Eusko Jaurlaritza Euskadin delituen biktima diren adingabeei arreta integrala emateko Barnahus programa pilotuaren ezarpena prestatzen ari da

2021-06-30
  • Ume eta nerabeei arreta emateko espazio segurua da; horretarako, auzitegiak eta babes-sistemak koordinatzen dira, zentroetara mugitzeko beharrik gabe
  • Justizia Zuzendaritzak UPV/EHUren ‘Memoria de testigos y Sistema Legal’ udako ikastaroa zuzentzen du, biktima eta lekukoen lekukotzak batzeko prozedurei buruzkoa
  • Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak iragarri du espero duela programa Save the Children-ekin batera probatzea, 2022an

Donostia 2021/06/29

Eusko Jaurlaritza Euskadin delituen biktima diren adingabeei arreta emateko eredu berria ezartzeko lanean ari da; eredu horren bidez, espazio berean kasuan esku hartzen duten sail guztiak batu nahi dira, bai judizialak bai soziosanitarioak. Hala, adingabe kaltetuek bizi izan dutenaren lekukotza zehatza eta osoa eman ahalko dute, komisarietatik eta ospitaleetatik urrun. Programaren izena Barnahus da, eta Eusko Jaurlaritza Save the Childrenekin batera ari da koordinatzen.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, gaur, bere Sailaren Justizia Zuzendaritzak zuzentzen duen UPV/EHUren Memoria de testigos y Sistema legal udako ikastaroaren inaugurazio-ekitaldian izan da; ikastaroa Donostiako Miramar Jauregian izango da, gaurtik hasita ostiralera arte. Ikastaroaren bidez, estandar legal eta tekniko-profesionalen bateratzean egin nahi da aurrera, bai eta lekukotzak hartzean eta baloratzean adituen esku-hartzea hobetuko duten jardunbide egokietan ere. Hori horrela, adingabeekin eta desgaitasunen bat duten pertsonekin zerikusia duten kasuetan sakonduko da.

“Ume eta nerabeei arreta emateko espazio segurua sortzen saiatzen gara, ebaluazio bat egin ahal izateko eta, hala, ondorio traumatikoak gutxitzeko eta ebidentzia fisiko eta psikologikoak eskuratzeko aukera areagotzeko espazioa”, esan du sailburuak, irekiera-hitzaldian.

Beatriz Artolazabalek esan du bere Sailak espero duela programa pilotua “2022rako” prest izatea, eta hiru lurralde historikoetako batean ezarriko dela, baina oraindik ez dutela zehaztu zeinetan.

Era berean, Barnahusen balioa nabarmendu du; izan ere, “berriro biktimizatzeko iturriak murrizten dira, eta, lekukotza segurtasuneko eta lasaitasuneko baldintzetan jasotzeko bermeak eskaintzean, areagotu egiten dira berez egiaztatzeko konplexuak diren gertakarien ikerketa behar bezala amaitzeko aukerak”.

Hasiera batean, programa hau sexu-indarkeriaren biktimentzat dago pentsatuta, baina, azaldu duen bezala, “etorkizunean beste indarkeria mota bateko biktimentzat dago zabalik”.

Artolazabalek aitortu du Barnahus abian jartzeak programaren eta talde psikosozialaren arteko “lankidetza estua”n eginiko lana eskatuko duela, “zehazteko zein adingabe izango diren miaketarako elkarrizketa zabalen helburu, eta noiz eta nola egin auzitegi-elkarrizketarako trantsizioa”.

Programa pilotuak “Psikologiako eta Gizarte Laneko profesionalek eratzen duten giza taldea” izango du, haur eta gazteen biktimizazioan espezializatuta dagoen eta zigor-prozesuari, biktimaren estatutuari eta gizarte-lanari buruzko prestakuntza berezia duen taldea.

Nazioarteko espezialistak

Hiru jardunalditan, espezialistek biktimen memoriaz jardungo dute. Zehazki, Barnahus dela eta, ikastaroan Kataluniako Haur eta Nerabeei Arreta Emateko zuzendari nagusiak parte hartuko du, Ester Cabanes-ek, eta oraintsu bere erkidegoan ezarri den arreta-ereduarekin Kataluniak duen esperientziari buruz hitz egingo du.

Era berean, Benediktsdóttir fiskal islandiarraren eta Juan Mateo Ayala magistratuaren parte-hartzea nabarmendu du; biek ekarriko dute ikuspegi juridikoagoa.

Bestalde, Nash irakasleak oroitzapen faltsuei eta sugestio-inpaktuari buruz hitz egingo du. Peixoto irakasleak adingabeen adierazpenean bigarren mailako biktimizazioaren prebentzioari buruz hitz egingo du.

Manzanero irakasleak eta Jose Manuel Muñoz eta Laura González psikologo forentseek lekukoen memoriari buruzko ikerketan izan diren oraintsuko garapenak aztertuko dituzte.

Azkenik, Euskadiko talde psikosozial judizialen koordinatzaileak, Fernando Álvarezek, haurren eta adimen-desgaitasuna duten pertsonen lekukotza nola hartzen duten eta haren balorazio psikologikoa nola egiten duten azalduko du. Álvarez ikastaroko zuzendarikidea da, Eugenio Artetxe Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Justiziako zuzendariarekin batera.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak