Elkarlan Sariak
Berriak
qrcode

Emakunderen Begira sareak komunikabideentzako gida bat prestatu du, emakumeen aurkako sexu-indarkeria kasuak komunikatzeko moduari buruz

2021-06-30

Gaur goizean, "Berdintasunezko komunikazio baterako baliabideak eta esperientziak" jardunaldia egin da online, Emakunderen komunikazio eta publizitate ez-sexistarako Begira Sarearen jardueren barruan. Bertan, emakumeen aurkako indarkerian aditua den Norma Vazquezek, psikologoa eta Sortzen-eko zuzendaria denak, "Emakumeen aurkako sexu-indarkeria nola komunikatu" gida aurkeztu du.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak adierazi duenez, gidaren helburua da "komunikabideek kontuan hartzea sexu-indarkeriari buruzko informazioek emakumeengan eta, oro har, gizartean duten eragina, eta aurreiritziak eta estereotipoak detektatzea informazio askotan, horiek saihesteko". Gogorarazi du sareak azken hiru urteak daramatzala emakumeen aurkako indarkeriaren gaian arreta jartzen komunikabideetan eta publizitatean: "Publizitatearen kasuan, publizitateak emakumeen aurkako indarkeriaren jatorrian dauden rolen eta estereotipoen sorreran duen eragina aztertu da; eta komunikabideen kasuan, azken urte honetan, sexu-indarkeria kasuetako informazio-tratamendua eta tratamendu hori genero-ikuspegiarekin nola egin behar den landu da". Landaidak komunikabideen lanaren garrantzia azpimarratu du: "Balioen aldaketa lortzeko funtsezko eragileak zarete. Eragin handia duzue gizartean eta, beraz, zuen erantzukizuna garrantzitsua da ".

150 pertsona baino gehiagok parte hartu dute gaurko jardunaldian. Bertan, Norma Vazquezek "hausnarketarako tresna" gisa deskribatu du gida, eta gertaerak beste ikuspegi batetik konta daitezkeela azpimarratu du, sexu-indarkeriaren errealitatea eta informazio horiek emakumeengan duten eragina kontuan hartuta. Izan ere, nabarmendu duenez, "azken urteotan, #MeToo bezalako mugimenduak agertu zirenetik, inoiz baino argiago ikusi da biktimek luzaroan bizi izan duten isiltasuna; erruduntasuna eta lotsa bizi izan dituzte", eta hori kontuan hartu behar da, Vazquezen arabera, horrelako informazioen tratamenduari ekiteko orduan, Baita muturreko indarkeria sexuala jasan gabe, “emakume guztiek jasaten dutela indarkeria sexuala”. Adierazi duenez, "gertaerek beti dute narratiba bat, eta, beraz, gidak abiapuntutzat hartzen du  sexu-indarkeriari buruz dugun ikuspegiak fokua alde batean edo bestean jartzera garamatzala. Gida Emakunderen webgunean dago eskuragarri

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)