Eusko Jaurlaritza eta Iberoamerikako Idazkaritza Nagusia-SEGIB elkarlanean arituko dira 2030 Agenda garatzeko
- Iñigo Urkulluk Lehendakariak eta Rebeca Grynspan idazkari nagusiak Lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute Ajuria Enean
Iñigo Urkullu lehendakariak eta Rebeca Grynspan Iberoamerikako Idazkaritza Nagusiko (SEGIB) arduradun nagusiak bilera bat egin dute gaur goizean Ajuria Enea jauregian, interes komuneko gaietan lankidetza-bide berriak jorratzeko. Bilera horretan izan dira, halaber, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorza eta Trantsizio Sozialeko eta 2030 Agendako idazkari nagusi Jonan Fernández. Ondoren, 2030 Agendaren arloko berariazko lankidetza-akordio bat sinatu da.
Eusko Jaurlaritzak eta SEGIBek 2013an sinatutako esparru-akordioaren barruan dago gaur sinatutakoa, sektore estrategikoetan harremanak sendotzeko eta aliantzak ezartzeko. Oraingo honetan, akordioaren helburua lankidetza-esparru espezifiko bat ezartzea da, bi aldeek Garapen Jasangarrirako 2030 Agendari egiten dioten ekarpenaren jarraipena eta etengabeko hobekuntza egiteko sinergiak sustatu ahal izateko.
Besteak beste, honako hauek ahalbidetuko ditu hitzarmenak: Iberoamerikan nazioarteko lankidetza-ekintzak bultzatzea; Euskadik 2030 Agendari egiten dion ekarpena etengabe garatzea eta hobetzea; adituek, teknikari espezialistek eta euskal gizarte zibileko ordezkariek SEGIBren jardueretan, proiektuetan eta programetan parte hartzea; eta informazioa eta ezagutza foro publikoetan trukatzea.
Akordioa sinatu ondoren, Rebeca Grynspan buru duen ordezkaritza Lehendakaritzaren egoitzara joan da, eta bilera bana egin du Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko eta Trantsizio Sozialeko Idazkaritza Nagusietako eta 2030 Agendako arduradunekin eta taldeekin.
EGIBeko ordezkari nagusiak Euskadira egingo duen bisitaren agenda bihar, uztailak 2, asteartera arte luzatuko da, eta bilerak egingo dira Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen, Gobernantza Publiko eta Autogobernu eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailetako arduradunekin.
Rebeca Grynspanek Euskadira egiten duen hirugarren bisita da gaurkoa. 2015eko irailean, topaketa bat izan zuen Urkullu lehendakariarekin eta Eusko Jaurlaritzako beste arduradun batzuekin – Eragile ekonomiko eta sozialez gain –, EAEko politika publikoak ezagutzeko hainbat arlotan, hala nola Lanbide Heziketan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean edo herritarren parte-hartzean.
Geroago – 2017ko martxoan –, Euskadira etorri zen Klima Aldaketari buruzko Nazioarteko Biltzarrean parte hartzera, eta Euskadi 2030 Agendaren arloan egiten ari zen lana ezagutzeko baliatu zuen aukera hori.
SEGIB
Iberoamerikako Idazkaritza Nagusia Iberoamerikako Konferentziari eta estatuburuen eta gobernuburuen goi-bilerari laguntza instituzionala eta teknikoa emateko organo iraunkorra da, eta Iberoamerikako 22 herrialdeek osatzen dute.
2003an eratu zen nazioarteko erakunde hau, eta, Enrique Iglesiasen bi agintaldiren ondoren, 2014ko apiriletik aurrera Rebeca Grynspan Costarricako ekonomialariak zuzentzen du. Grynspan, gainera, Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi laguntzailea eta Garapenerako Nazio Batuen Programaren (NBGP) administratzaile elkartua izan da.
Aurtengo otsailean Argentinako Kontseilu Ekonomiko eta Sozialeko nazioarteko adituen taldeko kide izendatu zuen herrialde horretako presidenteak, eta oraintsuago -joan den ekainean- Nazio Batuen Merkataritza eta Garapenari buruzko Konferentziako (UNCTAD) idazkari nagusi berria izendatu du NBEko idazkari nagusiak.