kostuak.

Azken helburua da negozioaren produktibitatea hobetzea datuen analisi aurreratuan oinarritutako erabakiak hartuz.

Banda Zabal Ultra-azkarraren hedapena

Era berean, SPRI Taldeak banda zabal ultra-azkarreko sareak zabalduko ditu komunikazio elektronikoen operadoreek telekomunikazio-azpiegiturak jarri gabe dituzten industrialde edo eremu geografikoetako enpresetara. Laguntzek 400.000 euroko aurrekontua izango dute eta eskaerak egiteko epea zabalik egongo da astearte honetatik (uztailak 6) azaroaren 26ra arte.

Programa hau edozein tamainatako enpresei zuzentzen zaie, eta baita ere enpresa pribatuz osatutako taldeei, kontserbazioko hirigintza-erakundeei, enpresa komunitate edo elkarteei, jabe edo errentarien elkarteei, edozein dela ere euren izena (komunitatea, elkartea, kontserbazio eta mantenimenduko erakundea, e.a.), eta Euskadiko Garapen Agentziei.

Diruz lagunduko diren proiektuak dira telekomunikazio-sareak hedatzera bideratuta daudenak, baldin hedapen horren bidez enpresak posible badu gutxienez 600 Mbps simetrikoko banda zabal ultra-azkarreko zerbitzuak kontratatzea. Proiektu horiek gehienez 12 hilabeteko epean gauzatuko dira, hasten direnetik kontatzen hasita. Laguntzak orobat erabili ahal izango dira telekomunikazio-operadorearen alta-kuota bakarra ordaintzeko.

Gastu hautagarriaren %90erainoko dirulaguntzak emango dira eta laguntza-eskaera bakoitzak  30.000 euroko muga izango du.

Banda zabal ultra-azkarra ezartzen duten enpresa eta elkarteek aukera izango dute konektagarritasun eta transmisio-abiadura handiak behar dituzten teknologiak eta tresnak erabiltzeko. Horrek nabarmen hobetuko ditu datu-bolumen handiak abiadura handian transmititzea eskatzen duten jardueren itxarote-denborak.

Horrez gain, produktibitatea ere hobetuko dute aurrerapen teknologikoei eta produkzioko ekipoen arteko informazio-transmisioaren abiadurari esker.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko