Lehendakariordeak eta Lanbideko zuzendaritzak tokiko bulegoetako arduradunekin kontrastatu dute Diru-sarrerak Bermatzeko Legea izango dena

2021-06-30

Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburu Idoia Mendia eta Lanbideko zuzendaritza Gipuzkoako tokiko bulegoetako arduradunekin bildu dira gaur, eta Diru-sarrerak Bermatzeko etorkizuneko Legea kontrastatu dute haiekin. Lege honek, Lanbideren estatutuen aldaketarekin batera, eragin zuzena izango du bulegoen funtzionamenduan.

Azken asteetan gizarte-eragileekin eta hirugarren sektoreko erakundeekin egin duen bezala, Mendiak zuzenean helarazi nahi izan dizkie Lanbideren Gipuzkoako tokiko bulegoetako arduradunei Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren lege-aurreproiektuaren xehetasunak, Eusko Jaurlaritzak berau onartu aurretik. Mendiarekin batera izan dira Alfonso Gurpegui Enplegu eta Gizarteratzeko sailburuordea eta Gloria Múgica Lanbideko zuzendari nagusia. Lehendakariordearen ustez, lege-aurreproiektu honen garrantzia kontuan izanik, "ezinbestekoa" da hartu-eman horiek izatea.

Bilera horretan, aurreproiektuaren eta Lanbideren Estatutuetan onartutako aldaketen neurri nagusiak zehaztu dira. Neurri horiek Prestazioen eta Inklusioaren Zuzendaritza sortzea ekarriko dute, eta zuzendaritza hori arduratuko da DBE eta EPO eskaerak ebazteaz eta prestazio horien onuradunen jarraipena egiteaz; halaber, transferitu daitezkeen beste eskaera batzuen ardura ere izan dezake zuzendaritza horrek, hala nola, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrerarena. Honek guztiak, LANBIDEn egiten ari diren digitalizazio-prozesuarekin batera, eragin zuzena izango dute tokiko bulegoetan, arlo horretan duten lan-karga arintzeko aukera emango baitie. Era berean, aldaketa horiekin guztiekin tokiko bulegoek izango duten zereginari buruz ere hitz egin dute.

Gipuzkoako tokiko bulegoetako arduradunekin ez ezik, lehendakariordeak datozen egunetan Bizkaiko eta Arabako tokiko bulegoetako arduradunekin ere biltzeko hitzordua egina du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak